MINTZALASAI
Hizkuntza mehatxatuen etorkizuna hirietan jokatzen omen da. Ipar Euskal Herrian, Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan metatzen da biztanleriaren herena eta euskaratik deskonektatuena: %8ko ezagutza, %1,6ko erabilera eta haurren %80ak ez du euskara ikasten ez etxean, ez eskolan. Baina aldi berean, BABn ere euskara errealitate ukigarria da: 15.800 hiztun, 600 heldu euskaldungai, 2.500 haur eta gazte ama eskolatik lizeora, 60 nini haurtzaindegietan…
Bateratu & Boteretu
Garenaz eta ingurumena aldatzeko dugun gaitasunaz jabetu gaitezen okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen.
Hartara gomitatzen gaituen ekimena ere bada gure festibala. Euskararen biziberritze prozesua molde konkretuan elikatzeko eta euskararen ahozko erabilera garatzeko sortu zen Mintzalasai duela 10 urte. Auzolanean, besteekiko osagarritasunean eta molde partekatuan.
Festibalaz gain, hainbat egitasmo garatzen ditu helburu hauek betetzeko: sakeleko hiztegi informalak, euskaltegietako aktibitate programak, webgune eta sare sozial erreferenteak, bestetan euskararen erabilera azkartzeko kita…
Parentesietatik oasietara
Urtero parentesia linguistiko ederrak zabaltzen ditugu, euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz. Eta ez da gutxi! Baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak. Egoera normalizatzeko bidean, dinamika iraunkorra eta urte osoko eskaintza ehuntzera pasa beharko dugu.
Bizi dugun egoera diglosikoa iraultzeko, eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin. Euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren espazioak, garaiak, aukerak, ohiturak. Bihotza edo trikitixaren mugimenduak inspiratu behar gaitu: zabaldu… eta trinkotu! Izan gaitezen beraz sortzaile eta ausart, bateratzaile eta boteretzaile, erakargarri eta t(r)inko!
Bitartean, 7 egunez 54 aktibitatez gozatzeko aukera eskainiko digu Mintzalasai festibalak 10. aldiz. Testuinguru berezi huntan, egitarau berritua eta erakargar-ria eraiki dugu tokiko 51 eragileren laguntzari esker. Elkartzeko eta euskaraz gozatzeko aukerak ez dira faltako.
Egitarau osoa ezagutzeko, klika HEMEN!