Egun batez bazen gizon bat herrialde bateko lehendakaritzara heldu zena, bertan bizi ziren jendeen langabezia, pobrezia eta bizi baldintza txarrak aldatu nahian.
Beste jende anitz bezala, lehenago izandako ibilbidean zenbait petto eginik zuen, baina ez zen horregatik besteak baino okerrago eta zinez sinesten zuen gauzak alda zitzakeela.
Baina mundu horretan erabaki nagusiak hartzen zituztenak jada ez ziren jendeak hautatu politikariak, sos gehien zuten enpresari, multinazional eta akziodunak baizik. Multinazional horien jabe aberatsek, biziki gutti izanik ere, mundu hartako jendearen gehiengo nagusiak baino sos gehiago bildua zuten. Pentsa! 90 bat jenderen artean bildua zuten legalki miliarka jendek baino aberastasun gehiago ; deklaratu gabe aldiz nork daki?
Beraz jende eta enpresa aberats horiek demokrazia bahitua zutela erraten zuten batzuek. Baina gure lehendakariaren lagunek uste zuten ezetz, oraindik gauzak egin zitezkeela demokraziaren barnean edo bahiketa horretan “stockolmeko sindromea” zutela iduri zuen, aberatsenen aldeko politika eginez.
Enpresa aberats horiek komunikabideak ere beren menpe zituzten, beraz jendeari zernahi sinestarazten zioten edota saiatzen, eta gehienetan lortzen. Hasteko, jendeak egunerokoan zituen solasgaiak aldatzea lortzen zuten. Arazoei elgarrekin nola aurre egin aztertu ordez, “aktualitatean” beste gai batzuk ezartzen zituzten eta herritarrak gai arinagoez mintzatzen ziren : kirola, moda, famatuen arteko gertakari pribatuak… eta ez zuten beren burua antolatzen egoeraren aldatzeko. Enpresa horiek gainera bazuten truku bat, beren salgaiak merkaturatzeko eta jendeei eroste-beharra sortzeko, hauek ezin bazuten ere prezioagatik : publizitatea. Honekin, jendeari mundu paralelo bat mirets arazten zioten, behar zuena eros araziz eta kredituak harraraziz, leporaino zorpetzeko eta zepoa buru gainean hesteko.
Egun batez gure lehendakari ausartak pentsatu zuen, hola ez zela segitzen ahal eta multinazional horiei, mugak ezarriko zizkiela. Baina multinazionalek jakitean, mehatxu egin zioten : kasu zer egiten duzun, sobera ausarta bazara, erakutsiko dizugu zertarako gai garen eta gure kontrolpean ditugun hedabideekin zure iraganeko pettoak salatuko ditugu zure irudia hautsiz! Lehendakariak ez zuen sinetsi eta urratsak ematen hasi zen. Baina halako batean, bere bizitza pribatuko gertakari sekretu bat agertu zen hedabide famatu batean! Hor ohartu zen multinazionalek mehatxua gauzatuko zutela ez bazien men egiten.
Egia bazan sar dadila kalabazan… ala ez?