Herri urrats-en 30. urtebetetzearen karietarat, Paxkal Indok, Seaska, ikastolen federazioko lehendakariak, hainbat pertsonalitateren aintzinean hitza hartu du. Ikastolek murgiltze ereduaz euskara biziarazteko eramaiten duten lanaren alde ari direner eskerrak emanak izan dira. Eta lan horren alde arizan behar direner engaiamenduen hartzeko eta betetzeko gomitak luzatuak izan ere.
Herri Urratsen 30. edizioa ; 30 urte, fite errana da.
“Baina maleruski ez dugu gauz handirik ospatzeko. 30 urte berantago euskara gainbehera doa oraino Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan. Euskarak ez du ofizialtasunik, ez eta inolako ezagupenik ere gaur egun gure lurraldea bezala. Administrazioa ez da euskaraz mintzatzen, hedabide publikoetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da, familia transmisioa ez da berriz abiatu, eta plazetan ez da euskararik entzuten.
Ikastolak garatu dira, hori bai. Orain dela 30 urte Herri Urratsen lehen edizioa egin zelarik 700 bat ikasle ziren Seaskan eta dozena bat ikastola. Egun 3 000 ikaslez goiti dugu eta heldu den sartzean, 31 ikastola, Beskoitzen idekiko den ikastola berriarekin. 31… eskutik, eskura, belaunaldi ezberdinen borondatea eta izerdiari esker. 1969an edo 1983an bezala, gure geroa gure eskutan hartzen dugu, murgiltze eredua baita bide bakarra gaurko haurrak biharko euskaldunak izan daitezen.
Patxi Lopezen gezurrekin, Suprefetaren oztopoekin, Seaska eta ikastolak kenka larrian dira, orain 30 urte bezala. Baina ikastolek iraun eta iraunen badute, Euskal Herri osoko herritarrei esker izan da ! eta izanen da oraindik. Estatuarenganik traba besterik ez dugu eskuratzen. Estatuengandik ! Urquijo jauna gutaz asolatzea ausartzen baita ere… Orain Bi prefeta ditugu ! kantuak justuki diolarik “batto bainuke aski”… Traba Hendaian ikastola berria egiteko, traba beharrezkoak ditugun erakasle postu guziak lortzeko, 2 Urteko haurrak behar den bezala eskolatzeko… Eta ez dezatela erran ez dela nihun egiten leku sensibleetan egiten baita ! euskararen egoeraz ez da gai sensible bat ? eta ikastola berriak… Ziburu ta Beskoitzeko postuak gure gain egonen dira… Anexak direlakoan eta legez postu osoak eskaintzen ahal direlarik… traba euskalgintzari zuzendutako sosak murrizterakoan. Traba frantses estatu kontseiluak berriz ere eurokarta antikonstituzionala dela errepikatzen duelarik… Orain 30 urte bezala, Frantziar estatuaren hizkuntza politikak euskararen heriotzera garamatza.
Horregatik, heldu den asteazkenean Parisen dugu hitzordua. Unescoren egoitzaren aitzinean eginen dugu elgarretaratzea, Katalan, Okzitano, Alsaziar, Bretoin Kortsikar eta bertzekin batera, nazioarteari asilo kulturala galdegiteko, gure hizkuntzak hiltzen ari den Frantziar Estatuaren aitzinean babesa galdegiteko.
Lehen abisu bat izanen da ! Holande presidentearen ele ederrak entzun ditugu. Eurokartaren berrespena hitzemanez. Lehen aldikotz hor zaituztegu denak, senatari eta diputatu, lege egile… Lege bat behar dugu ! Eskola lege berrian, Peillon legean aitzinamenduak behar ditugu ! eta hor gaituzue beharrez berriz ere lanean hartzeko. Zuen sinesgarritasuna da jokoan hemen !
Joan den urteko mintzaldian azpimarratu nuen lan inportanta eraman genuela Garapen Kontseiluan Ipar Euskal Herriaren instituzionalizaziori buruz jendarte zibilak aitzina hartuz jendarte politikoari. Eta hautetsiei eskua luzatu genizuen gai horretan itsasontzia porturaino eraman zenezaten. Egun poztekoa da eragile sozial orok lurralde kolektibitatea sustengatzen duela jakitea. Hautetsi guztiek sustengatzen dutela jakitea.
