Euskalki andana batetik, euskara batu edo “estandarrak” hizkuntza nazionala sortu digu. “Estandar” hori zer puntutan dugu zinez baturik ? Grafian, deklinabidean, aditzan, erakusleetan, herri eta leku izenetan, Euskaltzaindiko Hiztegi batuan. Azken horren erabileran gara gehienik bereizten mugaren bi aldeetakoak, beherago zehaztuko dugunez.
Hegoaldetik batzuek galdetzen digute: “Zergatik eta zertako duzue Iparraldeko batua?” Erantzuna sinple da: zuek askotan Hegoaldeko batu bat erabiltzen duzuelako, hiztegian guretzat aski urruna, ez errateko arrotza, gainera maiz erranaldietan gazteleraren pleguetara tolestua. Hortik euskara batuaren izenean saltzen zaiguna, frankotan gipuzkera osatua da, hots gipuzkera gehi H letra, eta det aditz formaren ordez dut, izkirioz bederen. Haatik aho-mihiz hori ere ez: H ez duzue ahoskatzen gutiz gehienek, eta det hara, det honara zabiltzate, baita ondo hara, ondo honara, adibidez euskalki ezberdinetako bertsolari saioetan ere, hainbestetaraino non Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko euskaltzale batzuek uste duten hori dela batukoa.
Zinezko batua, mugaren bi aldeetako euskalki ezberdinen arteko hurbilketaren fruitua dugu. Hor beti gogoan dut Koldo Mitxelenari behin entzuna: “Erdiko euskalkiak ados daudenean, hori da batua. Haatik erdikoak ez, baina bazterretakoak ados daudenean, hori da batua.” Euskara batua lapurteraren eta gipuzkeraren artean egiten da nagusiki: erran dezagun hamarretarik zortzia, nonbait han. Euskal literaturan halako toki handia daukan lapurtera baztertzen duen euskara bat enetzat ez da batua, gipuzkera osatua baizik ez da. Txillardegirekin hasirik bi belaunaldiz egin dugun lanak zorte hobea merezi du nire ustez, nahiz lan horrek jada ekarpenik utzi duen mugaren bi aldeetarik, baina gehiago agertu behar luke geroan, borondate on eta irekidura pixka batekin.
Hiztegian ditugu arazorik handienak, Euskaltzaindiko Hiztegi batua ez dugulako aski erabiltzen, edo gaizki erabiltzen dugulako. Hor agertzen dira euskalki guztietako hitz klasikoak, literaturan aski erabili direnak. Hitz batzuen ondotik horien iturriko euskalkia aipatzen da, adibidez “prefosta” hitzari “Zub” oharra gehitzen zaio. Ondorioz Hegoaldeko askok eta Iparraldeko batzuek uste dute hitz horiek tokiko hiztunei utzi behar zaizkiela, eta ez batuan baliatu. Beraz Zub, Lap, Naf, Ip… marka daukaten hitz guztiak bazter uzten dituzte, beraz irakaskuntzatik desagertzen zaizkigu Iparraldean ere maizegi.
Prefosta erdiko euskaldunen kontra ez dut ezer, bereziki ekialdeko gipuzkoarren aurka: euskararen bizkar hezurra osatzen dute, beharrik hor ditugu: bizkaierarekin batzea askoz ere zailagoa izango zitzaigun! Baina kontutan har dezatela zer lana kosta zaigun bazterretakoei geure buruak euskara batuan moldatzea, eta lehenik horren eraikitzean parte hartzea, batzuk 1963 urtetik hasiz Txillardegiren inguruan: beraz erdiko euskaldun horiek ere indar bat egin dezatela beren euskara pixka bat zabaltzeko, adibidez ongi beretuz, baita bereziki (batez ere bikoteak ehortzi berri diguna), eduki / ukan (eta ez beti izan), ohiko. (eta ez ohizko), aurkitu, ediren, kausitu, topatu (eta ez beti atzeman pobre hori, berriki hemendik sartua)… Urrats erdi baten egitea lukete.
Euskaltzaindiko arauak eta gomendioak kontutan har ditzagun. Batzuen eta besteen laguntzeko, berak Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) agertu berri digu, eta berrikiago digitalizatu euskaltzaindia.eus webgunean, euskaraz ikasi nahi dutenentzat frantses itzulpena gehituz euskaltzaindia. eus delakoan. Arauen aurkeztean Iparraldeko hizkeren berezitasunak azpimarratzen ditu, adibideetan Iparraldea eta euskara batuan onarturiko ipartar formak lehenesten. Hori ote da “Iparraldeko batua”? Gainera denek ere gehiago irakurri behar genuke. Literaturan hiztegi zabaleko euskara batua maisuki eta naturalki bezala erabiltzen duten idazleak baditugu Euskaltzaindian berean, hala nola Atxaga, Kintana, Peillen, Zabaleta …inguruan kopuruz joriago, Gabriel Aresti, Txillardegi, Hasier Etxeberria (hiruak zenduak, baina horien idazkiak hor ditugu), Egaña, Koldo Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria, Sarrionaindia, Kirmen Uribe, Itxaro Borda, eta gazteagoetan beste idazle on mordo bat. Beraz badugu non zer hauta eta zer goza, baita zer ikas.
