
Mintzalasai-k euskararen erabilera eta presentzia indartzen ditu BABan, adin eta maila guzietako herritarrak euskararen inguruan bilduz. 15 urteko ibilbidean, euskaraz bizitzeko aukerak ugaritu ditu eta hizkuntza-eskubideak aitortzea aldarrikatu.

Enbata: Zein da zuen erakundearen ekarpena euskaldunen kopurua % 30era heltzeko?
Oihana Galé Zamponi: Mintzalasai BAB hiri-eremuan, euskararen erabilera, balorizazioa eta hedapena xede duen dinamika bateratzailea da. Egunerokotasunean euskaraz eramaten diren aktibitateei ikusgarritasuna ematen die. Bistan dena, irail bukaeran antolatzen dugun asteko festibala da gure momentu handiena. Aste batez Baiona eta Biarritz hirietan euskaraz proposatzen diren aktibitateak proposatzen ditugu tematika ezberdinen inguruan. Aste batez egunero euskaraz aritzeko proposamenak antolatzen ditugu edozein arlotan. Urte osoan zehar elkarteko lantaldearekin berritasunak eta gauza originalak plantan jartzen saiatzen gara. Gure helburua da euskara edozein arlotan eta edonorekin balia daitekeela erakustea.
Festibal garaian bi hirietako haurrak joko ezberdinen inguruan biltzen ditugu adibidez. Haur horientzat aukera paregabea da aisialdiak euskaraz bizitzeko hiriguneetako beste haur batzuekin batean. Ikusgarriak, ipuin kontaketak eta hitzaldiak plantan jartzen ditugu aste osoan zehar. Euskarako lehen irakaspenak ere antolatzen ditugu..
Zein izan dira zuen arloan ikusi dituzuen aitzinatzeak?
Urtez urte gure festibalak beti arrakasta bera izaten du, edo handiagoa. Aurten 15. edizioa ospatuko dugu. 15 urtez Mintzalasaiko kideak formula hoberena aurkitzen ibili gara herritarren eskaerei erantzuteko. Iduritzen zait eraman den lanaren ondotik, jendea gure programazioaren beha dela betiko hitzorduetan parte hartzeko baita aurkezten ditugun berritasunei lotzeko ere. Mintzalasai oasi ttipi bat bilakatu da sartzero. Ireki nahi dugun parentesi bat euskararen erabilera bultzatzeko. Gaur egun, garaian festibaleko proposamen ziren aktibitate batzuk urte osoan egonkortzen ari dira eta gehiago identifikatuak. Iduritzen zait gure desmartxa biziki irekia dela, saiatzen gara denak batzen euskararen inguruan, denei harrera egiten diegu, izan euskara ikasten dutenei ala euskaldunei.
Belaunaldi guztientzat proposamenak egiten ditugu eta adinen arteko uztartze hori ikustea gauza ederra da.
15 urte berantago jendeek gure festibalera etortzeko usaia hartua dute, agendan notatua dute. Badakite bertan ez dutela estres linguistikorik jasanen eta euskara ikasten dutenei ere harrera polita egiten diegula. Egiazko komunitate bat osatzen dute mintzalasaitarrek.
Eta ber maneran zailtasun nagusiak zein diren zehatz diezagukezu?
Zailtasun handiena bizi dugun erabateko diglosia da. Ipar Euskal Herrian eta bereziki kostaldean, nahiz eta euskaraz bizitzeko gero eta aukera gehiago dauden, egunerokotasunean desoreka linguistikoak zailtasun handiak dakartza.
Errexa da norbaiti erratea “euskara ikasi behar da” baina funtsean gero ezin badu praktikatu, gu ere motz gelditzen gara. Horregatik aukera gehiago eman behar zaio euskarari, baliatu behar da ahal bezainbat eta ahal den leku guzietan. Frantses ingurumen linguistikoa denetan da eta zaila da hortik ateratzea. Beharrik, elkarte eta dinamika frankok horren aurka borrokatzeko aukerak ematen dituzte.
Nola egin daiteke “Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea” zehazki / praktikan ezagutua/sentitua izan dadin jendarte zabalean?
Uste dut ulertarazi behar zaiela gure politikariei eta etorri berriei euskaraz bizi nahi dugula eta hori eskubide bat dela, gure hizkuntzan lan, ikasi, maitatu eta abar nahi dugula eta horrek ez diela deus kentzen besteei. Ulertarazi nahi nieke hunat etortzen direnei ene hizkuntzak, ateak irekitzeaz gain, izpiritua irekitzen digula ere. Ez gara gizarte hetsi bat, gure eskubide linguistikoak onartarazi eta babestu nahi ditugu. Horretarako denen beharra dugu, euskal hiztunena bistan dena, baina baita euskaltzale eta euskararen babesle guztiena ere.
“Gure nahia da euskaraz edozer egin daitekeela erakustea. Erakutsi nahi dugu euskaldunak denetan garela eta euskara denetan balia daitekeela.”
Mintzalasairekin lortzen dugu aste batez Biarritz eta Baionako jendea mugitzea eta euskara erabiltzea usaia ez duen lekuetan. Gure nahia da euskaraz edozer egin daitekeela erakustea. Erakutsi nahi dugu euskaldunak denetan garela eta euskara denetan balia daitekeela.
Zein dira zuen arlotik, azaroaren 21ean, Euskalgintzak deitzen duen manifestaldian parte hartzeko 3 arrazoi nagusiak?
Ezinbestekoa baita egiazko lege kuadro bat plantan jartzea euskararen estatusa babesteko eta bereziki gibelka ez joateko. Koofizialtasuna ezinbestekoa baita erakundeek eta jendarteak uler dezaten euskararen garrantzia euskaldunentzat. Euskaraz bizi nahi dugulako eta orain mugitu behar delako etorkizuneko euskaldunak egiazko legedi batek babes ditzan. Eta bukatzeko egun goxo eta euskaldun bat pasatzeko. Egun osoan zehar aukera izanen dugulako euskaraz egiteko Baionan.

by