1789ko udaberrian, Frantziako Iraultza handiaren hasieran, Iparraldeko euskal eskualdea hiru lurralde historikotan zatitua zegoen: Zuberoa Herria, Nafarroako erresuma (praktikan Baxenabarre) eta Lapurdi Herria, bakoitza bere biltzar, administrazio, legedia eta zerga bereiziekin.
Frantziako diputatuek ezabatu zituzten abuztuaren laueko gau famatu hartan, erresumako probintzia eta herrialde guziak bezala. Horien ordez lurralde mota berri bat asmatu zuten: departamendua, ahal bezain antietnikoa.
Euskaldun diputatuek – hamabi ziren, “probintzia” bakoitzetik lau – euskal departamendu bat eskatu zuten, haatik ez erdietsi: biltzar konstituziogileak 1790 urte hastean euskaldunak eta bearnesak elkarrekin ezarri zituen «Béarn» deituriko departamenduan.
Baina berehala frantziar diputatuak ohartu ziren izen horrek euskaldunen anexioa klarkiegi erakusten zuela: “Basses-Pyrénées” bilakatu zen, eta 1969an “Pyrénées-Atlantiques”, apaltasuna itsusi delakoan…
Iragan bi mendeetan euskal departamendu baten eskea hamar bat aldiz errepikatu da.
2.a 1836an izan zen : Baionako Komerzialdegiak Louis-Philippe erregeari eskatu zion Aturri aldeko departamendu bat eraiki zezan, prefetura Baionan kokatuz bistan dena.
Gero behin baino gehiagotan, komerzialdegiak xede hori berpiztuko du, bereziki 1900an eta 1947an. 1945ean, Marc Légasse abertzale sutsuak legegai bat idatzi zuen izenburu honekin: Statut d’autonomie du Pays Basque dans la République Française. Projet de loi. Xedea honela zehazten zuen : “former un département particulier dans l’unité de la République Française”. Jean Etcheverry-Ainchart diputatuak dosiera pasa zion Frantziako biltzar konstituziogileko lege batzordeari, baina horrek ez zion kasurik egin.
Ondoko entsegua Enbata mugimendu sortu berriak egin zuen 1963ko Aberri Egunean.
Berriz aipatu zuen 1964 eta 1967ko bozetan. Azken horietan ontzat hartu zioten Henri Grenet eta Bernard Marie diputatugaiek, baina segidarik eman gabe.
1974an EHASek departamendu-eskualde bat proposatu zuen, eta presidengorako bozetan Mitterrand hautagaiaren inguruko buruzagitzak xedea onartu zion, baina Giscard gailendu. 1975ean sortu zen departamendu berri baten aldeko elkartea, eta 1981ean hautetsiena.
1981ean diputatu sozialistek legegai batean eskaria errepikatu zuten, eta Mitterrand presidentegaiak bere 110 proposamenen artean sartu zuen 54. tokian, baina laster uko egin zion, Frantzia ez zuela urratzera utziko erranez Baionan.
1994an Michel Inchauspe diputatuak legegaia Frantziako legebiltzarrean aurkeztu zuen, eta gutiz huts egin. 1999an berriz entseatu zen, debaldetan.
1995eko presidentzialetan Jospin hautagaiak xedeari atea irekirik uzten dio, baina gero, gobernuburu izanen delarik, ez dio segidarik emanen. 1996ko urriaren 30ean Iparraldeko auzapezek xedearen alde bozkatzen dute gehiengo handiz (2/3), eta udal kontseiluek ber hautua eginen dute.
1999ko urriaren bederatzian, dozena bat mila jende Baionan bilduko gara, “euskal departamendua nahi dugu” aldarrikatuz.
Azken urte hauetan Iparraldeko hautetsiek eta indar biziek Batera plataforman lan handia egin dute xede horren inguruan, hemengo Euskal Herriari erakunde ofizial baten emateko. Haatik departamenduaren ideia motza bazterturik, Korsikakoa bezalako araudi (statut) berezi bat hobetsi zuten.
Frantziako gobernuak ezetz erran du, baina gero prefetak Plan B delako baten egitea duen proposamen bat ekarri die, eta hona non betea den.
Iparraldeko herrien elkargo bakarra euskaldunok proposatzen dugunetik urrun dago, baina lehen urrats bat izan daiteke. Euskal Herria ofizialki hor dago Bidasoaz honainditik ere, 227 urtetako purgatoriotik lekora.
Iparraldeko herrien elkargo bakarra
euskaldunok proposatzen dugunetik
urrun dago,
baina lehen urrats bat izan daiteke.