Umea heldu bihurtzen da. Ikusiz, entzunez, galdetuz, erantzunez, imitatuz… heldu bihurtzen da umea. Helduen eleak, irriak, garrasiak, jestuak izaten ditu bide seinale. Bi urterekin eskolara sartu eta hortik aterako dira 25 urtetan. Salbuespenak salbuespen, – salbuespenak gutxietsi gabe – . Anitz da. Leku inportantea da . Umea eskolako korralean uztean ez dugu pentsatzen zer garrantzia duen leku horrek haurraren handitze prozesuan. Jendarte hobe bat sortzeko zer toki eraginkorra izan litekeen ere ez dugu aski erraiten.
Batzuek badakite ordea. Azken egun horietan argira ekarri bi elementuk naute horretaz gogoetatzen jarri. Batetik, Guardia Zibilak Nafarroako D ereduaren inguruan egin txostena. Hezkuntzako hizkuntza nagusi moduan euskara erabiltzen dute D ereduan, espainola ikasgai bat dela. D ereduko irakasleen % 5 ETArekin lotuta dira eta % 25 ezker abertzalearen inguruan dira. Zer ez den entzun behar espainolen ahotarik! «ETA eta bere tentakuluak» ikasgeletan barneratzea saihesteko neurriak aztertuko ditu Espainiako Gobernuak. Hara! “Dena da ETA” eta euskarazko irakaskuntza ETA da. Euskarazko irakaskuntza desagerrarazi nahi lukete. Euskarak euskaldun egiten gaituelako eta euskaldunik ez dutelako nahi. Nafarroa deitzen zaion lur eremu hori ez delako Euskal Herria eta funtsean Euskal Herria deitzen zaion lur eremu hori Espainia delako. Haien ustetan. Horiek argi dute tresna eraginkor bat dela eskola, – onerako ala txarrerako -.
Bigarren elementua, Frantziara begira jarriz kausitu dut. Estereotipoen ahultzeko (ez desagerrarazteko, hor ez da deus iraultzailerik!) Frantziako gobernuak eskoletan jarriko ditu hainbat neurri. Bortizki, horien zangopilatzen ari dira tradizionalistak. Atzo gay eta lesbianen ezkontza eta adopzio eskubidearen kontra aritutakoak orain generoa eraikuntza sozial bat dela gezurtatzen dabiltza. Mundura sortzen den izaki berria ez da huts-hutsik munduratzen ; sexu bat emana zaio. Momentu horretatik tratu desberdina ukanen du, zein sexutakoa izan, halakoa. Mutila edo neska, ezberdina. Segur da, izutzekoa dute tradizionalistek: Genero identitatea ez, baina bai pertsona identitatea eraikitzeko gunea bada eskola eta maskulinitate-feminitate binomiotik libre den hezkuntza bat proposatzeko tokia bihurtzen bada, argi da, biharko jendartea gaurkoaz ezberdina izanen da.
Euskalduna eta sexu-genero-sexualitate lotura hertsagarritik askatua liratekeen Euskal Herri bat amesten dut. Eta espainolista eta tradizionalista horiek bezain bat dakit eskolaren garrantziaz!