Peio Iralur
17 urte nituen Jakes ezagutu nuelarik (1964). Laborantxako eskolan ginen eta Eñaut Etxamendi gure erakasleak gomitaturik, Garaziko Garatenerat joan ginen Enbatako gazte batzuk (heietan Jakes) muntatu bilkura publikorat. Gela hutsa: behatzaleak eta bi pertsona… bakarrik.
Haur denboran eskolan ikasi kantuak zion : “nous sommes les petits gars de France, écoutez nos joyeux accents” (Coeurs vaillants). Eta huna nun bilkura hortan Enbatakoek erran zaukuten “Frantses? Ez! Euskaldun bai!” Mixel Labeguerie-ren kantuak, Enbata, horra zer izan ziren gure belaunaldiarentzat lehen abertzale pindarrak.
Ondoko urtetan Jakes kurutzatu dut Jean Pitrau-k muntatu ikastaldi batzutan; barnekaldean Enbata-ren bilkura zonbaitetan eta berantago A.B. alderdi politikoan edo manifestaldietan.
Biltzarretan Jakesen hitzak beti ederki zizelkatuak ziren. Ez ginen beti ados. Pataska zonbait ukan ditugu, bainan ez zuen sekulan aiherkunderik. Aise zen orduko gai minberen barnatzea harekin konfiantxa osoan.
Jakes-ek ez zuen laborantxa mundua ezagutzen bainan egitura berriak sortu direlarik: ELB, Arrapitz, EHLG ala beste, beti hor zen sostengatzeko (EHLG-ren kontrako auzietan, bai eta urtebetetzetan). Biziki estimatzen zituen Mixel Berhoco-k Enbata kasetan idazten zituenak.
Ez du sekulan erran “hau edo hura egizue”. Beti akuilatzaile: “egin behar dela pentsatzen baduzue, segi aintzina eta egizue“. Milesker Jakes ekarri ditukan argitasun eta sostenguentzat.