Ni halere kezkatzen nauena, mintzaira hori Gipuzkeraren erabileraren erreakzioan sortu baldin bada, zergatik den Iparraldeko batua eta ez Ekialdeko batua adibidez, Nafarroako hizkerak barne hartuko lituzkeenak, han ere ez baitira erabiltzen “det”, “gera”, etab., baina bai erabiltzen dira “errain diot”, “ibilki naiz”, eta nola ez “aitatxi” eta “amatxi”, bertze adibide hainitzen artean.
Arrazoina zure testuan aipatzen duzu: hegoaldean gero eta gehiago erabiltzen den euskara, maiz erranaldietan gazteleraren pleguetara tolestua dela. Eta gurea, simetrikoki, frantsesaren pleguetara, ahoskerara eta hiztegira tolestua. Hots, Euskal Herri penintsularrean euskara espaineratua erabiltzen dutela, eta Euskal Herri kontinentalean euskara frantsestua.
Aski dugu musika munduan arrakasta izaten ari diren bi talderi kasu ematea: Lapurdiko “Pauline eta Juliette”, eta Iruñerriko “Chill Mafia”. Bi neskek, beren kantuetan euskara ia frantsesa balitz bezala ahoskatzen dute, hori noski ez da haien erru zuzena, baizik eta euskara ikasi duten testuinguruarena. Iruñeko xelebreek aldiz, erraten digute ahoan bilorik gabe euskañolez kantatzen dutela, karrikan entzuten duten euskara halakoa baita. Bi talde horien entzuleen artean ez dago euskara baturik.
Orduan, arazoa espaineraren eragina duen gipuzkeraren erabilera euskara batuan pisu gehiegi hartzen duela baldin bada, nere ustez konponbidea ez da horren parean frantsesaren eragina duen bertze mintzaira bat sortzea, honek batu baino zatituko gaituelako.
Bat egiten dut osoki Jean Louis Davant-en erranekin.
Hitz bat halere, haren ustetan erdialdekoek behar lukete indar bat egin hiztegiaren kontutan : « Urrats erdi baten egitea lukete ». Ene ustez ez da hori gertatzen batez ere erdialdeko askok (batez ere giputzek) ez dutelako gipuzkeraren hitzetik kanpo gauza handirik ezagutzen.
Baina bada besterik ere, eta ene ustez, orokorrean ez dira aipatzen hain kaltegarriak diren « erran-moldeen » kalkoetaz.
Hain zuzen Hego Euskal Herrian badute euskararen gainetik hizkuntz eta kultura menderatzaile azkar bat : espainiera eta espainiar kultura…eta Ipar Euskal Herrian, frantsesa.
Eta espainiera eta frantsesa ez dira berdinak : espainieraren « meter la pata » esaldiak ez du kalko bat frantsesez, eta alaber frantsesaren « faire le point » erran-moldearen espainierazko kalkorik ez da.
Alabainan hegotiar anitzek beti erraten dute (eta izkiriatzen ere) HANKA SARTU, eta iparrekoek PUNTUA EGIN. Eta kontuan hartzen baldin badugu Hegoalden gehiengo handi batek ez duela frantsesa ezagutzen eta ber gauza Iparraldean espainiera…
Kultura aldetik Euskal Herriak jasaiten duen kolonizazio bikoitzaren ondorio zuzena da hau.
Berrikitan jakina izan da audio baten bidez (Nieto guarda zibilen kapitaina eta Perote Espainiako zerbitzu sekretuen bigarren agintariaren arteko elkarrizketa), besteak beste hau :”Mi impresión es que en el interrogatorio posiblemente fue una parada cardíaca como consecuencia de la bolsa de plástico en la cabeza”, eta ere « Se les ha ido la mano» (Zabalzaren heriotzeaz ari.ziren) Lehen paragrafoa batere problemarik itzulia izan da eta xuxen. Bigarrena dela-eta Berria kazetan agertzen zena « Eskua joan zaie », irriegingarria izanen litzateke ez balitz patetikoa ; ondotik beste euskarazko media guziek forma bertsuak erabili dituzte. Ipar euskalherritar batek ez du jakiten ahal zer erran nahi duen erran-molde horrek.
Zergatik hori horrela ? Batere dudarik menpekotasun kolonialaren ezaugarri garbia besterik ez da.
2013. urtean « 31 eskutik » gunean argitaratu nuen « Euskara batua Iparraldetik » izeneko txostena. Ondotik Euskaltzaindiaren eskutan utzi nuen lan hori Baionan egina izan zen bilkura batean Baina Euskara batuari buruz Iparraldean, 2018. urtean, egina izan zen kolokioan ez zuten txosten hau aipatu ere…
Eta azken 10 urtetan kalko horiek emendatzen ari dira, nahiz begi-bistakoa den espainierazko kalkoak anitzez ugariagoak eta zabalduagoak direla frantsesetik hartutakoak baino.
Elosegi Xabier