Espainiako Estatuan, Francoren diktadura bukatu zenetik, Euskal Herriko hauteskundeetan ETA- ren guduka armatua eta “indarkeria” onartzen zuten alderdi eta politikarien legezkotasuna izan dira ardatz nagusiak. Duela bost urte ETAk sueten deklarapen bat egin ondoren eta desarmatze prozesua egiten hasten zenetik, erabakitzeko eskubidea eta alderdi berrien sortzea dira gai nagusiak bihurtu; esan gabe doa Kataluniak demokratikoki independentziarako hasitako bideak nazio arazoa inoiz baino azkarrago jarri duela Espainiako Estatuan, baita Europa osoan ere, beste botere guztiek gutxi aipatzen duten arren.
Euskal Herriaren mendebaldeko hauteskundeak direla eta, euskararen berreskuratzea inoiz baino izan den ardatzik azkarrena bihurtu dela bistan da.
Hiru eraso jasan ditu euskarak: Idoia Mendia sozialistarena, Iñaki Oiharzabal PP-kidearena eta Albert Rivera Ciudadanos-koarena. Euskeraren kontrako erasoak betiko tankerakoak izan dira: euskarak ez du ezertarako balio; inposatu nahi dela; beste lanen egiteko posibilitate intelektualak mugatzen dituela; hots XIX-garren mendearen bukaeran Unamunismo ezezkorraren ondorioak. Halakorik idatzi zuten Espainiako sozialistek “El socialista” izparringian, esanez euskarak desagertu behar zela Espainiaren batasuna sendotzeko. Tristeki famatuak dira Iñaki Oiharzabalaren hitzak Euskal Jaurlaritzak Iparraldeko ikastoleentzako emandako diru laguntzak ukatzen zituelarik. Ez omen dute Espainiako gobernuek, eskuin zein ezkerraldekoek onartzen munduko Cervantes kulturgune guztiak laguntzen, horren beharra agertzen delarik? Albert Riveraren hitzek ez gaituzte harritu behar, haren jarrera zentralistak eta jakobinoak ezagutzen ditugun bitartean.
Euskara inposatu nahi dela esaten duenak ez ditu bere gogoan herri batek bere hizkuntza propioaren galerak eragiten dituen arazoak: belaundien arteko desberdintasunak eta harreman murriztuagoak; inguruaren giroa gero eta arrotzago bihurtzea; iragan aldietako altxor kulturalak ahanztea; herriaren nortasunaren galdu eta bestelakatzea. Eusko lurraren nortasuna maite duten jende andana batek, kanpoan nahiz bertan sortuak, euskararen ikasteko beharra sakon-sakonetik nabaritu dute eta hori ez da batere inposizio bat.
Idoia Mendiaren bideoa faltsukeriaz beterik dago; ez da batere egia euskaldun ostalari batek erdaldun bati ez zerbitu nahi ez izatea, eta Euskal Herriko administrazioan euskararen jakitea eskatzea oso gauza normala da bere nortasuna zaindu eta berreskuratu nahi duen herri batean. Lana zaila dela ezin da uka, hizkuntza baten berreskuratzea suntsitzea baino zailagoa baita.
Azkenik hizkuntza ofizial guztiak ez ote dira “inposaturik“? Harrigarriagoa dena Idoia Mendia bera elebiduna izatea, euskara hain ongi dominatzen ez duela askok esaten duten arren. Alderdi baten zerrendaburua izanik bere esperientzia eredutzat erakutsi beharko lioke biztanlegoari, bestela haren jarrera – euskaraz aritzea – oportunismo hutsa litzateke.
Beste eraso gogor bat gertatu da Alonso PP-kide eta Pili Zabalaren artean ere, lehenak bigarrenari esan ziolarik terrorismoaren biktima ez zela, baizik- eta polizi batzuek egindako gehiegikeria batena. Protagonista bien arteko isilunea esanahikorra izan zen. Dakigunez, Pili ren neba erail zutenak eta basakeria horren baimendu eta gainbegiratu zutenak libro geratu direla. Biharramunean barkamena aurkeztu zion Alonsok Pili Zabalari; baina nondik zetorkion aldaketa hori? Bere gogotik ala hauteskunde denboran izanik alderdiko buruek emandako aholku batetik? Nork dakike? Nire ustez hobe izan zena esandakoa ez esan izana, edo biharamunean egindako zuzenketa unean bertan egin izana.
Arestian aipaturiko eraso horiek alde eta sensibilitate guztietako abertzaleak erne bihurtu behar ditu, Euskal Herrian dauden alderdi espaniolistek ETAren borroka armatua ez baitute gogoan, baizik-eta Euskal Herriaren nortasuna bera. Datorren igandean eginen diren hauteskundeetatik, sondaketek diotenez, EAJ eta EH Bilduk lortuko dituzte lehen tokiak . Ala izan bedi eta boterera etorrita alde guztietako abertzaleek egitarau komun bat egin bezate.