Marieniako laborantza lurren defentsan, maiatzaren 25ean, Halle Bernadette Jougleux herri erdiko gunean, mobilizazio egun berri batera deitzen dugu sei egituren artean: CADE, ELB, ELB gazte , Lurzaindia, Nahi Dugun Herria, Ostia. Hitzordu hau garrantzitsua izanen da hamar urte beteak dituen Marienearen aldeko dinamikarentzat. Egunaren antolatzaileek engaiamendu berria iragartzen dugu: elkarrekin bat eginen dugu lur horiek betirako laborantzarako egon daitezen, bakoitzaren taktikak konbinatuz. Segur baikara, goiz edo berant, borroka hau irabaziko dugula.
Marieneko kasua Ipar Euskal Herri mailan enblematikoa bilakatu da eta herritar eta elkarte guzien inplikazioa beharrezkoa da Bouygues-ek gibelera egin dezan. Maiatzaren 25eko egitarauan, mahai inguruak eta tailerak proposatuko ditugu, sekulan auzitegi administratiboak errekurtsoak ezeztatuko balitu, gure ondoko urratsak nolakoak izanen diren zehazteko. Urrats horiek gardentasunean eta molde herrikoian prestatzea garrantzitsua da guretzat, mobilizazioari indar eta legitimitate gehiago emateko.
Edozein borrokak sekuentzia desberdinak ditu eta haietariko bat errepresio politikoarena izan daiteke. Ostia sareko lau kide epaituak eta kondenatuak izan dira proiektu horren kontra ekintza sinboliko bat egiteagatik. Ordaindu beharko dituzten damu domaiak eta horrekin batera, jendarmeriak azken hilabete hauetan espekulazioaren kontrako mobilizazioetan parte hartzeagatik konbokatzen dituen hainbat herritar, sekuentzia horren seinale dira. Denen sostengua da jazarpen horiei buru egiteko tresna eraginkorrena, eta elkartasun dei zabala luzatzen dugu errepresioaren zama ekonomikoa eta psikologia bakar batzuen bizkar geldi ez dadin.
Hala ere gure funtsezko helburuetatik, laborantza lurraren babestea, ez gara desbideratuko eta maiatzaren 25ean Marieniako lurren aldeko borrokan urrats berri bat eginen dugu. Hona hemen eguneko programa zehatza:
Egunaren egitaraua
10 :00etan : Instalaketa denen artean
11:00etan : Mahi inguru eta eztabaida : Marienia : zertan gara ? Nola irabazi ?
Mahai-inguruan borroka eramaiten duten egiturek hitza hartuko dute, haren historia luzea, alderdi ezberdinak eta erronkak agerian uzteko, bereziki laborantza-lurren babesari eta artifizializazioaren alternatibei doakienez. Marieniaren defentsan parte hartu nahi duten edo interesa duten pertsona guztiak gomitatuak dira eta ondoko eztabaidak borrokaren segida aipatzeko momentua izanen da.
12:00etan : prentsari komunikazioa
13:00etan : aperitifa eta bazkaria (baso berria ekar !)
15:00etan : tailerak
• Laborantza herrikoi eta iraunkorrari esker elikatzea, gazte, lur eta elkartasunaren beharra!
Laborantza herrikoi eta iraunkorrak aukera eman behar die lurralde osoan zehar ahalik eta laborari gehienei beren lanbidetik duintasunez bizitzeko, neurriko baserri batean elikadura osasungarria eta kalitatezkoa sortuz, biharko baliabide naturalak zalantzan jarri gabe. Herritarrekin batera, baserrialdea biziarazi behar du, denen gustuko bizi esparru batean. Hori lortzeko, gazteek lanbidean sartzeko parada izan behar dute. Eta horretarako lur elikagarrira sartzen utzi behar zaie! Erronkak ulertzeko: “Xixon batendako galderak…”, elkartrukeak laguntasun osoz!
• Gure eskubideak ezagut ditzagun !
Nortasun kontrolak, jendarmeriarako konbokazioak, interpelazioak, atxiloaldiak, DNA hartzeak, mobilizazio sozial edo ekologikoetan parte hartzen duten pertsonek gero eta usuago holako esperientziak bizitzen dituzte. Gure eskubideak ezagutzea eta errespetaraztea gure borroken parte garrantzitsu eta ezinbestekoa da.
• Borrokaren segida nola antolatu ?
Tailer honen helburua, sekulan Bouygues-ek bere obrarekin hasi nahi baldin badu, eremuaren okupazio bati buruz kolektiboki hausnartzea izanen da. Nola prestatu politikoki eta materialki ? Zer antolaketa eredu eta giro gara ditzakegu ? 2021ean Arbonako Berrueta etxaldearen okupazioa, A69 autobide proiektuaren ibilbidean arbolak babesten dituzten guneak eta beste, esperientziak anitzak dira. Marieniarentzat, behar izanez gero, formula egokia eta parte hartzailea bilatzea doakigu !
• Esku lanak : arratsaldeko sorpresaren prestaketa
• Haurrentzako tailerak : margoketa eta Klimaren freskoa
Sortze tailer parte hartzailea, pedagogikoa eta ludikoa, klima aldaketaren inguruan sentsibilizatzen duena. Parte hartzaileei klimaren funtzionamendua eta bere desorekaren kausak eta ondorioak ulertzeko parada ematen die. Haur, familia eta helduendako tailerra, 8 urtetik goiti egokitua. Izen emaitea sms bidez 07 66 46 85 58 zenbakira deituz (18 leku).
17:00etan : ibilaldi errebendikatiboa eta bukaeran Marieniako lurretan sorpresa !
19.30 : aperitifa eta konzertua
22:00etan amaiera