Katalanek euskaldunak maite gaituzte, miresten gaituzte, laguntzen gaituzte.Guk ordainez, katalanak ez ditugu hainbesteko estimuan.
Oportunistak omen dira, malgu, biguin eta mardoak, ez aski abertzaleak, ez aski gogor eta finak, oroz gainetik tratulariak, dirugoseak eta sosekoak.Hori da hantxe, hortxe, franko maiz entzun dudana, bereziki Hegoaldean. Eta hona non independentziaren mugara ditugun, Espainiako gobernuaren aitzinean lerden, beldurgabe, lotsagabe, ederki bilduak, antolatuak, beren xedeetan ongi finkatuak eta deliberatuak.
Eta ber denboran, gu non gaude ? Zatituak, nahasiak, desbideratuak, gure aharra, liskar, kalapita, kasailetan korapilatuak, bereziki Baskongadetan, abertzaleen indarra nagusi den gunean. Gaur egun katalanek etsenplu onarekin, ikasgai ederra ematen digute. Eskerrak zor dizkiegü horretaz ere. Ez dut erraten itsutuki imitatu behar ditugunik. Euskaldunoi dagokigu orain eta hemen egoki zaigun bidearen finkatzea. Baina horretarako, asko ikasten ahal dugu katalanenganik, bereziki alderdiak elkarlanera erakarriko dituen mugimendu herritar baten beharraz, sorreraz eta bilakaeraz.
Katalunian gizarte politikoa baino lehen mugitu eta bildu da jendarte zibila. Euskal Herrian ere, bereziki ahalik gehien duen Mendebaldean, holako zerbaiten premia suma daiteke gauden egoera nahasi eta zatituan, ezen alderdi politiko batek bere interesak oroz gainetik eman ohi ditu, eta bereziki botereaz jabetzeko xedea ADNean dauka.
Etsenplutako, Aberri Egun epikoa bera zer bilakatua zaigu maiz? Alderdi egun arrunta, bai eskuinetik, bai ezkerretik. Pentsa zer dituzten eta ditugun gainerako astelegunak, urte bazter batetik besterako prosa lauan murgilduak!
Gainera euskal alderdi unionistek Aberri Eguna ez dute ospatzen. Baina euskarari ohartzen hasiak dira: bada zerbait; haatik horretan ere, zer ikasia badute Kataluniako unionistenganik.
Abertzaleek ere funtsean, euskarak ez baitu behar lukeen lekurik espirituetan eta praktikan.
Katalana ordea, arruntean, kasik denen ahotan badabila, ez dakitenen aurrean berdin, adibidez gure aitzinean eta konpainian. Gu hortik urrun gaude.
Aitor dezagun: maiz euskaldun petoen artean ere, erdaretara lerratzen gara berehala…
Beraz Gora Katalunia! Eta hemen gogotik errepikatzen dut 2004ko Antso Handia trajerian Maulen kantatu genuena.
Gure bizki handia beste huren jüntan,
Simetria bitxian talai barrokoa
Hortik noiztara horra xuririk hegoa
Eta goizez ekia pintzel baten püntan.
Ebro ibaian goiti zer aire goxoa
Hortik builtaka heltzen beste itsasoa
Haritxari jüntatzen oliba ondoa
Katalunia Euskadik holaz dü aüzoa.
Kanigotik Orhira, zelü da bortüa
Hegiz hegi dabila poeten kantüa
Nik ere ahal banü bardin egin niro
Biba Casals, Gaudi, Llachs, Maillol eta Miro!
Agur Katalunia,
Eüskaldünen ihes lekürik hoberena
Agur Bartzelona,
Ekialdealako bortarik ederrena!