Uztailarekin hasten dira telebista kateetan udako programak deitzen dituzten emankizunak eta berhedapenak. Ez da berri berezia erraitea telebistan pasatzen diren emankizun gehienak ez direla balore handikoak, udan pasatzen direnen berezitasun bakarra da usu usaian baino desesperagarriagoak direla oraindik.
Ez zen klixkalari bezala nere helburua telebista kate bat ohoratzea bainan uztail honetan aprobetxatzen dugun berotasunak obligatu nau aterpetzerat itzalerat, horren haritik telebistaren aintzinean plantatu naiz goiz batez, France 24 katearen aintzinean partikulazki. Badakit ez direla usaian jendeak izendatzen kronika honetan bainan hor ere menturatzen naiz ez baita irrisku berizirik eta erabaki baitut balio zuela bi jende izendatzea.
Lehena Cyril Payen deitzen da eta France 24 katean kazetaria da, pasatu du aste bat Tibet herrian, Txinako agintarier sinetsaraziz turista arrunt bat zela. Hortik ateratu du erreportai zabal bat, France 24 katearen webgunean ikusten ahal dena beti (www.france24.com/fr/20130520-reportage-exclusif-tibet-repression-liberte-expression-chine-moines-immolation-dalai-lama). Geroztik, mehatxatua izan da eta esplikatzen duen bezala, bere bizia kanbiatu da txinatar polizia eta orokorki estadoaren jomuga bilakatu baita. Nahi nuen azpimarratu gizon horren kuraia ez baita gehiago usu ikusten “egiazko” kazetariak gaurko munduan.
Bigarren izena kazetari horrekin lotua da aipatzen baitu tibetar emazte baten egoera; azken hau deitzen da Ngawang Sangdrol eta pasatu ditu 9 urte Lhassako presondegi batean “Gora Tibet askatua“oihakatu baitzuen karrika batean. Hamahiru urte zituen preso sartua izan delarik. Bixtan dena, torturatua izan da eta baldintza izigarri gogorrak ezagutu ditu presondegi horretan. Bainan, esperantza ez baita sekulan galtzen askatasuna dugularik helburu, beste 13 emazteekin talde bat antolatu dute presondegian.
Drapchi 14 izendatu dute (presondegiaren izena da) eta klandestinitatean K7 bat grabatu dute tibetar askatasun kantu batzuekin. Harrapatuak izan dira eta heien zigorra luzatuak izan dira ere. Bainan, azken finean, lortu dute K7 hori presondegitik ateratzea eta 14en artean, 6 arribatu dira Tibetik ateratzea. Geroztik, kazetariaren erreportaiak biziki ongi edo larriki erakusten duen bezala, ixikik egon behar diren tibetar guzien bozeramaile bikatu dira. Biba zuek eta besarkada bat Euskal Herritik !