Panpi Olaizola, laboraria, EHLG-ko bulegoko kidea
Mixel alde frangotan eredugarria zen. Ni bezalako laborari gazte anitzek ofizio hortan sinestu dugu Mixelek eta bera bezala ELB inguruko beste aitzindari batzuk ildo berriak ideki dituztelako. Jadanik kondatu izan dut kolegio denboran lagun batzuen aitzinean kasik ahalge nintzela laborari seme nintzela errateko eta piskanaka kontzientzia hartu dut ofizio horren zentzuaz eta inportantziaz, noizbait izate hortaz zinez harro izan arte.
Arte hortan zerbait iragan da nere buruan bainan ere gure lurraldean. Laborari batzuk aldarrikatu dute ofizio hori ezinbestekoa zela eta ahal bezainbat lagunekin iraun behar zuela. Bide berriak jorratuz, Mixelekin frogatu dute gure etxalde ttipiek biharamuna zutela eta geroa gure esku hartuz biziaraziko genituela gure baserriak.
Zortzi urte huntan arizan naiz nere hein xumean Mixel eta EHLGko lagunen ondoan. Hasi aitzin, lehen gomita bat ukan nuen bulegora etortzeko. Gogoa izanik ere, duda batzu agertu nituen. Ezpeletan hautetsi, berriki burasoen segida hartua etxaldean, bi haur ttipi etxean, ez zen seriosa holako abentura berrian sartzea. Hortik fite, Mixelek zautan deitu. Orduan nituen dudak, maisuaren aitzinean ttipi gelditu ziren. Egun hortan eta geroztik ere ezin izan diot Mixeli ezetz erran. Hainbertze lanetan eredugarri eta lehen lerroan agertu da Mixel, hainbertze eman du gu laborarientzat eta beste guzientzat, neke zela Mixeli ezetz erratea. Dena den, zerbait nahi zuelarik…
Mixelek bide hoberena hartzen zuen beti
Urte horietan ulertarazi dauku ere, bai EHLGn bainan berrikiago bake artisau gisa, ez dela beha egon behar. Zerbait nahi badugu, xerka joan behar dugula, indarrak elkartuz, bide ona hautatuz. Hori zen Mixelen beste gaitasuna: hautatu behar zelarik, alde guziak neurtu eta bide hoberena hartzen zuen beti. Ideia guzien entzuten bazakien. Zuzentasuna zuen ipa-rrorratza eta bazakien hori ez zela baten ala bestearen monopoloa. Hitz gutitan egiten zuen ideia guzien bilduma, gaia sinplea izan ala ez. Umore sorta sartzen zuen ere, edozoin solas edo eztabaida goxoago baita irriño batekin.
Urte horietan Mixelek ulertarazi dauku
zerbait nahi badugu,
xerka joan behar dugula,
indarrak elkartuz,
bide ona hautatuz.
Oro har, uste dut Mixelekin aritu girenek ikasi dugula helburu handienetan sinesten. Eta nola dudatu: jakin du bere lagunekin sindikat indartsu baten sortzen, agintariek nahi ez zuten gure Laborantxa Ganbara eraiki eta zaindu du, hemen bakerik nahi ez zutenak inarrosi ditu eta azkenik segur naiz hainbertze bultzatu duen Laborantzaren Erakunde Publikoa sortuko dela laster !
Militante bezala huts handia sendi dut. Bulegoa utzirik ere, baginakien Mixel ez zela urrun. Email edo telefona dei batekin eskas genituen xehetasunak ukanen genituen edo gure dudak argituko.
Aitzina segituko dugu bere engaiamendua gogoan. Bere boz eztia, irriño goxoa, izpiritu xorrotxa luzaz eskas sendituko ditugu. Guziarentzat milesker Mixel eta adiorik ez.