Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Izotz zati bat ur epelean igerian ari denean, denbora baten buruan urtuko da, eta ttipia bada, denbora gutxi barne, nornahik dakien bezala. Izozmendi batek denbora gehiago iraunen du, eta poloetako lur izoztuek biziraupena oraino segurtatua dute, nahiz eta hori ere mehatxatua dagoen, lurraren berotzearen ondorioz. Izotz zati ttipiak elkarrengandik zenbat eta urrunago, zenbat eta barreiatuago, orduan eta berehalakoagoa dute desagerpena. Euskara eta euskal komunitatea ez ote dira izotzaren gisan ari urtzen?
Hots, euskal hiztunen komunitatea trinkoa den lekuetan (“arnasguneak” deitzen dituzte) euskarak oraino segurtatua du etorkizuna, epe ertain edo aski luzerako bederen. Haatik, erdal itsasoan igerian ari diren euskaldun multzo isolatuek zailago dute. Adibidez, Lapurdi kostaldean, lehendik ere euskara erabat baztertua, abandondatua eta gutxitua bazen, azken urteetan gero eta gutxiagotua da, frantsesak trumilka datozelako; ondorioz, euskaldunak gero eta arrotzago sentitzen dira beren herrian. Euskaldunak ez badira elkartzen (bikotean, familian, lagun artean, kultura ekitaldietan edo bestetan), frantsesez bizitzera kondenatuak dira. Itsaso frantses horretan urtzen dira izotz euskaldun txikiak. Aldiz, izotz zati horiek elkarturik, izozmendi handiagoa sortuko lukete, eta aiseago iraun lezakete urtzeko arriskuaren aurrean.
Euskal Herrian maiz eman zaio lehentasuna tokian tokiko lanari. Alabaina, noberak beste nehork baino hobeki ezagutzen du bere herriko edo hiriko egoera. Horregatik, ikuspegi orokorretik egiten diren planteamenduak ez dira beti biziki ongi hartuak izaten. “Zarautz ez da Angelu; Donostia ez da Baiona. Utz gaitzazue estrategiak pentsatzen gure egoeraren arabera…”.
Auzia ez da Donostian erabakitzea zer egin behar den Baionan (edo Gasteizen, Tuteran edo Barakaldon). Baina kasu egin dezagun beste muturrera ez erortzearekin, erran nahi baita osotasunaren ikuspegia galdurik egiten den tokian tokiko lanera mugatzearekin.
Lapurdi kostaldean,
lehendik ere euskara erabat baztertua,
abandondatua eta gutxitua bazen,
azken urteetan gero eta gutxiagotua da,
frantsesak trumilka datozelako.
Denek elkarrekin pentsatu eta erabaki behar dugu nola egin euskara indartzeko, denek elkarren beharra dugulako. Bide bat eta modu bat aurkitu behar dugu isolatuak diren izotz zatiak biltzeko, erdal itsasoan itotzera kondenatuak diren euskaldun isolatu horiek elkartzeko. Eta hori ez da egiten txoko bakoitza bereaz arduratuz. Gune erdaldunetako euskaldunen arteko sareak trinkotzeaz gain, dudarik gabe, gune erdaldunenek badute gune euskaldunenen beharra.
Elkarren arteko harremanak sendotu behar dira. Leku euskaldunenetakoek pentsa lezakete Lapurdi kostaldekoek deus gutxi luketela ekartzeko; baina hori ez da horrela, Euskal Herri osoko ikuspegiarekin aritzeak balio dielako ikusteko herri bat garela, eta euskararen egoera ez dela beren eskualdean bezalakoa gainerako lekuetan, beren errealitatea ez dela bakarra. Eta zatiz zati urtzen ari den izotz puska handiaren higadura beren eremura ere helduko delako goiz ala berant.
Ildo horretan, estrategiak ezin dira pentsatu errealitate administratiboaren arabera, baizik eta zazpi herrialdeetakoak elkarturik. Eta elkartze horretan, denek lidergo eta inplikazio maila bera behar dute. Horrek erran nahi du batzuek lidergoaren zati handi bat utzi behar dutela. Naturala da euskalgintza eta euskara indartsuen dauden tokietan sortzea lidergoa.Indarra dute jende kopuru handiena dutelako, eta baita baliabide ekonomikoak ere. Baina horrek ez ditu egi osoaren jabe egiten. Horiek horrela, “periferiak” “erdiguneari” dion mesfidantzak ere ez du balio, hangoen indarra, esperientzia eta gogoeta aberasgarriak zaizkielako.