Euskal Herriko herritarren %40 legoke euskal estatu bat sortzearen alde, Ipar Hegoa Fundazioak atera berri duen ikerketa baten arabera. Eusko Jaurlaritzak, ordea, argitaratu du EAEko herritarren %18 leudekeela independentziaren alde, eta horren bikoitza aurka. Estatistikak kontu handiarekin hartu behar dira, dena den. Ipar Hegoa Fundazioaren ikerketan, datu kualitatiboak dira interesgarrienak, eta horiek sortu dute eztabaidarako bidea. Independentziaren aldekoenak dira euskaldunak (gurasoak ere euskaldunak dituztenak) eta kontrakoenak erdaldunak. Nehor ez da harritu emaitza horiekin, baina hainbat lagunek azpimarratu dute emaitza horiek erakusten dutela nor behar den konbentzitu.
Zeharka ulertu da azken bi urteetan dagoen eztabaidari egiten zaiola erreferentzia, euskararen zentralitateari buruzkoari.
Batzuek diote independentismoa euskaratik eta euskal girotik garatuko dela; erdaratik eta erdal girotik ez dezakeela bide handirik egin, erdaldunek jadanik badutelako beren Estatua.
Beste batzuek ihardesten dute erdaldun horiek konbentzitzeko, frogatu behar dela hobeki biziko direla euskal Estatu batean.
Podemos-eko jendeak erantzuten du hobeki bizi daitekeela Espainia hobe bat (Ipar Euskal Herria eta Frantzia ez dira aipatzen, bistan denez) denen artean eraikiz, eta hobe dela Espainia sozialista bat, Euskal Herri neoliberal bat baino.
Alderantzizko hipotesia ez dute aurreikusten, ez dute sinesten posible izan daitekeenik.
Malta, Montenegro eta horrelako Estatu txikiak ez dauzkate eredutzat, nahiago dute Estatu handi bateko herritar izan.
Hobeki bizitzeari edo euskarari buruzko eta jendea konbentzitzeari buruzko eztabaidek leku handia hartu dute giro abertzalean azken bizpahiru urteetan, azkenaldiko apustu estrategikoa eskoziar eredua delako, hala nola erreferenduma, eta denak ohartzen direlako horrelako erreferendum batean Euskal Herriaren independentziaren aukerak galtzeko arriskua daukala.
Gaur egun “gizarteak” erabaki dezala erraten denean, oraingo egoeraren akta bati buruz joatea onartzen dugula erraten da.
Oraingo egoera da Frantziak eta Espainiak mendeetan zehar indartu dutela beren postura Euskal Herrian, gaur egun ere indar handiena haiek dutela, eta beraz erreferenduma ez litzatekeela askea izanen, ez litzateke justiziaren aplikazioa.
Euskal independentismoarentzat eta abertzaletasunarentzat kaltegarria litzateke erreferenduma galtzea, ukaldi psikologiko latza, sinesgarritasunaren galera kanpora begira…
Independentzia eskubide bat baldin bada, zergatik behar da bozkatu? Haatik, gaia hautetsontzietan trenkatzekoideiarekin segitzeko ordez, gure erakunde, elkarte eta enpresetan erabakiak hartzen baditugu Espainiatik eta Frantziatik askeago egoteko, independentziara buruz bide eginez, jende berriarengana heltzeko aukerak handituko dira.
Erakunde politikoek, hezkuntzak,
enpresa munduak, sindikatuek eta komunikabideek
elkarrekin gogoeta bat has dezakete
ohitura berriak sortzeko:
lan baldintza eta ordutegiak aldatu
eta espainiar eredua utzi, europarra hartuz
eta Ipar Euskal Herrikoarekin bat eginez.
Adibidez, erakunde politikoek, hezkuntzak, enpresa munduak, sindikatuek eta komunikabideek elkarrekin gogoeta bat has dezakete ohitura berriak sortzeko: lan baldintza eta ordutegiak aldatu eta espainiar eredua utzi, europarra hartuz eta Ipar Euskal Herrikoarekin bat eginez.
Horren helburua da gainditzea lanaren eta familia biziaren arteko kontziliazio eza eta emazteen kontrako diskriminazioa; horrekin aiseago izanen da natalitate tasaren problema larria konpontzea eta gizarte justuago eta sanoagoa eraikitzea.
Madrilera begira dagoen espainiar logikatik eta identitatetik nekez erdietsiko da hori. Euskal kultura eta tradiziotik, ordea, bai. Horra hobeki bizitzeko modu bat, euskaratik eta euskal girotik. Horrelako erabakiekin hasiko gara herria askatzen eta herri hobea eraikitzen.