Luhosoko ekimenak perspektiba berriak ideki ditu ETAren armagabetzea eta Euskal Herriko bake prozesuaren garapenari begira. Armagabetzean eta gatazkaren konponbide orokorrean inplikatu dadin frantses gobernuari luzatu zaizkion eskaerak, eta bereziki Ipar Euskal Herriko 600 hautetsi baino gehiagok zuzendutakoa, erantzunik gabe gelditu dira orain arte. Testuinguru honetan, apirilaren 8an iraganen den armagabetzearen eguna deitua izan da. Egun honen bukaeran, ETA osoki armagabetua den erakundea bilakatuko da.
Guk, Euskal Herriko hainbat hautetsik eta jendarte zibileko eragileek nazioarteko adituek egiazturiko ETAren armagabetze prozesu ordenatu batean frantses gobernuaren parte-hartzea opzio hoberena dela pentsatzen jarraitzen dugu. Eta gisa hortako prozesua bat ondoko egunetan gauzatu daitekeela oraindik espero dugu. Baina, bake prozesuaren geldiune baten arriskuaren aitzinean, bakoitzak bere ardurak hartu behar dituela pentsatzen dugu, prozesu hori bururaino joan dadin, eta Euskal Herrian bake zuzen eta iraunkor bat finkatu dadin.
– Konbentzimendu osoa baitugu armagabetze osoa euskal gatazka behin betiko konpontzeko, eta bortizkeria egoera batera ez itzultzeko baldintza saihestezina dela.
– Ezinbestekotzat jotzen ditugulako biktima guzien aitortza, horrek eskatzen dituen erreparazio guziekin, eta presoen auziaren behin-betirako konponbidea Baionako Adierazpenak zehazten dituen moduen araberan.
– Atera behar baita egoera zentzugabe honetatik, zeinean, alde batetik ETAk erakunde armagabetua bilakatu nahi duen lehen bai lehen, eta bestetik, bi Estatuek pausu hori eman dadin ukatzen duten,
– Aieteko bake konferentziaz geroztik eta borroka armatuaren bukaeraz geroztik kasik 6 urte iragan direlarik, prozesuaren geldiuneak asmatu nahi ez ditugun ondorioak ekar baititzake,
Arrazoin guzi horiengatik, Euskal Herriko bakearen artisauak bilakatzea, eta apirilaren 8ko larunbatean iraganen den desarmearen egunari deitzea erabakitzen dugu gaur.
Egun horretan parte-hartuko dugu, eta bake zuzen eta iraunkor baten arrangura duten herritar guziak gurekin bat egitera gomitatzen ditugu.
Apirilaren 8ko larunbatean, bakearen aldeko artisauak milaka izanen gara, Euskal Herrian bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratiko bat eraiki dadin !
Gaurdanik laguntzaile kopuru haundiena bilatzen dugu, jadanik historikoa den egun horren antolaketan eta ongi iragaitean parte hartzeko ! Klika jarraian bakegile bilakatzeko molde ezberdinen ezagutzeko : Laguntzaileei deia edo informazio orokorrak.