ARGIArako txisteak idazten hasita nengoela jakin nuen, 80ko hamarkadaren hasieran, Iparraldean “Irri gauak” egiten zituztela. Halaxe bururatu zitzaigun Tolosan lehen txiste-afaria antolatzea 1982. urtean. Ugutz zen formula berritzaile haren arima. Kike Amonarriz-ek Argia.eus-en plazaratu artikulua.
Handik urte batzuetara eskuratu nuen bere txiste-kasetea. Euskaraz kaleratutako lehen txiste-kasetea inondik ere. Atentzioa eman zidaten haren kontaerak, bere ahots lodi eta sakonarekin egiten zituen jolas eta imitazioek, eta zerabilen lapurtera gozo eta aberatsak. Txiste eta pasadizo haietan, gainera, itzaltzen ari zen mundu baten lekukotza zuzena eskaintzen zuen. Asko gozatu nuen entzunaldi haietan, eta baita ikasi ere.
Urte batzuk beranduxeago, Txiskola programa lantzen hasi ginenean, epai-mahai buru izateko ezin aproposagoa iruditu zitzaigun Ugutz: pertsona heldua eta sekulako planta zuena bere bibote zuri dotorearekin, txiste-kontalari trebea, eta Iparraldeko euskararen doinuen presentzia segurtatuko zuena. Halaxe izendatu genuen Barretzaindia hartako buru.
Bi urte zoragarri izan ziren. Giro ezin hobea geneukan taldean, eta tertulia-tarte ederrak izan ohi genituen, bai entseguetan, eta baita programara zetozen gonbidatuekin ere. Eta tertulia haien protagonista eta “gai-jartzaile” nagusi, Ugutz! Beti bazuen zer kontatua, eta harritu egiten gintuen bere jakintza entziklopedikoarekin eta bere bizitza mugitu eta ekimentsuarekin. Haren hitz-jarioa eta kontu-festa agortezinak ziren: txistea ez zenean, euskal kulturaren inguruko pasadizo edo gertaeraren bat, familiako bizitza gorabeheratsuaren kontuak, euskararekiko eta Euskal Herriaren egoera eta etorkizunarekiko kezkak… Nabari zitzaion ostalaria ere bazela!
Izan ere, Ugutzen bizitza ez zen nolanahikoa izan. Haren gurasoek eta familiak, gerratik ihesi, Iparraldean bizitzen jarri behar izan zutenean pasatako zailtasunak eta sufritutakoak oso gogoan zituen. Aita, besteak beste, EAJko diputatu izan zen Madrilen eta ELA sindikatuaren sortzaile eta buruetako bat. Ugutz, beraz, 1939an, “bestaldean” jaio zen, Bidarten, nahiz eta handik gutxira Beskoitzera joan. Eta gaztetan Bilbora itzuli bazen ere, berak ere, Beskoitzera ihes egin behar zuen, arrazoi politikoak tarteko.
Kantari ederra zen Ugutz. Bere senitarteko gehienak bezala. Euskal musikan arrasto sakona utzi dute Robles-Arangiztarrek, eta benetako aitzindariak izan ziren. Euskal kantagintza berriaren hasiera markatu zuen “Soroak” taldean abesten hasi zireneko kontuak gogoko zituen. Mixel Labegerie hartu izan da euskal kantagintzaren aita-pontekotzat, baina Ugutzek kontatzen zuenez, beraiek hasita zeuden ordurako emanaldiak eskaintzen. Haietako batean Mixel Labegerie hurbildu omen zitzaien begiak zabaldu ziotela esanez, eta horixe zela berak egin nahi zuena.
Bilboko garai hartako abertzale eta euskaltzaleen inguruko istorioak ere kontatzen zizkigun, Israelen ibili zeneko istorioak, Beskoitzeko euskararen gainbeheraren inguruko arrangurak, Estitxu arreba kantariaren oroitzapenak, Irkhus anaia margolariaren berriak… Inoiz husten ez zen istorio-biltegi ibiltaria zen Ugutz.
Bitxia suertatu zitzaigun denoi, Goenkaletik deitu ziotenean, pertsonaia gaizto eta maltzur baten papera eman izana. Ez zen oso eroso ibili paper hartan. Antzeko zerbait gertatu zitzaion urte batzuk geroago Pantzo Irigarairi. Umorez, askotan aipatzen zuen Iparraldeko umoregileak gaiztagin bilakatzen zituela serieak.
Azken urteotan, gutxitan egokitu nintzen berarekin. Gehienetan, euskararen inguruko ekitaldiren batean edo manifestazioren batean. Eta beti umoretsu bezain kezkatu, herri hau erraietan eta erraietatik bizi, maite eta sufritzen zuelako. Eta horrenbeste maite zuen Euskal Herriari, abestiak, umorea, antzerkia, militantzia, txisteak eta pasadizoak eskaini zizkion –eskaini zizkigun–, besteak beste.
Jarrai dezagun, bere bidetik, Euskal Herri euskaldun eta alaia eraikitzen.