Alsaziarrek aukera bat ukan dute beren antolaketa instituzionalari buruz erabakitzeko, baina erreferendumaren aukera galdu dute. Guk aldiz, oraingoz ez dugu erreferendumerako aukerarik ukanen, beraz ekainaren 1eko manifestaldia baliatu behar dugu herri honen xedea argi eta garbi adierazteko. Ekainaren 1eko manifa da gure erreferenduma.
Beraz lotu borrokari, ekin lanari !” (…)
Bere hitzaldia aintzin, Paxkal Indok egin zonbait sar hitz eta aurkezpen
“(…)Milesker Alain BOSCQ, Herri Urratseko lehendakaria ; Eta nola ez Christine, Senpereko Herriko auzapeza, 30 urte pasatu ditugu hemen… Eta bertze ainitz hain segur!
Hautetsieri eta nere inguruan direneri hitza eman aintzin, nahi nuke hemen deitu azken urteetan bezala, murgiltze ereduan Frantses Estatuan lanean ari diren gure lagunak. Aurten Ipar Kataluniako ordezkaritza dugu gure artean. Ongi etorri Eva Bertrana, eta Kataluniarrez dazkidan hitz bakarrak eskainiz, visca Catalunya lliure.
Aste honetan berean jakin dugu Galizian ere murgiltze eredua abiatzekotan direla eta pozten gara, Espainol Estatuak gure hizkuntzen kontra abiatu duen gurutzada geldiarazteko harresi bat gehiago izanen delako. Aragonen eredua bertze nehork ez dezala segi…
Orain Kontseilu Nagusiari emanen dugu hitza, George Labazeek Marie Christine ARAGON izendatu du aurten ordezkari gisa… Kotte EZENARRO Hendaiarari ezingo diot taklatu… Tanpis… ondoko batean izanen da…
Berehala Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Europar Kooperatibako lehendakariariari emanen diot hitza. Koldo Euskal Herri osoko ikastolen lehendakari baldin bada ere, erran dezadan bereziki ikastola tipien defendatzaile sutsua dugula. Koldori esker, ikasturte huntan muntatu Ikastolen Elkartasun Kutxa nazionalaren bitartez, Itsasu eta Ziburuko ikastola proiektuak lagundu dira baita Seaskaren eta EHIren egoitza izanen den Xalbadorreko Ikastolen Etxearen proiektua.
Ez dira denak berri txarrak izan aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiak 200 000 € emanen dizkigu hiru urtez Xalbadorreko lanendako. Esker dezadan Martin Garitano, baita gurekin lanean aritu diren Zigor Etxeburua, Aritz Salaberria eta Juan Carlos Alduntzin ere.
Frantxua Maitia EEPko lehendakariari emanen diogu hitza. Aurkezpena labur labur egiten dut, berak ere berdin egin dezan…
Milesker Kristina URIARTE Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburu berriari gurekin bat egiteagatik. Iaz jakin banu, zure aulkian jarri zen Eusko Jaurlaritzako ordezkaria bainu bat lakuan urririk oparituko genion. Bai, egia da, Patxi Lopezen gobernua, gezurtia eta ohoina izan da Seaskarekiko. 2012an lanak eginarazi eta ondotik fakturak ez ordaindu ! 2009an hala egin zuten eta iaz berriz ere 400 000 €ko ziloa egin digute!
Hori ikusirik erran dezadan esperantzaz hartu dugula, gobernu aldaketa. Baina momentuz, ez dugu politika aldaketarik ikusi… ez eta senditu. Ea egun berri onak ekartzen dizkiguzun.”
Herri Urrats 2013ren karietarat Seaskak azpimarratu dituen zonbait erronkei buruzko artikulua ikus hemen :
www.enbata.info/articles/herri-urrats-nest-pas-tombe-de-la-derniere-pluie