Jakes LAFITTE, Injeniaria, 2013ko maiatzaren 16ak.
Nikaraguako Managuaren erdigunenan monumento harrigarri eta ohargarri bat ikusten da, zeinean armak betonezko horma batean finkaturik baitaude. Sandinista eta anti sandinisten arteko egindako bakea ikurtzen du pareta horrek, hamar urteko gerla zibil baten ondotik. Orain alde bakoitzeko borrokalari eta pentsalari guztiak, politikan jarraitzen duten heinean, legalizaturik dauden alderdietan ari dira, herriaren buruzagitza hauteskunde argi eta demokratikoen ondotik bereganatuaz. Belaundi asko Somozarren diktaturapean egona zen herri batentzat benetan ohoragarri dena.
Naski hango liskarraren jatorria ez zetzan nazio askapenarako mugimendu batean, baizik-eta herri berekoen arteko klase borroka batean; Nikaraguako zati batek ez zuen Estatutik banandu nahi, ez dakigun etorkizun batean Miskito Indioen arazoa gerta daitekeen arren.
Borroka armatuak urte asko iraun ondoren, bakearen eratzeko alderdi bakoitzak matxinoek denen aurrean armen eman ditzatela nahi dute boterean dauden buruzagiek, liskarraran sustraia bedi klase borrokakoa, bedi nazio askapen gudukakoa. Bainan Nikaraguan bezalako ekintzak, txalogarriak izan arren, guztiz sinbolikoak dira, nihork arma guztiak iraultzaile ohiek eman dituztenik ez dakielakoan. Hain zuzen ere mugimendu iraultzaile batek guduaren hasieran, edozein denboralditan zein bukaeran zenbat arma dituen ez daki nihork.
Euskal Herriaren arazoan ETAk arma guztiak eman ditzan nahi lukete Frantzia eta Madrilgo agintariek, hiru azken urteetan atentaturik ez gertatu arren eta 2011ko azaroan ofizialki erakunde armatuak betirako suetena aldarrikatu zuen arren. ETAren kasuan armen ofizialki ematea, Nikaraguan ekintza berak ukan zuen sinbolismoa eta zentzua guztiz desberdin lirateke, arestian esan bezala nazio arazorik ez dagoelako, eta hango klase politikoak egiazki bakea nahi zuelako. Frantzian eta Espainian, ez daude hortan politikariak: atxiloketak jarraitzen dute; Hegoaldean autonomi gehiago emateko urratsik ez da egiten (Ibarretxe Planaren abiatzea, adibidez, ekintza baikorra litzateke); autodeterminazio alderantz aurrerapenik ez da nabaritzen; presoen amnisti orokorra eta hurbilketak egiteko borondaterik ez; Iparraldean Euskal Departamenturako bideak gobernu sozialista oztopatzen ari da. Ondorioz, irtenbide baketsu batez mintzatzeko gobernu bien borondatea oso eskasa da. Gobernuak armen emateari buruz mintzatzen direlarik, Nikaraguan dagoen sinbolismotik oso urrun gaude beraz. Aski da ikustea ostatu batean edo besta batean presoen argazkiak aurkeztea terrorismoaren apoligitzat jotzea; presoen aipatzea hobena bazaie, ETAren gomuta gordetzea okerrago joko dute.
Bidasoaren alde bietako politikariek onhartu beharko dute, ETAk berrrogoi ta hamar urte borrokan izan bada, funtsean euskal arazo bat askoz lehenagotik izan dela eta orain badelako dala, nahiz ta erakunde armatuaren ekintza batzuk eztabadagarri izan ziren. Orain ezkerraldeko alderdi abertzale gehiago legeztatu ondoren, beraiek indarrik hartu behar dute bakerako hildoan sartzeko. Haatik azken egun hauetako ekintza batzuk ez digute frogatzen Espaniako gobernuak benetako bakea nahi duenik: BILDU eta SORTU alderdi berriak legetik at jartzeko eskatzen du AVT erakundeak; preso politikorik ez dagoela baiezten dute alderdi espaniolistek; giza kate baketsuak babestua izan arren Urza Alkorta atxilotu du ertzaintzak.Ez, finean Parisek eta Madrilek armak finkaturik dauden paretarik ez dute oraindik nahi.