EH BILDU -koak eseriak dauden tokitik faxista hitza Gasteizko hemizikloan Senpere Borja PP-kideak ustez entzun zuela, kerella bat aurkeztu du PPak Ezker Abertzalearen aurka, bera eta alderdia iraindu dituelakoan. Demokrazian irain politikoak ahozkatu edo idatzi behar ez direla ados izan arren, kerella bat aurkeztu baino lehenago bi gauza egiaztatu izan beharko lirateke: lehenik faxista hitza benetako irain politiko bat denik jakitea; bigarrenik hitz hori xurxulatu dutela frogatzea. Bigarren gauza ez da erreza; EH BILDU-koek elkarren artean faxista hitza esan izana, Legebiltzarreko buruzagiak eguneroko txostenean idatzi beharko zuen; hala ez izatekotan hitz madarikatua esan dutelako legezko frogarik ez legoke. Baita hitza zer testu ingurutan ahoskatu duten jakin behar litzateke ere : “ Hautetsi hau faxista da” edo” ez da faxista”.
Joan den mendean oso bizia izan zen eta ondorio ikarragarriak ukan zituen faxismoak ez da garai modernoetan sortu. Erromatarren denboretakoa da behintzat; horregatik Erromako Inperio Zaharrean bere ideoloji faxista eraiki zuen Mussolinik. Hitlerrek, Germania zaharreko mitologiaz gainera, Erromatar Germaniar Inperioaz baliatu zen hirugarren Reicha eraikitzeko. Francok Espainia Katoliko eta Batu Zabalean atxeman zituen bere errejimenaren sustraiak. Iragan mendeko hiru errejimenek duten puntu amakomuna, estatu zentralizatu bat, gidari bat, alderdi eta ideoloji bakar bat ukaitea izan zen. Garai haietan azpimarratu behar da faxismoa komunismoari aurre egiteko beste dotrina bat izan zela, baita joan den mendeko Hego Ameriketako diktaturetan ere. Italiako faxista andana batek faxismoa gauza ederren gurpenarekin uztartu behar zela aldarrikatzen zuten. Bainan ez zen joan den mendearen lehengo erdian iraintzat jota. Sistema faxistak bereziki Alemanian, Italian eta Espainian eragin zituen zapalkuntzak eta sarraskiak dira faxismo hitza irain bilaka arazi dituena, eztabaidatu ezinezkoa dena, hainbeste itsuskeria eginez gero, guztiz egia baita, eta historialarien lekukotasunak baititugu gertaera hauen frogarik hoberenak.
Benetako errejimen faxisten ondoan eta beren barnean demokrazi batzuk sartu dira zoritxarrez faxismoaren hildo ilhunetan: horren adibidetzat Aljeriako gerla aipa genezake; Frantziako estatuan, garaiko agintariek Aljerian gertatzen ari zena ez baitzioten jendeari benetako gerla bat zela adiarazi nahi izan. Beste politikari askok, demokrazi batean bizi eta arduratu arren, jarrera faxistak badituzte, egiaz jabetzen direla konbenziturik; baita herria kinka larri ekonomikoan dagoelarik, egiaren okertu edo ez aurkeztea, nahiz axuri beltzen atxematea, da haien jarrera orokorra; bide horretaz sortzen dira alderdi populistak.
Espainiako Estatuan jarrera neofaxista asko badaudela ohar gaitezke Franco hil zenetik. Hauetatik handiena Espainia nazio bakartzat eta betikotzat jotzea aldarrikatzea baita.
Nahiko da gogoratzea Alianza Popular Fraga Iribarne ministro ohi frankistak sortu zuela, eta AP-tik PP-a sortu zela. Frankismoa eta demokrazia gaztearen artean benetako hausturarik izan gabe, ezin da ekidin errejimen zaharrako aztarnak gel daitezen. Azken egun hauetan Hego aldean gertatzen ari dena ikertuaz, aro faxistatik gelditu diren elementu eta jarrera asko oraindik badirautela nabari da: Frankismoaren krimenak ez ditu sekulan gaitestsi boterean dagoen PP–ak; ETA k betirako su etena aldarrikatu ondoren, eta azken bi urte hauetan indarkeriarik ez izan arren, bake prozezuan alderdi espaniolistek aurrerapenik egin nahi ez izatea; hezkuntza elitista eta pribatu bat antolatzen duen eta hizkuntz minorizatuen berreskupenarako kaltegarria den Wert legea botatzea; Euskal abertzaletasuna kriminizatu nahi izana.
Ez da harrigarria, beraz, esker abertzaleko diputatuen artean PP kideek duten jarrera faxista batzueri buruzko eletxo batzuren entzun ahal izana.