Ikasturte hastapen huntan, aktualitatearen itzulia egin dezagun,… Uf! zoin luze den diametroa edo berrien harridura neurtu nahi badugu: JIA!!!-metroa!
Nazioarte mailan, gerla gori-gorian dago. Estakuru erligiosoarekin giroa nola ez berotu eta Irak-i! Estatu Islamikoak erailketak ezarri ditu mendebaldekoen beg-Iran. Nahi dituzte laikoak urkatu…edo…burkatu. Haien erasoak ez doaz tur-Tur Kili-kolo. Harridura sortu dute JIA!!!distek. Bainan, erailketa horiek izan dira herri okzidentalentzat gerlarako estakurua eskaini dioten xixta edo Siria. Gainera, mendebaldeko eta ekialdekoen artean kokatuak baitira, hirugarren herri batek atxeman du gerla egiteko estakurdua… Estat Kurduaren bilan. Bilan latza.
Bi lan egin dira ere independentziaren arloan. Eskoziak gaita jotzen segituko du, beti ere tea edanez, Ingles boterea ezin ki(l)tatuz eta agintarien zapetak ezkoztatuz. Españan aldiz, emaitzarekin zatizfos, Generalitatean kontsultaren deiarekin nahas-Mas direlarik.
Bestalde, Frantzian, nehoiz baino lehenago presidentzialak aipagai. Nik deia oihal-etxea bulego bozken aitzinean plantatua dut, inkas jende ainitz baldin bada. Ea uholdeek eskuin muturreko sua itzaltzen duten.
Ebolak ere España beldurtzen du. Gisa guziz, bada urteak eta mendeak herri hori eri dela.
Nafarroak, San Ferminetan Herriko Etxearen aitzinean tartalozko ikurriña ezarri zutenak epaitzen ditu, segur aski debekatua baita teilatuetarat igaitea. Hortaz gain, hogoita bi liburu debekatu ditu, Nafarroa ez baita Euskal Herrian. Eta Españan?
Ondotik, Euskal Herrian beste auziek Segitzen dute. Iduriz, torturarik ez da izan, nahiz eta Europak isuna ezarri inkestarik ez baitute egin. Hobe pagatzea manera zaharrekin segitzeko: Entzutegi Nazioanala hain elkor.
Hortaz aparte dena ongi doa eta oroitu, gaurko problemak noizbait pasako dira: gaurko aktualitatea, biharko Historia da. Gure haurrek Historiako liburuetan irakurriko dute… ez badituzte debekatzen!