Apirilaren 7an, Alzaziako hautesleak bozkatzera deituak dira. Alzaziako lurralde kolektibitate batuaren alde edo kontrako hautua egitea galdatua zaie. Hau da, bi departamenduak eta eskualdea batuz, kolektibitate berezi baten sortzearen alde edo kontra. Joan den azaroan, hiru erakundeetako 122 hautetsien gehiengo zabalak bateratze horren printzipioa onartu zuen. Erabaki hori baieztatzea edo ezeztatzea zaie galdatua Alzaziako hiritarreri ondoko igandean. Baietzak irabaz baleza, lege berezi bat bozkatu beharko luke Frantziako legebiltzarrak, kolektibitate berriari baieztapena emaiteko.
Ez litzateke lehenbiziko aldia Alzazia osoa erakunde bakar batek kudeatuko lukeela. Kasik 50 urtez, 1870-tik 1918-ra, Alemaniako land bat izan zen, Reichsland Elsass-Lothringen. Garai hori bizi izan zuten Alzaziatarrek preziatu zuten land bat izateak ekarri zizkien eskumen zabalak, Alemaniako antolakuntza politiko-administratiboak eredu hori zekarkielako.
Kolektibitate bakarraren bultzatzaileen argumentuak zentzuzkoak dira : egitura administratiboa sinpletzea, politika publikoen efikazia haunditzea, lurraldearen antolakuntza politiko-administratiboa gerorako desafioeri hobeki egokitzea. Berdenboran, zerbitzuak batuz et bikoitzkeriak guttituz, gastu publikoak %20-ez bederen jaustea dute helburu.
Alzaziako berrikuntza instituzional hori ez da gobernu sozializta prestatzen ari den deserdiratzearen 3. akta horren barnean kokatzen. Aspaldi danik ari da hiru erakundeetako eskuineko gehiengoa, bereziki Philippe Richert, Eskualdeko lehendakaria, kolektibitate bakarraren egitasmoa bultzatzen.
Alzaziako hautesleek proiektua baieztatzen balute, zein segida emanen dion frantses gobernu sozializtak, nehork ez daki. Frantziako sozializtak bezalako jakobinizta errabiatuak boterearen jabe izanik, bada beldurrik horrelako iniziatiba berritzaileek jarraipen gutti izanen dutela. Kolektibitate berri hori bezalako erakundeak sortzea feodalitateak eraikitzea omen da, berdintasunaren kaltetan. Funtsean, azaroko bozketan, bateratze egitasmoaren kontra agertu ziren bakarrak sozializtak izan ziren, Estrasburgoko auzapeza buru.
Sozializtak askotan berrikuntza eta esperimentazioaz mintzo dira. Bainan hitzetarik ekintzetarat bide luzea dela dirudi. Denak oroit dira Jospin-ek zein aitzaki erabili zuen Iparraldeko departamenduaren eskakizunari ezetz erraiteko : hemengo hautesien gehiengoa ez zela alde. Orain berriz, gehiengo hori alde izanez, Lebranchu-k joan den astean adierazi du Euskal Herriko lurralde kolektibitate batek antolakuntza administratiboa sinpletzeko ordez konplika lezakeela, daudenen gainera beste erakunde bat gehituz. Gezur eta intokzikazio hutsa : nehork ez du Pyrénées-Atlantiques departamenduaren barneko beste egitura bat galdatzen. Guk geure lurralde kolektibitate berezia nahi dugu, oraiko departamendutik behex. Hori Lebranchuk edo Vallsek arras untsa badakite.
ETA-ren borroka armatuaren hipoteka altxatua da. Aitzaki hori ere galdu du gobernu frantsesak. Orduan, bere imobilizmoa nolazbait justifikatu behar du. Napoleonek utzi eredu administratiboak XXI. menderako ere balio duela defendatzeko edozein estakuru on zaio. Hexagonan dauden berezitasunen ukatzeko zer nahi asmatuko du, beti bezala.
Lebranchu-k deserdiratze lege egitasmoan Iparraldeko kolektibitate berezirik ez dela agertuko aitortu ondoan, senatuaren gain utzi du proposamen zerbaiten egitea. Jokotria horrekin, gobernuak adierazten dauku gure ezagupen instituzionalaren eskakizuna ahanzten ahal dugula. Ezetz biribila beraz, aldi bat gehiago. Azken urtean, nehork uste ez zuenean, Iparraldeko hautetsien arteko kontsentsu zabala lortu zen Parisen abots bakar batez mintzatzeko. Blokajaren aintzinean, zenbatetaraino iraunen duen laster ageriko.