Udan herriko bestak bazter guztietan, txupinazioa, herri bazkaria, dantzaldia, aperitifa… Euskal Herrian, beti bezala, zenbait ekitalditan presoak ekartzen dituzte gogora. Aurten, hainbat debeku edo debeku eskaera izan dira. Carlos Urkijo Espainaiko Gobernuaren ordezkariak eskatu du debekatzeko Bilboko bestetan egin beharra zen txokolatada bat. Zenbait egun lehenago, Tolosa ondoko Ibarra herriko txupinazoa debekatu zuten, “errepresaliatuen senide eta lagunek” bota beharra zutelako.
Biktimei eginen litzaiekeen irainaren edo minaren izenean ari dira. Irainik edo halakorik balego, egin ondoan epaitu beharko litzateke, ez aitzinetik debekatu.
Bistan denez, biktimak aitzakia gisa erabiltzen dira; zinezko helburua da erakustea Hego Euskal Herria Espainiaren zangopean dagoela, biktima bakarrak ETArenak izan direla, Espainiako eta Frantziako indarrek ez dutela biktimarik eragin.
Gaiztoak eta galtzaileak euskaldunak direla, eta kito.
Alabaina, aldi berean, Franco goraipatzen dutenek libreki segi dezakete horretan. Ez dira kenarazten frankisten omenezko karrika izenak edo estatuak; ez dira debekatzen frankismoarekiko nostalgikoen ekitaldiak.
Ustez terrorismoa goraipatzeagatik, twitter erabiltzaile franko atxilotu izan dituzte. Baina euskaldunak mehatxatzen duten twitter erabiltzaileak? Ez, horiek bakean uzten dituzte. Euskal hedabide franko hetsi dute azken urteetan, baina Franco goraipatzeko sortua den webguneak baimen guztiak dauzka.
Begi bistakoa da arazoa ez dela etika arazo bat. Espainiak ez du ahalkerik erakusten frankismoagatik. Gaur egun Francoren alde ager daiteke, posible da frankismo garaiko hilketak gaitzetsi gabe politika egitea, eta ohoratua izatea.
Baina, funtsean, espainiarrentzat garrantzitsuena Espainia eta espainiartasuna dira. Franco, diktadorea izanagatik, espainola zen eta Espainiaren batasunaren alde aritu zen.
Ez da, ez, etika arazo bat. Batzuen eta bertzeen krimenak mahai gainean ezarriz eta konparatzen hasiz, erran gabe doa frankismoarenak anitzez gehiago direla; gaur egun denak ez dira argituak, gainera. Ez da etika arazo bat, indar harreman arazo bat da. Ez da etorriko justiziarik Euskal Herria herri gisa ukatzen duen eta ukatu nahi duen Espainiatik; ez da etorriko bakerik Euskal Herria bere menpean baizik ikusi nahi ez duenaren partetik.
Gauza bera erran daiteke Frantziari begira. Ez da sekula lortuko Frantzia eta Espainia arrazoitzerik. Indarkeriarekin ez da lortu, eta ez litzateke lortuko. Baina argudio sendoekin ere ez da lortuko. Euskara ofiziala den euskal eremuetan, itxura aurrerakoiaren izenean, sozialistak etengabe ari dira euskarari eremua murriztu nahian, medikuntzan, administrazioan, irakaskuntzan…
Orain diote EGA azterketa zailegia dela. Funtsean, logika beraren parte da jokaera hori: Euskal Herria espainiartzea. Horretarako, hizkuntza ahuldu behar du. Horiek ez dira Euskal Herriaren lagunak, horiek Espainiaren eskumakilak dira, frankismo garaian indartu zuten zapalkuntza iraunarazteko.
Euskal Herriak bere bidea egin behar du Frantziatik eta Espainiatik deus itxaron gabe, haiei deus galdegin gabe, haiei begiratu gabe. Segi dezagun eguneroko lanean, euskararen alde, gure ekonomiaren alde, gure egiturak sortzen, gure arteko lotura politikoak sortzen eta sendotzen…
Argi bereiziz zeinek ikusten duen herri hau herri gisa, eta zeinen ustez den Espainiako edota Frantziako lurralde bat, non hiritarrek eskubideak dituzten hiritar gisa, baina Euskal Herriak ez duen eskubiderik, herri gisa.