Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Jadanik 500 egun baino gehiago iragan dituzte presondegi zuloan, Altsasuko hiru gaztek, eta beren bizia preso pasatzeko arriskuan daude. Arrisku bera dute aske dauden beste auzipetuek ere.
Lekukotasun kontrajarriak entzun dira auzian; aski garbi gelditu dena da, ez dela batere garbi nork parte hartu zuen Altsasuko Koxka ostatuko borrokan, eta batzuk bederen etxean zeudela memento hartan.
Eta hala ere 500 egun baino gehiago preso…
Penagarriak dira borrokak, are gehiago borrokaren ondotik zaurituak izaten direnean.
Bidegabekeria da, aldiz, gazte horiek hainbeste egunez preso atxikitzea, borroka hartan parte hartu ala ez. Gau-pasa baten ondotik, alkohola lagun, gerta litezkeen istiluak “terrorismo” kategoriara ekartzea manipulazio ikaragarria da.
Akusazioak Altsasuko borroka lotu nahi izan du Ospa! mugimenduarekin, eta mugimendu hori ETArekin. “Dena ETA da” teoria ekarriz berriz ere mahai gainera, guardia zibilak Euskal Herritik joatearen aldarrikapena ETAk bultzatzen duela erranez, ondorioztatu dute ostatu bateko borroka kanpaina horren parte zela.
Hasteko, guardia zibilak Euskal Herritik joatea eskatzen dutenak ez dira bakarrik ETAkoak. Euskal Herria aske eta bere gain izatea nahi duten guztiek amesten dute Espainiako indar armaturik ez izatea gure lurretan, ez izatea haien kontrolik gure bideetan edo haien kuartelik gure herrietan.
Euskal Herria aske eta bere gain izatea nahi duten guztiek
amesten dute Espainiako indar armaturik ez izatea gure lurretan,
ez izatea haien kontrolik gure bideetan
edo haien kuartelik gure herrietan.
Egia da guardia zibilak ETAren jo-mugan izan zirela. Horrek ez du erran nahi “alde hemendik” aldarrikapenarekin antolatu diren manifestazio eta ospakizunak ETAk antolatu dituenik eta baketsuak izan ez direnik. Eta, bistan da, ezin da erran gau-pasa batean gerta litezkeen kalapita eta borrokak Ospa! mugimenduak bultzatu dituela, ez eta ere ETAk.
Altsasuko gertakaria jende anitzen aho-mihitan dago, eta horretaz solasean, batzuek eta besteek beren anekdotak dituzte kontatzeko. Garai berdintsuan, beste herri batzuetan ere gertatu ziren borrokak, goizean goizik, guardia zibilen eta ostatuko beste bezeroen artean. Borroka batzuetako eta besteetako lekukoek diote guardia zibilak joaten zirela ostatuan bestan zeuden euskaldunak probokatzera, borroka pizteraino. Altsasuko borroka beste dimentsio batekoa izan zen, itxura guztien arabera. Baina komeni da ohartzea ez zela “kasu isolatu” bat; borroka pizteko ahalegin gehiago izan direla, euskal gazteak kriminalizatzeko xedez. Horrek balio du auzi hau beste ikuspegi batetik ulertzeko. Borroka horren eta auzi horren gibelean, akusazioak zabaldu nahi duen mezua da: “garbi geldi bedi, hemen nork agintzen duen!”.
Borroka armatua zegoen garaian aiseago zuten justifikatzea beren presentzia militarra eta errepresioa. Orain, aitzakiak bilatu nahi dituzte. Espainiarentzat, auzia beti bera da: Euskal Herrian ez dago arazo politikorik, Euskal Herria ez da herri zapaldu bat, ez dauka independentziarako eskubiderik, gatazka ez da politikoa, baizik eta gaizkile talde batek eragindakoa…
Gisa horretan jokatzen da gatazkaren kontakizunaren auzia. Historiaren bertsio espainiarra da onargarria den bakarra, eta bertsio horren berme da guardia zibilaren presentzia. Bertsio hori ezin delako dudan jarri, ezin da onartu guardia zibila Euskal Herritik joatearen aldarrikapena.
Espainiarentzat, elkarbizitza da zapaltzaileek zapaltzeko eskubidea edukitzea eta zapalduek hori onartzea, euskarak espainolak baino eskubide gutiago ukaitea, historia ofiziala denek ikastea eta gurea ahanztea, espainolen erreferentzia berak edukitzea… Altsasuko auziak hori guztia sinbolizatzen du. Hots, nor den nagusi.
Guztiz bat artikulu argi bezain egiati honen edukiarekin.