Heldu den urtarrilaren 13an, “Konponbiderako giltzak” lema duen manifestaldia iraganen da Bilbon. Aurten ere, Bake Bidea eta Bakegileak, euskal preso eta iheslariak etxeratzea, konponbidea eta elkarbizitza helburu dituen deialdi honetara batzen gara.
Azken hamarkada honetan, bake iraunkor baten eraikitzearen aldeko gehiengo bat agertu da Euskal Herrian. Jendarte zibilaren aktibazio eta mobilizazioari esker, konponbidearen bidean urrats esanguratsuak egin ditugu. Eta are esanguratsuagoak egitekoak ditugu oraino. Nekez eraiki daiteke konponbidea,Espainiar Audientzia Nazionaleko hainbat auzitegi eta fiskaltzak duten jarrera mendekatzaile eta atzerakoiarekin.
Frantziako kondenen kudeaketarako epaitegiek eta berriki PNA-ak Xabier Goienetxearekin egin bezala, elkarbizitza elikatuko duen etxeratze prozesu baten eraikitzeko garaia iritsi da!
Deialdi hau ozen eta lau haizetara helarazteko, kopuru handian, Bilboko karriketan mobilizatzeko deialdia luzatu nahi dugu. Eragile ala norbanako, izan gaitezen denak konponbiderako giltza!
Guk ere, Ipar Euskal Herritik egin diezaiogun ekarpena dinamikari, ondoko egunetan elgarretaratzeak ( ikus azpian) eta Bilboko manifestaldian parte hartzeko autobusak antolatuko ditugu (izena eman hemen)
Hona hemen hitzorduak:
- Senpere Abenduaren 23an 12etan, plazan kantu, musika, pintxo/pote.
- Uztaritze Abenduaren 27an arratseko 6.3etan Mailiarena elgarretaratzea.
- Biarritz Abenduaren 29an arratseko 6.30etan Herriko Etxeraren aitzinean ( Hartzaren lekuan) elgarretaratze musikatua.
- Hiriburu Abenduaren 29an arratseko 6.30tan Plaza Berri.
- Ezpeleta Abenduaren 29an arratseko 6.30tan Posta aitzinean.
- Baiona Abenduaren 29an arratseko 7etan ( zehaztuko).
- Donibane Lohitzune Abenduaren 29an arratseko 7etan Luis XIV plaza elgarretaratzea.
- Angelu Abenduaren 29an arratseko 7etan « Sables d’or » Kioskoan.
- Donibane Garazi Abenduaren 29an arratseko 7etan Herriko Etxean elgarretaratzea, ekarri jateko eta edatekoa !
- Hendaia Abenduaren 29an arratseko 7etan Gaztelu Zahar elgarretaratzea eta Pintxo pote.