Jose Luis Aizpuru / Kazetaria
Nola komunikatu euskara hutsez eta jende gehiengoarengana heldu?
Galdera horri erantzuteko erronka jarri didate Alda! kazetako lagunek. Begibistakoa da galderaren arrapostua ezkorra dela, ezin baitugu, gaur eta hemen, euskaraz egin eta jende gehiengoarengana heldu. Beraz hautu bat egin behar dugu: edo euskaraz jarraitu, euskal komunitate trinko bat osatu arte, gure gune propioak osatuz, edo, frantsesez jarraitu, gehiengoaren interesetan, euskaldunak barreatuak baikira frantsesaren itsasoan, itorik.
Iparraldeko prentsa abertzaleak aspaldi egina du bere hautua (zeresanik ez bestelako prentsak): frantsesa lehenetsi, herri eraikuntzaren mesedetan, eta euskarari leku sinbolikoa eman, Euskal Herrian bizi garela erraiteko. Hego Euskal Herrian ere, antzeko gertakaria eman zen laurogeigarren hamarkadaren hastapenean; hogei urte beranduago konturatu gara, herri eraikuntzarik ez dela, hizkuntz komunitaterik gabe, eta hasi gara euskal hedabide elebakarrak akulatzen, instituzioen hastapeneko mesfidantza eta guzti.
Iparraldeko euskal hedabideok ere, ez dugu argi noraino heldu behar dugun elebakartasunaren bide arantzatsuan, traba ainitz baititu euskara hutsez egiteak, gizartearen funtzio gehien-gehienak frantsesez direnean.
Kulturaren arloan ere tentaldi azkarrak badira, gehiengoaren interesaren izenean. Euskaraz egitearen konplexua ez dugula oraindik gainetik kendu iruditzen zait; euskaraz egitearen justifikatu beharra, edota, euskarak jende batzurengan sor dezakeen bazterketa sentimendua ez gaudela prest asumitzeko. Frantsez mundura hurbildu nahi dugu gure kultura, baina, frantsesez eginez, eta ez euskaraz. Ez dugu-dute sinisten euskaraz pentsaturik, sorturik eta emanik, kultura hedatu daitekeenik, horrek dakarren langerrarekin. Eta soluzio gisa elebitasuna eman dute, jakinik, elebitasuna indibiduaren hautua dela, eta ez, gizartearena. Jendarte batean fun-tzio berak betetzeko bi hizkuntza elkarren ondoan direnean, bat, ahulena, soberan dago (euskara), eta indartsuena (frantsesa) nagusitzen da.
Luku-Hirigoien-Xamar-Txepetx
Antton Lukuren arabera delegazionismo prozesu azkarra eman da Iparraldeko kulturgintzan azken urteetan. Euskal kulturaren geroa instituzioen esku utzi du herri mugimenduak, eta horren ondorioa pairatzen dugu orain. Mattin Hirigoienek, berbidetik jarraituz, kultur eta bizibide gune propioak sor daitezen galdegiten du : euskararenak liratekeen gune eta zirkuitu propioak, hizkuntz komunitatearen biziraupena ziurtatzeko. Euskaraz normaltasun osoz eta funtzio guztiak bete ahal izateko guneak. Xamar idazle nafarra ere ber iritzikoa da, eta nola ez, denek edaten dute, Jose Mari Sanchez Carrion Txepetx-en iturritik.
Txepetx soziolinguistak Un futuro para nuestro pasado ikerketa liburuan bere teoriak laburbiltzen ditu (Xamarrek Orekan liburuan ere interpretatzen dituenak). Hizkuntza batek gizarteko funtzio oro betetzen ez baditu, ez bada hizkuntza oso bat, ez baditu jendeen behar eta premia guztiak asetzeko balio, edo jendeek ez badizkiote funtzio batzuk baino emaiten, hilzorian dela erraiten du. Zenbat eta funtzio gehiago bete orduan eta osagarri hobean izanen da hizkuntza hori. Erabilera esparru esklusiboak behar ditu hizkuntzak, izateko borondatearekin batera. Hori dio, bi elez, Txepetxek.
Kontuan izanik gaur eta hemen, hizkuntza indartsuak ditugula ondo-ondoan, ezin daiteke erran hizkuntzen arteko harremanak berdintasunaren printzipioan oinarritzen direnik, desberdintasunaren printzipioan baizik. Euskararen hizkuntz komunitateak bizi nahi badu, ez du elebitasunaren bidetik ardietsiko : funtzio berak betetzeko bi hizkuntza parez par direnean talka egiten baitute, eta ahulena ateratzen da galtzaile.
Hastapeneko galderara jinez, ez dut uste euskarak gizartearen gehiengora hurbilduko gaituenik, baina, gune propio, elebakar eta normalizatuak sortzen ez ditugun bitartean, euskararen galera nabarmen azkartuko da. Azken finean herriaren nahia da gakoa ; herriaren bizi nahirik ez badago, ez dago hizkuntzaren berreskurapenik , ez eta normalizaziorik. (Duela 40 urte euskararen kontrako legedia gaur egungoa baino askoz gogorragoa zen Frantzian, alabaina, euskara baliatua zen ainitz, azken 300 urteetan baliatua izan den hein bertsuan. Alta euskarak bere gibelatzerik azkarrena azken 25 urteotan ezagutu du, legeak eztitzen joan diren neurrian. Ez ote dugu euskararen galbidearen eritasuna guhaurek harrapatu? Ez ote dugu osatzeko eta sendatzeko soluzioa ere guhaurek atxeman behar, geure barnera so eginez?)