1945eko apirilean, lehen aldikotz Frantzian, emazteek bozkatu zuten herriko bozetan.
Gaur egun, erresuma ainitzetan ez da eskubide hori errespetatua, ez emazteendako eta ez gizonendako.
Beren burua besteak baino gehiagotzat daukaten bakar zonbaitek hartzen dituzte herriaren kudeatzeko deliberoak.
Gutarik gehienek hori ezin onartutzat daukagu funtsean.
Bizkitartean, gure herri «aitzinatuetan» eskubide hori ez dugu baliatzen. Bozkaldiak pasa arau, ohartzen gira abstenzioak gora egiten duela!
Ez gira kontradikzioneetaz beldur!
Ez dugula gure hautetsien baitan konfientxiarik; bat ala bestea hautatuz ere berdintsu dela! Bistan da orai poderean ditugunekin ez dugula holako aldaketa izigarririk ikusten eta ez daukutela holako motibakuntzarik sortzen!
Bainan haratago pentsatuz, ikusten da, hola segituz, baitezpadako eskubide hori kolokan emaiten dela, eta ahalak gure alde izanik ere, hautatzeko edo bederen gure ikusmoldearen emaiteko parada galduz goazela!
Belgikan, Australian, Luxemburgon, Turkian, Grezian, Austrian…bozkatzea ezinbestekoa da. Eginbide horren ez betetzeak isun baten pagatzea ekartzen du.Gero eta gehiago aipatzen da hori hedabideetan.
Hortaratu beharko dea? Aldi bat gehiago, legeak eramanen ote gaitu oinarrizko egitate horren betetzerat?
Gure aitzinekoek irabazi dretxoen zangopilatzen ari giren memento huntan, uste dut bortxaketa horren alde naizela!!