Bake Bideak eta Bake Artisauek euskal presoen alde 2022ko urtarrilaren 8 hontan antolatu duten manifestaldia Baiona haundiko hiru puntu ezberdinetatik abiatu da, arratsaldeko 3ak pasatxoan: Laugatik, Euskaldunen plazatik eta Réduit plazatik. Hiru zutabe osatu dira, horietatik bi Joaldunek animaturik. Zutabe bakoitzaren hasieran, ekimen ezberdinetan parte hartuko duten lehen ekintzaileak ikus zitezkeen kamiseta urdinekin.
Euskal Herriko hamarnaka hautetsi bildu dira Réduit plazan, herriko etxetik hurbil, horietan, Jean René Etchegaray Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko presidentea, Frédérique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatari sozialista, Isabelle Pargade departamenduko kontseilaria eta Euskal Elkargoko presidente ohia, Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza… Hiru zutabeak San Andres plazan elkartu dira, eta ekintzaileak taula gainera igo dira, 2000 pertsonatik gora bildu dituen manifestaldiari bukaera emanez.
Bake Artisauen helburua argia zen: blokeatua den fase batetik fase eraginkor berri batera pasatzea, «hurbiltzen diren hauteskunde presidentzial eta legegileen karietara, Estatuaren maila gorenean entzunak izateko gisan». Bukaerako hitz hartzeetan, Bake Artisauen bozeramaileek, Anaiz Funosas eta Jean-Daniel Elichery-k zehaztu dute, berehalako helburua Jon Parot eta Jakes Esnalen askatasuna lortzea dela. 31 urte dira Frantzian preso direla, Unai Parot ahantzi gabe, 31 urte daramatzana Espainian preso.
Urtarrilaren 8 hontan abiatu den fase berria, orain artekoek baino ekimen azkarrago eta ikusgarriagoek markatuko dute. Desobedientzia zibilerainoko ekintzak izan daitezke «ekintza pertsonal eta arduratsuak izanen dira, kolektiboki burutuak, publikoki, asumituak, gardentasunez eta bortizkeriarik gabe, bakoitzaren eta demokraziaren errespetuan…». Bake Artisauen bozeramaileak Frantziako estatu buruari, Emmanuel Macron-i zuzendu zaizkio : «Zure ardura da keinu bat egitea eta hautetsiek eta aktore ezberdinek bultzatzen duten euskal gizartearen dinamikan engaiatzea !»
Bigarren gomita bat luzatu dute, otsailaren 18ko data berriarekin. Lehen ekintza bat burutuko da, engaiatu diren hamarnaka ekintzailerekin.
Bozeramaileek honela bukatu dute hitzartzea : ‘Le temps presse, zuekin hasiko eta eramango dugu fase berri hau, bururaino ! Ion, Jakes, Unai gurekin »