Uda, festibalak, bestak, oporrak, aro ederra, mendia hondartza… Baina lanik gabe denarentzat zaila. Mendi edo hondartzan bederen merke goza daiteke. Beharrik natura hor dugu!
Baina eta lana duenak eta bere azken 30 urteetako lan baldintza gogorki eskuratuak galtzeko arriskuan dela ikusten duenak, nola egiten dio aurre uda garai honi? Izan ere espainiar Estatuan, eta beraz Euskal Herriko hegoalde osoan, langile parrasta bat horretan da. Ehun-milaka langileren hitzarmen kolektiboak berriz negoziatzeko unea jina da -4 urtero gertatzen den gisan- baina oraingoan krisia dela medio, aitzakia, edo estakurua, den-dena galtzeko arrisku bizian dira. Enpresa, lurralde edo lan-adar mailako negoziazioak gogor dira eta xehetasunetan sartu gabe, ordulariaren aurka jokatu beharrak ez du laguntzen. Gaia hurbiletik segitzeak merezi du eta harrigarria da nola hedabideek hemen ez duten ia deus aipatzen.
Alta, aldi berean, eta hastapeneko gaira itzuliz, festibalak hor ditugu bai. Bat izan da duela guti Bilbon, erraldoia. Baina harrigarriena ez da musika izan, baizik eta festibalaren eta honen usaiako kanpalekua den eremua, Kobetamendi nola gelditu den ondotik. Baziren ehunka oihal-etxe, lo-zaku, jantzi, edari botila, janari… Batzuek bildu gabeko hondakin utziak (larria jadanik), baina beste anitz, anitz arras erabilgarriak oraino!!! Bertara hurbildu den auzoetako jendearentzat interesgarria bistan dena, baitzen bertan janzteko eta jateko parada, edo mendirako lo-zaku eta oihal-etxeak berreskuratzekoa! Pisu gehiegirik ez eramateko itzulian, festibalariek hor berean utziak zituzten denak, besterik gabe. Baina nola liteke?
Gizarte beraz mintzo gara bai: alde batetik langileen bizi eta lan-baldintzak gero eta zailago eta arriskuan; bestaldetik, kontsumismo basan sartuak diren musika eta festa jaleak (nolabait definitzeko). Baliatu eta bota. Janaria, jantziak, puskak edota jendeak ere bai: bai lantegietako botagarri bilakatuak diren langileez mintzo garelarik, edo bai festetan emazte baten bularrak ikusi eta hori ere besterik gabe eskupean den kontsumigarri bat dela pentsatzen dutenez ere, Iruñeko besten kasuan gertatu den gisan.
Nola da posible? Mundu paraleloetan bizi ote gara, ondokoari gertatzen zaiona ez baita ikusten ere? Ala norberari gertatuz ere zailtasunean egotea, begiak etsi eta ezjakinarena egitea nahiago, “gero gerokoak” erranez?
Iduri luke festetan gertatzen direnak, gizartean orokorki gertatzen denaren isla ere badirela. Pentsa ezazue beraz besta egiteko zuen manera zein den; ongi pasa, baina ez pasa (besteak zion gisan). Elkartasuna beste(e)tatik hasten dela ere erran daiteke, hor ez bada, non beraz?