Gure irratia
1981ko ekainean hamabost bat burubero bildu ginen, IKAS-ek Portneuf karrikan zeukan barne ilun hartan. Erdi mentsak: euskara hutsez ariko zen irratia nahi genuen! Puska bat ameslari ginen, bainan baginuen errabia hori, euskarazko egitura baten altxatzeko eta biziarazteko, Luzienek erran duen bezala ehorzketa mezan. Antena jadanik Erregelu kaskoan finkatua gure ustez, jakin gabe argi indarrik ez zela gain hartan eta argi indarra baitezpadakoa zela. Txomin hor zen lehen bilkura hartan eta 35 bat urte iraun du GURE IRRATIAren zerbitzuko, lehenik diruzain eta gero lehendakari… besteak beste! Zenbat eta zenbat dotzena bilkura ez du egin 35 urtez! Zenbat eta zenbat oren ez dio eman irratiari!
Diruzain luzaz beraz, ez baitzen jostetarik Ez zuen balio erakunde publikoetarat joaitea: ez zuten zentimorik Euskal Irratientzat. Gure inguruan baitziren Radio Bayonne, Radio Anglet, Radio Biarritz eta nik dakita zer, diru publikoak ongi hazten zituen… Haiek baizik ez zituzten ezagutzen. 88 megahertzetan? 98tan? 108tan? Badakizue non hartzen ahal diren? Ez! Denak hil dira bat bestearen ondotik. Gu, beti bizi 40 urteren buruan Txomin bezalakoei esker. Uste dut lehen laguntza publikoa jin zela Saratik: 500F edo 76,2 euro. Lehena! Pentsa nola preziatu genuen! Atea menturaz idekiko zitzaigulako esperantzarekin. Gero segitu zuten emeki emeki Heleta, Milafranga, Arberatze, Ahetze… Baziren hilabete oroz biraketa bat egiten zuten ehun eta berrogeita hamar bat entzule: batek 50 franko, besteak 100, hirugarrenak 200. Bainan lau langile baziren pagatzeko, Eta soldatetaz besterik ere bazen!
Ez dakit nondik ateratzen zuen dirua Txominek, guk tirahala korda baigenuen gure emankizunekin, bainan gauza segurua, zakutik edo zorrotik, hilabete guziez, faltarik gabe hor zela gure txekea. Smigean pagatuak ginen, bainan meta pollita heldu zen halere denak konda, hilabete oroz, hilabetez hilabete. Berria kurritu da, baizik eta behin baino gehiagotan bere sakelatik tapatu izan duela GURE IRRATIA-ko ziloa. Izan diteke, bainan sobera ixila eta humila zen holakoak nornahiri salatzeko. Ez dut horrelakorik entzun, bainan pentsatzen dut, itzul eskuin, itzul esker, ez zela beti ohean sartu orduko lokartzen.
Txominek bezala, diru ala denbora, bizia bera, euskara eta Euskal Herriarentzat eman duten nehork uste baino jende gehiago bada hemen: irratien ondoan, ikastola, gau eskola, udaleku, ELB, argitaletxe, aldizkari, EHZ, BIZI, Alternatiba, Eusko… Euskal mundutik kanpo, Diakite eta Pausak erakusten dute ez garela geure zilkoari begira dauden haietarik, identitarismo, komunitarismo, fundamentalismo edo nik dakita oraino zein “ismoz”, akusatzen gaituztelarik zenbaitek… Aitortuko dizuet, itzalak itzal, geroari buruz baikor naizela, hemen daukagun gazteria aberats horrengatik. Dinamika aberats horren gatik.
Errient
Hoinbeste eman duelarik GURE IRRATIAri, Txominek bihotza zabala zuen bestalde ere, bihotz zabala, beti zabala baita. Ortzaizeko elizatik zenbait metrotan sortua, geroztik bidea zabaltzeko botaia izan zen Mentan, (moda ez da gaurkoa!) , orai “Emmaüs” bilakatua den Baudonnen hasi zituen bigarren mailako ikasketak: Afrikarako misionesten seminarioa zen. Hogei urtetan Algeriarat joan zen besteak bezala eta handik landa Elizako eskoletan errient iragan du bizi guzia, Hazparneko parropiako eskolan hartzen zuela Aihertza errient zaharraren segida. Soldatak ere moda zaharrekoak ziren: publikoan irabazten zen soldataren erdia baizik ez zen hunkitzen eskola libroetan, Debré legea bozkatua izan arte. Horrelako hautua egiteko ez da diruaren esklabo izan behar, bihotz-hertsia. Eskola horietako sindikatu ofizialaren ondoan, CFDT sindikata sortu zutenetan zen, Martta bere andrearekin, ez baitzen denen gustukua izan.
Eskolen munduan ere euskararen alderateko karra erakutsi zuen. Marttarekin lehen ibilkarietarik izan zen: astean hiru orenez ikasten zuten euskara haurrek! Elebidunak sortu zirelarik, sail hontan sartu ziren berehala, biak, bidegile.
Algeriako gerla
Baudonnetik landa Nantes, Belgika eta Lyonen gaindi ibilia baitzen apezgai, ez da dudarik gogoa ideki ziola horrek, hemengoaz besterik ikasi baitzuen. Nahi baino gehiago jastatu zuen Algeriako gerla eta ez zuen batere gehiengo handiaren begiekin ikusi. Urte haietan gutiengo ttipi batenak baizik ez ziren ikusmoldeak zituen: kolonien independentziaren alde zen! Algeria barne! Orroitzapen hunkigarriak idatzi ditu “Euskaldunak Algerian” liburuko 30 orrialdetan. Baxoa eskutan, teniente izan beharko zuelarik, kaporal gelditzea erabaki zuen, kaporalaren soldatarekin, lagun mina zuen beste apezgai batekin, preso emanak izateko arriskua hartzen zutela.
Han ikusi izigarrikeriak aipatu eta lagun horrek erran zion: “Hi eta ni ari gaituk erran eta erran, gerla ustelkeria dela. Egun guziez ohartzen gaituk arrazoi ginuela errefusatu ginuelarik harma erabiltzea. Bainan zer asto parea! Nik gerlako zakurrak hazten ditiat. Zertarako? Fellaghak harrapatzeko. Hik gizonak arrestatzen dituk. Zertarako? Torturatuak izateko. Gu gerlaren kontra? Ez, ez, ez! Izorratu gitie. Alta uste ginian ba besteak baino abilagoak ginela.”
Lagunak xikitatuak, barabilak ahoan sartuak ikusi zituztelarik: “Egun hartan, aitortzen dut herra nuela ene baitan, nik bestek bezala, ezin gaindituzko herra.”
Edo hau oraino: Ez da harritzeko, argienek eta sentsibilitate handikoek, ez baitzuten hori onartzen eta desesperaturik beren buruaz beste egin baitzuten. Bertze batzu burutik eritu baitziren: Constantinen, ospitaleko azken estaian, ez zen besterik. Xabi bere semeak erraiten duen bezala: Aita gerla egiterat igorri zuten Algeriarat eta harek hango herria maitatu du.
Bai, Gure Irratiak ainitz zor dauk Txomin. Bainan hire bizia ez duk hortan mugatu. Besterik ere bahuen hire alportxetan Jondoni Petriren aitzinean agertzean. Eskermila! Bide bera hartzen dutenek die Euskal Herria, bai eta mundua zutik emanen.
Luzienek ehorzketetan aipatu Laboaren olerkiarekin bururatuko diat:
Hi sortu hintzen enbor beretik sortuko dituk besteak
burruka hortan iraungo duten zuhaitz ardaxka gazteak