Artikulu hau idazteko mementoan ez zen jakina nolakoak izanen diren alderdi politikoen arteko tratuak. Baina zerbait hautsi da Nafarroan. Maiatzaren 24ko hauteskundeetako berri nagusia da Nafarroako Parlamentuko gehiengoa tendentziaz aldatu dela. Gobernu eta erregimen aldaketa nahi zutenak nagusitu zaizkie UPN, PP eta PSNri.
UPN bera ohartua da ezin izanen duela Nafarroan gobernatzen segitu, ondoko lau urteetan. Iruñeko agintea ere gal lezake. Ondorioz, ia segurtzat jo daiteke Geroa Bai-ko Uxue Barkos izanen dela Nafarroako presidentea, ondoko agintaldian. Norekin elkartuko da? EH Bildu, Podemos eta Ezkerrarekin? PSNrekin eta Ezkerrarekin? PSNk ulertu duenez UPN ez dezakeela babestu, orain ausartuko dea Geroa Bai-rengana joatera?
Argi dena da ondoko lau urteak hobeak izanen direla Nafarroako euskalgintzarentzat, itorik bizi diren euskarazko komunikabideentzat, euskal irakaskuntzarentzat… Hizkuntza legea aldatzen ahalko da, eta euskara Nafarroa osoan ofizial bihurtu. Halaber, ate bat irekitzen da EAErekin harreman instituzional sendo bat eraikitzeko, eta instituziorik gabeko Ipar Euskal Herriarekin ere harremana garatzeko.
Haatik, UPN anitz ahuldu eta boterea galdu badu ere, indartsu dago oraino. Eta bere esku dituen komunikabide indartsuekin batera, eta Madrilen laguntzarekin, ahal duen guztia eginen du Uxue Barkosen gobernuaren egitasmoak trabatzeko, eta baita ere hemendik lau urteren buruan nagusitasuna berreskuratzeko.
Horregatik, garrantzia handikoak izanen dira lau urte hauek, traba guztiei buru egiten asmatzeko eta UPNk dudan ezarri nahiko duen sinesgarritasuna edo kudeatzeko gaitasuna frogatzeko. UPNk nahiko du pentsatu aldaketa koiunturala dela, ustelkeria auzien ondorioz bildu duten zigorra dela… Beharbada, ordea, aldaketa estrukturala da, Nafarroako gizartea aldatzen ari da, abertzaleago bihurtzen ari da.
Hori horrela baldin bada, gobernura heltzea aukera ederra izanen da abertzleentzat, herritarren artean babes gehiago erdiesteko.
Itxaropen guztiak ez daitezke, haatik, aldaketa instituzionalaren baitan ezar, Euskal Herriko erakundeek botere mugatuak dituztelako, Espainiako eta Frantziako legeen eraginez.
Abertzaleak nagusi dira EAEko Eusko Legebiltzarrean, baina horrek ez du ekidin Euskal Herriaren egituratzean gibelatzeak izan direla. Ez dira sekula orain bezain urrun izan elkarrengandik Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herria. Distantzia hori anitz markatu da azken urteetan: UPNk ardura handia dauka, baina EAJk ere bai.
Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ nagusitu da. Besteen kudeaketa “txarra” eta bere kudeaketa “ona” izan da irabaztearen arrazoietarik bat. Herri bat eta herrialde bat kudeatu behar dira, bistan da. Baina azken urteetan kudeaketaren inguruan izan dira talkak EAJren eta EH Bildu-ren artean: zikinen bilketari buruzkoa izan da desadostasunik handiena. Horrelako gaiekin egin da politika azken urteetan. Horrek erran nahi du Euskal Herriko erakundeak ez direla erabili Euskal Herri osoaren kohesioa laguntzeko, indarrak ez direla erabili Euskal Herria independentziaren bidera eramateko. Alderantziz, Espainiako banderak bistan zeuden Herriko Etxe guztietan, baita ezker abertzaleak kudeatzen zituenetan ere.
EAJk lehen baino herri gehiago, foru aldundi guztiak eta –Geroa Bai-ko kideetarik bat denez– Nafarroako Gobernua kudeatzeak ez du aditzera ematen independentziaren bidean urrats gehiago eginen denik. Udalbiltza, Lizarra-Garaziko akordioa hautsi zenetik zatiturik dagoena, are gehiago ahuldurik aterako da. Abertzaleek badute indarra, baina indar hori ez badute
erabiltzen elkartzeko eta herria askatasunera eramateko, zerbait gaizki egiten ari dira.