Aro berri bat hasi da Katalunian. Ondoko hilabeteetan anitz dago jokoan. Tentsio handiko garaiak datoz. Espainiak ez du horrela amore emanen. Goizegi da ondorioak ateratzeko, Kataluniak orain arte egin duen bidearen araberako estrategia finkatzeko edo bidea hartzeko. Garbi ageri dena da, ordea, askatasuna ezin dela negoziatu Espainiarekin, ez dagoela aldebikoa den prozesurik eta bidea, egitekotan, bakarrik egin behar dela, Espainiarekin konfrontazioa eragiten badu ere.
Alabaina, boterea Madrilek du, eta beti izan du. Hori izan da mezua, Kataluniako Generalitatearen kudeaketa Madrilek hartu duenean. Kataluniaren erakunde autonomoek onartzen dituzten legeak ez badira Madrilen gustukoak, erantzun gogorra etor daiteke. Lehenago ere, Espainiako auzitegi konstituzionalak baliorik gabe utzi izan ditu Kataluniako parlamentuak onartutako hainbat lege. Baita Euskal Autonomia Erkidegoak onartutakoak ere. Hots, erakunde autonomo horiek Madrilen borondatearen menpe daude. Beraz, Espainiaren erakundeak dira, tokian tokiko politikariek kudeatzen badituzte ere. Hori ez da askatasuna.
Independentzia aldarrikatu ondoan, alderdi abertzaleek nola jokatuko dute Mariano Rajoyk abenduaren 21erako deitu dituen hauteskundeetan? Logikoki, Madrilen baimenaren arabera baizik funtziona ez dezakeen erakunde horretara joateari uko egin behar liokete eta, beraz, hauteskundeetara ez aurkeztu. Bi erakunde paralelo ariko lirateke politika egiten: Madrilen eskumakila den Generalitatea, eta herriak eman dion mandatutik Kataluniako Errepublika eraikiko duena.
Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak ere ez dute eskumen gehiago izanen independentzia aldarrikatzeko. Katalunian bezala, Espainia oldartuko litzateke. Beraz, biltzar konstituziogile bat sortzekotan, herritik sortu beharko da. Kataluniak bazuen herriaren indar hori, zenbait urtez milioika lagun jaitsi baitira karrikara independentzia galdez. Hor dago indarra. Eta indar hori azken hamar urteetan loratu bada ere – Espainiak Estatuta baztertzearen ondorioz – erroak anitzez barnago ditu. Herri-kontzientzia aktibatu dute urtez urte, isil-isila, lan sakona eginez.
Herri-kontzientzia hori
aktibatu behar dugu Euskal Herrian ere,
herriaren indarrak (gehiengo zabal eta ukaezinak)
aldarrikatu ahal izan dezan,
egun batez, independentzia.
Herri-kontzientzia hori aktibatu behar dugu Euskal Herrian ere, herriaren indarrak (gehiengo zabal eta ukaezinak) aldarrikatu ahal izan dezan, egun batez, independentzia. Indar hori ez dagoen bitartean, indar hori eraikitzen aritu behar gara. Batetik, garbi utziz (barnera eta nazioartera begira), Euskal Herria herri okupatu bat dela, Frantziako eta Espainiako legediek ez dutela zilegitasunik Euskal Herrian. Alde horretatik, komeni da garbi uztea Kataluniaren eta Euskal Herriaren arazoa ez dela mugatzen frankismora edo post-frankismora. Arazoa estrukturala da. Demokrazia, diktadura, errepublika edo monarkia izan, ezkerra ala eskuina, Espainia inperio bat da, eta zapaldurik dauzkan herriak espainoltzean oinarritzen da bere indarra. Eta baita Frantziarena ere. Baldintza horietan, guretzat demokraziak diren ala ez eztabaidatzea, denbora galtzea da.
Zalaparta handietara ohitu gara Euskal Herrian. Beharbada ez da horretarako tenorea. Utz dezagun Katalunia bidea egiten. Bitartean, lantokiz lantoki, elkartez elkarte, etxez etxe, egin dezagun lan isil bezain sakona: argituz zer den (eta zer ez) autodeterminazioa, demokrazia, zer den herria, zer den gizartea, herri zapaldu batean… Eta bakoitzak gure arloan lan egin dezagun herri kontzientzia indarberritzeko eta, noizbait, herri hau askatasunera eramanen duen sare sendoak josteko. Eta hori, herri osoan.