Bukatu zaizkigu aurtengo San Ferminak. Euskal Herriko irrati kateetan adierazi denez, aspalditik lasaienak izan dira aurtengoak. Franko hil zenetik, politikari dagokionez, denetatik lasaienak izan direla esan daiteke, gogorrenak 1978-garren urtekoak izan zirela ahantzi gabe, German Rodriguez Espainiako poliziak hil zuten urte triste honetan hain zuzen ere. 2013-garren urtean Udaletxeko balkoian ikurrinaren ipintzeagatik pertsona bati bost hilabeteko espetxerako zigorra jarri zioten, Legea bortxatu omen zuelakoan.
Aurten ikurrina agertu da liskar handirik eragin gabe, baina Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak errekurtso administratibo bat aurkeztu du Irunako herriko etxearen aurka. Hala ere, Joseba Asiron EH Bilduko auzapeza berriak antolatutako ekintza hau ez daiteke esan probokatzailea izan dela, Legeak baimentzen dituen beste banderen ondoan – Espainiakoa laket ez duen arren – ezarri duela ikurrina eta denbora luze bazterrean utzitako nafar askoren sentimendu abertzale eta euskaltzalea adierazi nahi zuelako.
Bestaren bukaeran,“Pobre de mi” egunean, txistu batzuk entzun ziren esandako lehen hitzak Joseba Asiron EH Bilduko auzapezak euskaraz eman zituelako. Ikerlari batzuek adierazi dutenez, oso kezkagarriak izan dira txistu horiek, jende gazteengandik etorri zirelako. Horrelako kasu batean hirugarren adineko bunker foralista eta espainiolista ekintza horren egilea denik ezin daiteke esan, eta beraz belaunaldi berrien tolerantzia zalantzazkoa daiteke. Beste batzuk adierazi dutenez, dorpea izan da alkate jaunaren jarrera, hasi aurretik euskaraz eta gero erdaraz mintzaldia emanen zuela iragarri behar izanen zuelako; baina hau da aitzaki faltsu bat, hainbeste kasutan gauza bera gertatu zelako, hala nola, kirolari buruzko prentsa konferentzietan. Aspalditik Nafarroako sektore batzuengandik euskarak eta euskaltzaleek jasaten dituzten erasoak oso ezagunak dira.
Betidanik Nafar guztien hizkuntza zaharra izan da euskara, eta denbora modernoetan nafar askoren eguneroko hizkuntza bizia da. Hizkuntza politikari dagokionez, 1983 urtetik gaur arte indarrean zegoen zonifikazioa porrot bat izan da eta Nafar guztien nahikundeari eta eskaerari ez zegokiola argi eta garbi agertu da.
Mendeetan zehar era askotako arrazoiengatik euskara desagertu zen tokietan, euskara irakasteko eta euskaraz ikasteko galdera gero eta azkarrago dela nabari da.
Sanferminak nafar guztien besta denez gero, eta Nafarroa Euskal Herriaren zati bat dela kontutan harturik oso zilegi da eta legezkoa izan beharko da ikurrinak eta euskarak lehentasuna ukan dezaten Nafarroan. Askok diotenez, gaurko nafar guztien hizkuntza ez denez gero, ez dakitenei ez zaiela inposatu behar. Jarrera hori guztiz faltsua da, zeren aspalditik menperaturik eta zokoraturik dagoen hizkuntza baten berreskurapenaren aurrean oztopoak jartzen baititu. Eta horrek euskararentzat ez ezik, bizi berri bat ukan nahi duten hizkuntza menperatu guztientzat balio du. Israelera bizitzera joan diren judutarrak ez dira kexatzen hebraiera inposatu nahi denaz. Jo eta ke bakoitzak bere ahalmenaren arabera naski, ikasten du herrikide guztien komunikabidetarako hizkuntza delako. Eta berreskurapen hori ez da hedapen eta indar gehiago duten hizkuntzen kaltetan egiten.
Nafarroan eta Euskal Herri osoan denek ulertu behar dute euskararen berreskurapena ez doala nehoren kontra, baizik-eta gizarte osoarentzat baliagarri den ondasun baten zaintzearen alde.