
Gure haurrak handitzen ikusiko dituen munduan fede pitta bat atxiki nahi zuenarentzat, giza eskubideen bermatzeko sortu ziren nazioarteko erakundeetan sinesten zuenarentzat, trantsizio ekologikoaren kontzeptuari alergiarik deklaratu ez zuenarentzat, garai gogorrak dira… Nik adibidez, fedea galdu dut. Baina, ontsa pentsaturik, ez da fedea galtzen dudan lehen aldia. Usu galdu izan dut fedea, haurtzarotik heldu izaterako bidea gure gaitasun eta ardura kolektiboetan eta mundu honen martxan fede galtze zerrenda bat bailitzan.
Ezikusiaren kultura
Ene fede horrek zer balio zuen xuxen? Nondik heldu zitzaidan? Hogeigarren mendeak ekarri digun ilusio progresista eta teknologiko mugagabetik agian? Gure zentzuak pixkanaka lokarrarazi dituen erosotasun materialetik? Aitaren familiaren euskal tradizio kristauetik? Amaren aldekoen errepublikanismo frantses irmotik? Deritzot fede honen gibelean, sistema kapitalistak buruetan sarrarazi digun ezikusiaren kultura dagoela. Jakin bai, anitz dakigu. Eta internetekin gehiago, kasu! Ikasi ere, anitz ikasi dugu: nazismoa, erresistentzia, demokrazia liberalen garaipena, Europaren bakea, kolonizazioa, deskolonizazioa… Zoin ikaragarria, iragana! Ta zoin ederki bizi garen orain, historiaren lezioak ontsa ikasirik! Ikusi aldiz, ikusmenak sor lezakeen gohainduraraino eta EZ, STOP, ASKI erratera bultzatzeraino, hori ez. Hori ez dugu ikasi. Ez zaigu irakatsi. Eta hara, ez dugu ikusi nahi eta hola ontsa bizi gara. Indirektuki eragiten ditugun kalteak hain ongi mozorrotzen baititu gure biziak artoski antolatzen dituen kapitalismoak. Gure kontsumitzaile zorionaren, pribilegio sozialen eta aisialdi sainduen prezioa hori baita. Bere iraupenerako beharrezkoa duen bake soziala hola ordainarazten baitigu. Tratu merkea funtsean, afera ona.
Egoera honek errudunak baditu
Baina uda huntan, aldaketa klimatikoak jo gaitu, segura. Larrialdi egoeran sartu gara, ukaezina. Azkenean, borrokarako tenorea jina zaigu, baietz. Egoera honek errudunak baditu, begibistakoa. Etxetik elkitzen naiz sardea eskutan, gurutzatzen dudan lehen boteredun aberats arduragabeari moltsa (eta moltsapeko hura ere, malestruka ni!) zilatzeko prest eta oraindik zutik dirauen zuhaitz bati zangotik zintzilikatzeko gogoz. Auzokideak ere hor izan daitezke, ni bezala karrikan, graziak jorik eta begiak handi zabalik! To, ez… Betiko ber ttur-tturra… Belar mozten ari den auzoak: zer beroa! Tenperatura hauei ohitu beharko dugula pentsatzen dudanean… Autoa garbitzen ari den honek, egokitzea dagokigula. Arto-alor erraldoiak ureztatzen ikusteak pizten didan kexua adierazten diodan lagunak, gaia zinez konplikatua dela. Besteak: ondoko belaunaldiei konfiantza egin behar zaiela. Ez dela horri sobera pentsatu behar, bestela ezin dela bizi! Eskerrak etxean pizina badugula, bestenaz leher gintezke. Eta sustut: ez-du-gu-gu-re-bu-ru-aso- be-ra-kul-pa-bi-li-za-ra-zi-be-har. Gainera ondoko bidaiarako hegazkin txartelak jadanik erosirik ditugu, hihi! Baldintzaketak ezin hobeki funtzionatzen du. Gure bizimodu hau sobera maite dugu eragiten eta egiten uzten ditugun kalteak begiratu nahi izateko. Bon bon, etxera sartzen naiz orduan, sardea zango artean. Egunez tronpatu ninteke…
