EHZ Festibalak bere aurkezpena laburbiltzen du erranez “Euskal Herrian gure irudira eraiki nahi genukeen jendartearen erakuslehio izateko helburua dugu, musikaz gain, besteak beste karrikako artea, haurren xokoa eta konferentziak proposatuz.” Aurten, EHZ Festibalaren 20. edizioa izanen denez, Alda!k uztailaren 3tik 5era iraganen den Festibalaren berezitasunei buruz galderak luzatu dizkio duela zonbait hilabete EHZren lehendakaritza hartu duen Pauline Guelle-i.
Nola ezagutu duzu EHZ Festibala eta nola hartu dituzu ardurak antolaketan?
EHZ festibala kolegioan ezagutu nuen; gure erakasleak bideo bat pasatu zigun klase denboran… Hastapenean irudi bat baino ez zen niretzat. Garaziko lizeora joan nintzelarik, lehen aldiz EHZra hurbildu nintzen, Heletara; hor deskubritu nuen festibala. Zirkulazioan hasi nintzen, arduradun gisa eta bi urte berantago EHZren administrazio kontseiluan sartu nintzen, sinpleki.
20. urtemugakari zer gogoeta eramana izan da?
Aurten 20. edizioa ospatuko dugu Lekornen eta gure laguntzaileekin batera proiektua zertan den gogoetatu nahi genuen. Eskaintza artistiko berri bat proposatu nahi dugu eta gure asmoa da festibal komertzialetatik oraino gehiago desmarkatzea afitxa buruen “lehiatik” kanpo jokatuz, deskubritzeari leku gehiago emanez. Azken urte hauetan ohartu gira ekonomikoki ez ginela gai produktora eta enpresa pribatuek kudeatzen dituzten festibalekin konkurentzian sartzeko. Gainera, betidanik gure asmoa izan da modelo antikapitalista eta altermundialista bat eskaintzea, EHZren lehen lemak azaltzen zuen beza-la “[…] contre la World Company”. Horrez gain, lehen edizioetatik deskubritzea festibalaren oinarri bat izan da, Euskal Herriko eta nazioarteko taldeeri lekua emanez. Bestalde, aurten gunea berriz pentsatua izan da Lekorneko Garroa gazteluan egonez. Leku goxoago bat nahi ginuen eraiki, gure publikoa
aktore bilaka dadin. Gunea “ttipitu” dugu, gure eskaintza guzia gazteluaren aitzinean ezarriz. Gure helburua da diziplinen arteko mugak haustea, publikoa festibalaren orokortasunera eramanez. Eskaintza horrekin, erakusten dugu azken 20 edizioetan EHZ etengabe arraberritzen den proiektu bat dela: 20 urte, urtero sortzen!
Aurten Festibalean parte hartzeko gomitan zer berezitasun azpimarra zinezazke?
EHZ festibal bat baino gehiago dela erran nezake eta izaerak berak dio garrantzia ematen, adibidez, euskara bultzatuz, logorik gabe izanez, ingurumena zainduz, feminismoari lekua emanez, diskriminazioak ez onartuz eta presoekilako elkartasuna landuz. Musika eskaintzari begira, kalitatezko taldeak ekarraraziko ditugu festibalera, adibidez : Deluxe, Skip&Die edo Woods. Deskubritzeari leku berezi bat eskainiz, goraka doazen talde batzuk etorri dira, konparazione Cotton Claw, Last Train eta Martin Mey (Printemps de Bourges-en sariztatuak), Joseba B. Lenoir Gang edo Erotic Market. Eztabaida gunearen egitaraua betea izanen da ere eta aurten antikapitalismoa izanen da ardatz nagusia. Tematika horren barne hainbat gai tratatuak izanen dira, izan autodefentsa eta autoeraketarako bideak Kurdistanen, izan deskolonizazio prozesuak Afrikatik Euskal Herrira, izan bide instituzionala eta mugimendua Grezian edo emakumeak eta sorkuntza. Feminismoak ere bere tokia ukanen du, emakume sortzaileeri hitza emanen diegulako: bi bertsolarik eta bi musikarik eztabaida honetan parte hartuko dute, horien artean aurtengo musika programazioan ariko den emazte bat. Bukatzeko, egun osoko programazio aberats bat izanen da: ikusgarriak, tailerrak, haurren xokoa, kanpo hitzaldiak, zikiroa eta kantaldiarekin. Hip-hopatik Yogara, Iron Skulls ikusgarri katalana ahantzi gabe, egunean zehar izanen diren animazioak anitzak izanen dira. Eta aurten ere, gure eskaintza guzia tokiko ekoizpenetan oinarritua izanen da!
Joan den astean, hastapenetik Festibala segitu duen Pantxika Maitiaren lekukotasunak erakutsi digu nola EHZ 20 urtez alternatiben mintegi izan den.