Zein aterabide izan dezake Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkak, bi alderdiek gisa hortan elikatzen duteno? Epe laburrean perspektiba politiko gutti, bainan, federalismoaren bidez edo, nolabaiteko aterabidea etortzen balin bada, Oriol Junqueras bezalako norbaiten ganik etorriko da.
Aktualitate politikoak ere mende huntako eguneroko bizitza bezala abiadura haundiz ibiltzerat behartua dela emaiten du, bederen Katalunian. Molde aski exponenzialean ikusten ari gira azken aste eta hilabeteetan. Puigdemont jaunak hala beharrez eta puntaren puntan bere esku makil izanen den Quim Torra ezarri du poderean Bartzelonan. Aspaldiko garaietan bezala, Erromako enperadore baten moldean egin du, nehork guttik zerbait protestatu gabe gainera. Ainitzek agian erran ginezake: hau guzia hortarako? Sei hilabete baino gehiago, hainbat proklamazio, atxilotze eta deslurreratze hastapeneko pundu berdinerat heltzeko? Zer nolako estrategiari obeditzen dio hunek guziak?
Elgarrizketa da bidea
Katalunia burujabe edota independente baten aldeko postulatutik hartuta ere gauzak, inpresioa dut nolabaiteko deriba edota noraez batean kontsumitzen ari dela hau guzia. Agian ongi markatutako estrategia politiko bat baino arras epe laburreko edo egunean eguneko taktika bat izan dela eta izaiten segitzen duela hunek guziak. Frogatzerik bazen ere oraindik Espainia-Katalunia konfliktoa ez zela kolpeka eta muturrekoka konponduko baizik eta elkarrizketa, negoziazioa eta akordioen bidez, orain behintzat egina da. Orain arteko eskemetan segituz inpresioa dut nolabaiteko suizidiorat daramala bai Katalunia baita Espainia ere, azken hunek hau guzia uste ez badu ere.
Berriz erran eta ere, Espainiak ez du epe ertainerat bere konstituzioaren birmoldatzearen ekonomia eginen. Hortarik pasatu beharko du, behintzat Kataluniaren eta Euskal Herriaren “arrazoa” konpontzekotan. Federalismo dosia edota plurinazio konzeptua nahi ala ez hasi beharko sakontzen bere erabaki guneetan, Moncloatik hasita, legebiltzarretik eta senatutik pasata. Bainan hortarako agian, beharko dute batzuk orain arteko zurrunbilo horri Stop erran. Iduritzen zait, agian asumitzen dutan ahulezia batekin Stop erraite hori espektro politikoan ezkerrean direnen aldetik etorri beharra dela. Horietariko bat agian, gauregun kartzelan usteltzen ari den Oriol Junqueras izan daitekela. Segur nago ez dela batere asebeterik iragaiten ari denarekin. Fede oneko hainbat ezkerreko independentista edota ezkerreko “konstituzionalista” ere pozik ote daude jasaiten ari diren egoera kaxkar hunekin? Ez zait iduritzen, bainan, oro har, ixilik daude, autosentsuraturik bezala. Alta paradoxala bada ere, Kataluniako jendarteak, oso heldua eta modernoaren irudia dauka.
Bainan ez pentsa anartean Espainia bide segur eta onetik ibiltzen ari dela. Hau ere betiko bere usaia txarrekin badabil, hinki hanka. Bizirauteko etengabeko konfrontazioa behar du eta beraz Kataluniarekin elikatzen ari da, bertan gainera bidelagun paregabeak kausituz. Oraindik uste hutsean daude arazo politikoak soilik konpontzen direla polizia kolpeekin, exilioekin eta 155 artikuluaren aplikapenarekin.
Espainiaren estrategia harroputza
Posizio arduragabeko horiekin elikatzen dute Espainia eta Kataluniaren arteko krispazioa alde batetik, bainan nazioarte mailako nolabaiteko kredibilitate demokratiko bat ere xahutuz. Azken asteetan Eskozia, Belgika, Alemania eta Suizatik hartutako erabaki judizialek ere ikusmin eta nekezia zerbaitetan jarri dute Espainiaren harroputz estrategia hori. “Preso politiko” definizioak ere agian bestelako begirada bat dauka nazioartean, diputatu, minixtro edota hautetsiak kartzelaratuz, alta sekula bortizkeriarik edo borroka armaturik erabili gabe.
Oriol Junqueras bezalako politiko bat kartzelan atxikitzea, injustizia hutsa izaiteaz gain, hankasartze izugarria da, jakin badakigularik zer nolako interlokutore lana egiteko gai litaiken independentista eta españolisten artean, bereziki ezkerreko ikuspegi batetik.
Fede oneko hainbat ezkerreko independentista
edota ezkerreko “konstituzionalista” ere
pozik ote daude jasaiten ari diren egoera kaxkar hunekin?
Ez zait iduritzen, bainan, ixilik daude,
autosentsuraturik bezala
Anartean, Rajoy bere eskuinetik presionatua sentitzen da Ciudadanos alderdiaren aburu inkestetako gorakadarekin. Mementu berdinean populista hutsa den Albert Rivera mesiano batentzat hartzen ari da bere burua, pentsatuz Moncloa ez dela hain urrun.
PSOEko Pedro Sanchez aldiz negargarria eta ahalgegarria bilakatzen ari da, ez bazen jada egina. Eskema arrunt beltzatzeko, Podemos zatikaturik dago, prentsak Pablo Iglesiasen 600.000 euroko egoitzaren argazkiak plazaratzen dituen artean.
Oro har beraz perspektiba politiko baikor gutti Kataluniarentzat, behintzat epe laburrean. Orohar perspektiba politiko ilusionagarri gutti eta atekagaitz sobera ere aurrerakoi eta ezkerreko sentitzen giren beste ainitzentzat, behintzat Espainia/ Katalunia soka tira hortan.