Aieteko adierazpenak bakegintzan erreferentzia izaiten jarraitzen du. Bainan ez Parisek ez Madrilek ez diote garrantzirik emaiten hainbat nazioarteko eragile ezagunek izenpetu ageriari. Hona Xabi Larralde, Sortuko eledunaren analisia.
2011ko urriaren 17an Kofi Annan, eta hainbat nazioarteko adituen gidaritzapean Aieteren konferentzian plazaratu zen adierazpena erreferentzitzat hartzen badugu, interpeletuak ziren eragileen artean, eskatutakoa bete duen bakarra ETA dela nahiko agerian gelditzen da. Bi Estatuen aldetik, konponbide prozesuaren alde ez da urrats bakarra eman ; bainan okerrago argi gelditu da denentzat, Madrile, Pariseren laguntzarekin, prozesua saboteatzeko asmotan dabilela. Orduan, prozesuaren garapenari begirako perspektiba hartzeko, lehenik eta behin, zer intentzioekin eman den ber-gogoratu behar da. Prozesuarekin hauxe da Ezker Abertzaleak egin dugun parioa : agertoki demokratiko bat finkatu, euskal gizartearen indarren aktibazioaren bitartez aukera errealak daudelako, fase historiko honetan, Euskal Herriaren aitortzaren eremuan (estatus aldaketak, erabakitzeko eskubidearen onarpena) eta gatazkaren konponbidean pausu erabakigarriak irabazteko, nazioarteko komunitateak onetsiko lukeen prozesu politiko baten bidetik.
Jarrera bortitza
Pario honi begira Estatuek azken hilabeteetan jarrera erasokorra finkatu dute. Guk egoera politiko berria indarrean jarri nahi dugularik, Madrilek eta Parisek zaharra mantendu eta elikatu nahi dute. Bi Estatuen jarrera bortitza da, bainan maila haundia batean logikoa ere, baldin eta, gure pausoak ofentsiba politiko bat gorpuztearen perspektibatik ulertzen badira… Guk nazio askapen prozesuan pausu kualitatiboak eman nahi ditugu euskal gizartearen akibaziotik, eta Estatuek ez gaituzte utzi nahi. Hortik, konfrontazio politikoa indartzen da eta areagotuko da ondoko hilabeteetan, zeren, testuinguru batean nun eta Eskozia eta Kataluña bezalako Estaturik gabeko nazioek autoderminazioaren ariketa burutzeko pausoa emanen dutela adierazia duten Europaren aitzinean, Euskal Herrian agertoki demokratiko baten idekitzea arriskutsuegia da Parise eta Madrilerentzat. Egoera honetan, Ezker Abertzalearen iniziatiba politikoa baldintzatzeko xedez betiko errezetaz baliatzen dira : errepresio ukaldiak eta presoen egoeraren erabilpena txantai pieza bezala. Eta, garbiki, Herrira presoen aldeko plataformaren kontra burutu den azken operazioak eskema horri erantzuten dio.
Bake prozesua bultzatzeko gomendioak
Hartara, hastapenetik gure prozesuak bi hartzailea nagusi dituela erran dugu : nazioarteko komunitatea eta euskal gizartea. Nazioarteari dagokionean, dudarik gabe, bada lana eginik, Donostian antolatu berri diren auzapezen nazioarteko jardunaldiak adierazten duten moduan, edo urriaren 17an Mexikon Euskal Herriko bake prozesuaz Hego Ameriketako hainbat estatu-buru ohiekin iraganen den konferentziak erakusten duen gisan. Eremu honi begira, Europak Parot Doktrinaren kontra hartu duen erabakia biziki inportantea izanen da dudarik gabe. Euskal gizartearen kasuan, denek dakigu blokeoaren hausteko bere partehartzea eta mobilizazioa prozesuan aldagai gakoa bilakatu direla. Hortarako beharrezkoak diren tresnak eta espazioak eraikitzeari begira pausoak ematen ari dira. 2012ko abenduan Baionan antolaturiko foroaren antzera, Bake Bideanek eta Lokarrik foroak antolatu dituzte Bilbon eta Irunean. Foro hauetatik nazioarteko aditu batzuk sintesia landu dute, bake prozesua bultzatzeko gomendioak osatuz. Gomendio horiek herritarrei, Euskal Herriko eragile eta instituzio guziei aurkezten ari zaizkie, euskal gizartearen parte handienak prozesuaren alde daukan atxikimendua lanerako ibilbide orria bilakatu dadin denentzat. Bilboko azken manifestaldiak gure Herrian azkar erantzuteko dagoen indarraren erakuslea izan da berriz, eta orain, prozesuak urrats berriak eman ditzan, denei dagokigu hitzetatik ekintzetarat pasatzea.