Asteburu honetan, urriaren 4 eta 5ean, 3 000 pertsonatik goiti Zokoako Alternatiban pasa dira. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko diren hainbat alternatiba bildu dituen herrixkan besta giro herrikoia goizetik arrats gozatzeko parada izan dute. Alternatiba, alternatiben herrixken bultzatzaileak kuraiaz bete ditu arrakasta berri honek. Zokoako asteburu hau lehen parada izan da 2015eko urriaren 24eko, Bilboko Alternatibaren berri ukaiteko eta antolatzaile eta parte hartzaileek datorren asteburuan Alternatiba Gironde-en parte hartzeko deia zabaldu dute.
Larunbata arratsean berean, «Nola klima salbatu?» hitzaldiaren karietarat mukurru betea zen eta jendea errefusatu behar ukan duen gelan, asteburuaren arrakasta aintzinetik senditu da. Antolatzaileek aurreikusten zuten hortik beretik igandeko Alternatiba egunak hastapeneko helburuak gaindituko zituela. Alabainan, Bizi!ren tokiko taldeak(*) erabakia hartu zuelarik, Baionako Alternatibaren deiari erantzuna emanez, Ziburu eta Urruña artean Zokoa auzoan Alternatiba baten egiteko desafioa hartzerat, 600 eta 1000 pertsona artean bertarat biltzeko helburua finkatu zuen.
Azken finean 3 000 pertsonatik goiti dira berriz topatu Zokoako Gotorlekuan, igande honetan, aldaketa klimatikoari aurre egiteko 200 laguntzailek plantan emaniko alternatiben herrixkaren bisitatzeko.
Besta giroko herrixka herrikoia
Alternatiba Herrixka eta bere 5 eremu tematikoak (klima eta ozeanoa, garraioak, urbanismoa/etxe bizitza, kontsumo arduratsua, haurrak) 70 erakus mahain eta tailerretaz osatuak ziren. Bertan 600 pertsonatik goitik parte hartu dute 4 hitzaldietan larunbata arratsetik igande arratsaldera. Hitzaldi haietan klima, garraioak, lurren artifizializazioa, laborantza lurren atxikitzea, hirigintza, ozeanoa eta itsasoko baliabideak aipatu dira. Txirrindula tailer ezberdinak, kartoinezko altzairuak, informatika programa libreak, truka gunea, apartamendu eredugarria, erakusketa praktikoak (eko-materialak, lastozko etxeak, tokiko arrainak, etxebizitza partekatua, etab.) beteak ziren goizeko 9:30etarik 18:00k arte.
Krisi klimatikoari, ekologikoari eta sozialari aurre egiteko aterabideen herrixka honen giroa besta girokoa eta herrikoia zen. Edan toki eta bazkari gune izigarri arrakastatsuek aurreikusiak ziren parte hartzeak gainditu dituzte. Mutxiko, hip hop, kontzertu ezberdinak, karrikako teatroa, gertakari bereziak eta karrikako ikusgarri artistikoak, animatu dituzte Zokoako Alternatiba herrixkako karrika eta eremu ezberdinak.
Gironde-eko Alternatiba, datorren asteburuan, eta Bilboko Alternatibaren deia 2015eko urriaren 24an
Alternatiba dinamikak jarraitzen du beraz, molde ezin hoberenan, asteburu honetan berean Lille-en, beste Alternatiba batek bildu ditu 11 000 pertsona, Alternatiba Zokoak bukatu duelarik bere ekitaldia Alternatiba Gironde-era, Bordalera, datorren asteburuan, urriaren 10etik 12ra parte hartzeko gomita luzatuz. Bezperako idekitzean, Zokoako Alternatiba hasi zuen larunbata, urriaren 4eko hitzaldiaren karietara jakinarazia izan zen, Hego Euskal Herrian, Karta Soziala plataformak, mugimendu sozial eta ekologistak, bai eta sindikatuak biltzen dituenak, goizean berean bozkatu zuela 2015eko urriaren 24ean, Bilbon Alternatiba erraldoi baten antolatzeko xedea. Aldaketa klimatikoaren kontrako eta trantsizio sozial eta ekologiko baten aldeko mobilizazio herrikoia behar litaike indartuz joan klimari buruz, 2015eko bukaeran Parisen iraganen den nazioarteko gailurra den COP21ari buruz.
(*)Bizi Larrun Bizi!ren tokikok talde bat da Hego Lapurdin (Donibane Lohitzune, Hendaia, Senpere) kokatzen dena.