Martxoaren 13an, ostiralarekin, 19etarik goiti, Urruñako Itsas Mendi zineman, “Sacrée Croissance” gaualdi berezia, hazkundeak dituen alternatiba teoriko eta zehatzak aurkezten dituen filmaren egilea den Marie Monique Robin-ekin. Iparraldean filma horren proiekzio bakarra izanen da eta parada ezin hobea gogoetatzeko planetaren baliabideak mugatuak edo agortzeko arriskuan direla dakigularik, nola jarraitzen ahal dugun mugagabeko hazkunde baten sustatzen.
Bizi! mugimenduak, Hego Lapurdin duen Bizi! Larrun tokiko taldearekin batean, martxoaren 13an ostiralarekin, “Sacrée Croissance” filma proiekzioa antolatzen du, Marie-Monique Robin bere egilearen presentziarekin, Urruñako Itsas Mendi zineman. Filma honen proiekzio bakarra izanen da iparraldean.
Aldaketa klimatikoaren kontra eta justizia sozialaren alde 2009tik geroz lanean ari den Bizi! mugimendu altermundialistak gaualdi berezi hori antolatzen du Iparraldeko herriko etxeen klima-energia trantsizio itunaren izenpetzearen lehen urtebetetzearen karietarat. Itun horren izenpetzea ofizialki egin zen gaualdi berezi batean Uztaritzen, 2014ko martxoaren 14an. Geroztik, iparraldeko biztanleriaren %74a bizi da itun hori auzapezak izenpetu duen hiri edo herri batean. Martxoaren 13 honetako gaualdi berezi honetan, Urruñako zinema gelan, urte bat hartu engaiamenduen segipenaz pundua egina izanen da.
Giro alaian hasiko da gaualdia, 19:00etarik goiti erakusmahaiak, salda, platera hornituak, Marie-Monique Robin filma egile-kazetariarekin (Albert-Londres sariduna, “Notre poison quotidien” eta “Le monde selon Monsato” filmen egilearekin) solasaldia izanen direlarik.
“Sacrée Croissance” filma proiektatua izanen da 20:30etan eta ondotik eztabaida izanen da beti Marie-Monique Robin-ekin. Hazkunde ereduari alternatiba ekimenak aurkezten ditu filmak, elikagaien ekoizpenaren arloan (hiriko laborantza), energiaren arloan (herriak trantsizioan edo eko-herriko etxeak) eta ontasun eta zerbitzuen trukaketen arloan (tokiko monetak eta denbora bankuak). Besteak beste, garapenaren mugak eta alternatibak jorratzen dituen filma hau ondoko galderer erantzunen ekartzerat saiatzen da:
- Nola jarraitzen ahal da mugagabeko hazkunde bat sustatzen, gaur planetaren baliabideak mugatuak edo agortzeko arriskuan direla argi dakigunez ?
- Ba ote dire hazkundeari alternatiba teoriko eta zehatzak?
- Zer egiten ahal dugu tokika, ereduz aldatzeko?
- Zeintzuk lirateke hazkundea utzi ondoko gizartearen ezaugarriak?
Gai guzi hauekin, gaualdi oso interesgarria aintzin ikusten da, eta Ipar Euskal Herrian bakarra izanen denez, dudarik gabe ez huts egitekoa. Tokiak 200 bakarrik izanen dira, orduan interesatuer, gaurdanik beren tokia erreserbatzea aholkatua da. Tokien salneurria 5 eurokoa da (salneurri apaldua ikasle, langabetu eta haurrentzat: 3,50 €). Aholkatua da lekuen erreserbatzea oraindanik : [email protected] edo 05 59 24 37 45 zenbakira deituz.