Igande honetan departamentuko edo kantonamenduetako hauteskundeen lehen itzuliak emandako emaitzek gogoeta batzuren egitera bultzatu ditu ikerlari eta politikari asko.
Disko itxurazko grafikoetaz Berriak argitaratu dituen datuak beste era batera moldatu ditut, Euskal Herrikoak diren hamabi hauteskundeetarako kantonamenduetan aurkeztu diren alderdien maiztasuna eta banaketa alde batetik eta bakoitzak hartu duen botuen kopurua bestetik kontutan hartuz.
Egin daitekeen lehen oharra alderdien zenbakia eta berauen heterogeneitate geografikoa da: hamazazpi alderdi edo zerrendak aurkeztu dira denetara, bainan ez dira denak kantonamendu guztietan agertu, jarraian emandako esaldiek erakusten diguten bezala.
• Hiru alderdi aurkeztu dira kantonamendu batean: Europa Ekologia Berdeak, M.O.D.E.M-a, eta Zentroko Batasuna;
• Hiru alderdi aurkeztu dira bi kantonamendutan: « Debout la France », Independenteak eta U.D.I-a;
• Bi alderdi aurkeztu dira hiru kantonamendutan: P.C.F-a eta U.M.P-a;
• Hiru alderdi aurkeztu dira lau kantonamendutan: E.A.J-a, Ezkerreko Batasuna eta P.S-a;
• Hiru alderdi aurkeztu dira bost kantonamendutan: Eskuineko Batasuna, Eskuineko Independenteak eta Ezkerreko Frontea.
• Alderdi bakar bat aurkeztu da sei kantonamendutan: Ezkerreko Independenteak;
• Bi alderdi bakarrik aurkeztu dira kantonamendu guztietan (12 guztira): EH-Bai eta F.N-a.
Arestian aipatutakoak erakusten digunez, alderdi askok kanditatu bikoteak aurkeztu dituzte kantonamendu gutxitan eta zazpitik hamekaraino kantonamendutan aurkeztu den alderdirik ez dago. EAJ-az aparte, ez dira alderdi horiek abertzaleak, batzuek talde abertzaleekiko harreman onik ukan, ala haien barnean euskalzalerik izan arren.Gehienak dira Frantziako ezker edo eskuin aldekoak.
Iparraldeko geografiari dagokionez, homogeneitate hoberena erakusten duten alderdiak Euskal Herria Bai eta Front National-a dira azkenik, kantonamendu guztietan bikoteak aurkeztu baitituzte. Iparralde osoan alderdiek lortu zituzten botu gehienak bi alderdi horiek izan dira azkenik: EH-Bai-ek eta FN ak 15 788 eta 13 744 botu hurrenez-hurren.
Alde honetatik ikusita, abertzaleak Iparraldeko lehen indar politikoa bihurtu direla aitor genezake, toki guztietan bigarren itzulian aurkezteko % 12,5 –eko mugara iritxi ez diren arren. FN-aren sasi arrakasta Frantziako Estatuan gertatzen denaren isla baizik ez da; Frantziako alderdiekiko konfiantzia gero ta geihago murrizten da abertzale sentitzen ez den jendeengan.
Bainan itzul gaitezen apur bat 1965 garren urtera, Enbatak lehen aldiz hauteskundeetan hautagaiak aurkeztu zituen hauteskundeetara alegia: Iparralde guztian ehunetik bosta gutxi gorabehera lortu zuten abertzaleek, hau baita aurtengoetan erdaldunenak diren BAB ko hirigunean lortzen duten baino gutxiago. Benetan aurrerapen ona egin dela eta etorkizuna goibela ez dela aitor dezakegu. Bainan arazoa da bigarren itzulian EH-Baiek bikote hautagairik aurkeztuko ez dituen kantonamenduetan, zer bozka lezakete abertzaleek? Euskal Herriarentzako erakunde propio bat eta euskeraren koofizialtasuna nahi duten ohiko alderdi ez neoliberalentzat botatzea litzateke hautakizun on bat, baldin eta oportunisten sareetan ez bagira erortzen.
“Zorionak, zinez eman behar. Baina Hegoaldekooi begira, azaldu beharko zenigukete, era ulergarri eta alderagarri batean, zer nolako hauteskunde sistemaren pean zaudeten Iparraldekook (hauteskunde motak/mailak Hexagonoaren barnean, hauteskunde itzuliena, hauteskunde barrutiak maila bakoitzarendako, bozka kontaketan sistema proportzional edo maioritarioa den -edo sasi-eztakit zer-, zeren araberako aliantzetara behartzen zaituzten abertazleok sistema horrek itzuli bakoitzean -bereziki bigarren itzulian-…). Nik neuk, behintzat, erabat galdurik ikusten dut ene burua zuen emaitzez iritzi propio bat eratzerakoan. Agian eta seguruenik, zuek zeuek edo ARGIA astekariak edo BERRIA egunkariak azaldu dituzte kontu hauek, nik ez ikusi arren. Horrela baldin bada, estekarik? Horrela baldin ez bada, eskertuko nizueke (eta seguru nago bertze batzuek ere eskertuko lizueketela) zuen hauteskunde sistemari buruzko halako gida bat azaltzea.
Zorionak berriro, eta adeitasun osoz”,
Egun on
Ados erantzun bat prestatuko dut bihar goizean.
Bihar arte