Frantziako eskualde berriak baldarki marraztuak izan dira, presaka, adostasunik gabe, kriterio nahasiekin. Gobernuak ez du kontsentsurik bilatu. Errepublikako egitura hein horretara hunkitzen duen aldaketa batean, iduri luke gehiengo ahalik eta zabalena bildu behar litzatekeela, bereziki eskuinaren eta ezkerraren arteko zatiketarik ez dagoelarik oinarrian, eta hori kasu garbia zen dosier honetan.
Gobernuak ez du holakorik egin, hortik urrun : sozialisten artean ere ez du hurbilketarik xerkatu. Adibidez Martine Aubry, Lilleko auzapeza, PS alderdiko zutabe nagusietarik bat, bereziki Nord-Pas de Calais eskualdean, ez du kontutan hartu, eta andere hori oso haserre dago Iparreko eskualdea eta Pikardia elkarri lotu dizkiotenetik. Manuel Vals gobernuburuari bost axola, Hollande presidenteari are gutiago!
Helburu nagusia, eskualde handiagoen marraztea izan dela dirudi. Hori bai erdietsi dute, gutiz gehienetan bi eskualde ohi parekatuz. Akitaniaren eta Alsaziaren kasuan hobeki egin dute, hiru eskualde ohi juntatuz, horrela potretik gabeko eremu erraldoiak marraztuz. Akitania berria Loire ibaitik franko hurbil heltzen zaigu, Augustoren denboran bezalaxe, Zesarren Akitania lehenari – eta orduan euskaldunari – bizkarra emanez.
Eskualdeen handitze horren alde, gobernuak bi arrazoi eman ditu : batetik gastuen murriztea, bestetik Europako beste eskualdeen mailara hupatzea. Adituen arabera, erreforma horrek ez ditu gastuak gutituko. Gainera Frantziako eskualdeen ahulezia ez dago hedaduran edo biztanle kopuruan : inguruko erresumetan badaude neurri desberdinetako eskualdeak, handi, txiki, ertainak. Baina Frantziakoek baino botere, eskumen eta diru gehiago badute, beraz ahalmen, indar eta iniziatiba gehiago. Hor dago giltza, eta ez handitasunean.
Beste kriterio bat izan zitekeen hiriburu baten inguruan biltzea, eta kasu batzuetan iduri luke hola egin dela, bereziki Tolosa eta Bordelerekin. Beste kasu batzuetan ordea, molde horretarik zinez urrun gaude : Strasbourg adibidez hiru zatitako eskualde alimale baten bazterrean dago.
«euskaldunek mapan
toki bat aurkitu behar dugu,
hortako ezinbestekoa zaigu
Iparraldea osoan
hartuko duen lurralde ofizial bat»
Handitasunarekin batean, nortasun gabeko eskualdeen marraztea bilatu dute. Barne arazoetako ministroak aldez aurretik errana zuen «pas de régions identitaires !» Eta hori bai lortu dute. Alsazia itotzen dute heinik gabeko eremu batean, Nantes Bretainiatik kanpo atxikitzen…Betiko jakobinismoaren ildotik dabila Frantziako Estatua, horretarik ez da sendatuko, ondorioz leher egin behar badu ere!
Eskualdeen handitzeak zentralizazio berri bat dakar, herritarren erdia bederen hiriburutik urrunduz : adibidez Limusikoak Limoges hurbila utzirik Bordeleri lotuak, Charentes-Poitoukoak halaber Poitiersetik Bordelera bidaliak eta igorriak. Guk ordea ez dugu aldaketarik, puntu horretan bederen. Haatik ez da seguru eskualdeak oraiko marrazkietan egonen direla, beste aldaketarik gerta dakieke, bereziki eskuina gobernurat itzuliko delarik.
Dena dela euskaldunek mapan toki bat aurkitu behar dugu, hortako ezinbestekoa zaigu Iparraldea osoan hartuko duen lurralde ofizial bat. Gutiagorekin ez ametsik egin, Bordelen ez gaituzte entzunen, are gutiago zatituak joaten bagara. Bestalde Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak bere interesa badu Iparraldekoentzat ere, hor bederen Euskal Herri osoa bildurik baitago, Andde Sainte-Mariek azaroko Enbatan azpimarratu duen bezala.
J.Luis-en ezpiritia beti argi. Arrunt ikusteko manera hortan senditzen dut ene gogoa…
Eskermila.