Joan den otsailaren 3an, HELEP edo Herriarteko lankidetzako erakunde publiko bakarraren sortzearen kontrako auzapez talde batek bere proiektu alternatiboa aurkeztu du: Metropoli polo arindua (MPA). Batera Plataforma jada engaiatua da Iparraldeko 158 herrien itzulia egin duen Karabana Pedagogikoa lagun jendarteari lurraldearen instituzionalizazioaren erronkaren aurkezpen lanetan. Hara Baterak MPAri buruz egin azterketaren zonbait pasarte.
MPA proiektuari « Euskal Herri Elkargoa » izena ematea.
Bakoitza libre da nahi duen hiztegia erabiltzeko bainan instituzioaren gaiaz ari garenez komeni da hiztegi egokia erabiltzea.Izan ere MPA juridikoki sindikatu mistoa da eta beraz izendatzeko ezin da «Elkargo» hitza erabili. Termino horrek Herri elkargoak eta Hirigune elkargoak bakarrik izendatzeko balio du.
Horregatik du hain zuen BATERA plataformak erabiltzen.
MPA izendatzeko termino hori erabiltzeak nahasmena besterik ez du sortzen.
Aurkeztu proiektuak proposatzen du gaur egungo 10 herri arteko elkargoetatik 8 herri arteko elkargotara pasatzea.
- 8 herri arteko elkargo horien mapa proposamenik ez egiteaz gain, hipotesia arrunt birtuala da, herri arteko elkargo kopurua azkarki murrizteko xedea duen lege testuaren izpirituaren kontra baitoa.
- Bestalde, prefetak behin baino gehiagotan errepikatu du Elkargo bakarraren inguruan adostasunik egon ezean, Estatuak 2 edo 3 herri elkargoko proposamena eginen duela.
- Azkenik, azpimarratu behar da MPAk ez duela segurtatzen ez ipar Euskal Herriaren perimetroa, ez lurraldearen jarraipena, HELEP bakoitzak erabakiko bailuke integratzea ala ez.
«MPA, proiektu ausarta da».
- Nola posible da proiektu ausarta izatea MPA, koordinazio gunea besterik ez delarik, diru iturri propiorik gabe eta erabakiak hartuko liratekeelarik osatuko luketen HELEPek aho batez bakarrik onartuz gero?
- MPAk geruza bat gehituko lioke milahosto instituzionalari, herri elkargoen eta departamenduaren artean kokatuko bailitzateke. Sinplifikatzeko partez, antolaketa konplexuago bihurtuko luke, herritarrak gehiago nahasiz nork zer kudeatzen duen ulertzen entseatzerakoan.
- MPAren gobernantza ez da ez demokratikoa, ez gardena. HELEP bakoitzak hautatu delegatuek lukete kontseilu sindikala osatuko eta beraz herri guziak ez lirateke ordezkatuak izanen.
Baterak dion bezala, “Ekimen berri orok galderak altxatzen ditu. Bainan proiektu bat aitzina doa baldin eta erantzunak denen artean lantzen badira. Gauza bera da ipar Euskal Herriaren instituzio egituraketari dagokionez. Zilegi da dudak ukatea. Bainan uzkurtasunak eta kezken metaketak ez gaituzte lagunduko ipar Euskal Herriarentzat proiektu ausarta eraikitzen.”
Ondoko egunetan Batera-ren iritziaren beste pasarte batzu aurkitzen ahalko dira Enbata.info-n.