Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Gertakari batzuek markatzen dute gizartea, eta horietarik zenbaitek belaunaldi oso batzuk. Duela berrogeita hamar urte, Ezpeletako kasko batean, zuharretako lepoan xuxen izateko, hiru gorputz atzemanak izan ziren. Hiru Maliar, akiduraz et gosez han hil ziren. Berrikitan gertakaria berriz aipatua izan da, Ezpeletar batzuek nahi ukan baitute gertakaria ez dadin ahantzia izan. Adin bateko herritar guziek ezagutzen dute historia, beste zenbaitek zerbait entzuna, baina belaunaldi gazteenek eta kanpotik etorri egoiliarrek ez. Berrogeita hamar urte barne gertakaria ezeztatua izan balitz bezala.
Holako gertakariak ez ziren sobera aipatzen. Bazen halako lotsa bat, gaueko lanak ez ziren aipatzen. Eta gainera etxe gehienetan norbait ari zen kontrabandan. Gauza debekatuak ziren baina denek bazekiten nor ari zen gauetako lan horietan. Hola erraten zen. Hola zen. Beste garai bat. Zer pasatu zen gau hartan? Nehork ez daki. Eta nehork ez du jakin nahi gaur egun ere. Iduriz garaian gertakariak ukan zuen oihartzun ttipi bat. Xalbador bertsolariak eskaini zituen bertso batsuk karia hortarat “Mendian galdu direneri” , famatuak bilakatu diren bertsoak.
Sud-Ouest egunkariaren artxiboetan hiru artikulu atzemanak izan dira. Xehetasun handirik gabe. Batek gertakaria aipatzen du, eta beste batek Afrikako etorkinek egiten duten bidea Iruña eta Bordele artean. Hirugarrenak aldiz zenbaki eztabaida bat plazaratzen du. 1970eko hamarkadan, espainiako administrazioak berrehun bat hil kontatzen ditu, Frantsesek hamabi egiten dituztelarik. Berrehun bat etorkin hilak Bidasoa eta Iparraldeko mendi mugetan. Zenbakia ikaragarria iduritzen ahal zaigu. Horietan gehienak Portugesak zirela.
Berrogeita hamar urtez ez da gauza handirik aldatu. Jende xumeek segitzen dute hiltzen bizi hobe baten bila. Mugak dira bakarrik aldatu. Hemen hiltzen zirenak duela berrogeita hamar urte, urrunago hiltzen dira gaur. Europa eraiki da eta barne mugak arindu dira. Duela berrogeita hamar urteko etorkinak, Espainiarrak, Portugesak eta Italiarrak bilakatu dira europar herritarrak. Horientzat mugak desagertu dira. Aldiz, beste etorkinentzat mugak emendatu dira, eta hilen kopuruak ere. Afrika eta Europaren Mediterraneo itsasoan 3000 etorkin hil edo desagertu dira 2021 urtean, munduan zehar migrazio bideetan hil direnen erdia.
Berrikitan Enbatak aipatu du Ipar Euskal Herriko emigrazioa Ipar eta Hego Amerikara buruz, milaka gazte joan ziren beste bizi baten bila. 1832 eta 1914 artean, 150.000 lagunek egin zuten saltoa. Hogeigarren mendean, bigarren gerlaren ondotik, urtero, bi mila euskaldun gaztek zuten Amerikaren ametsean sinetsi. Gaur egun milaka afrikar gaztek miresten duten bezala Europa, Frantzia edo Alemania bereziki…
Arazoa ez dira mugak, baina aberastasunen banaketa. Etorkin gehienek nahiago lukete beren sorterrian bizi, ongi bizitzekotan… Edozeinek bezala. Berrogeita hamar urtez ez da orokorki gauza handirik aldatu. Guretako bai, aitortu behar da…