
Andrea Pebet, Miren Etxeberri, Amaia Imaz eta Lur Renteria Brigada Ubeleko kide ohiak.
Duela aste batzuk kazeta honetan EHZko brigada ubelaren inguruko artikulu bat argitaratu zen. Bertan agertzen zen baieztapen batek haserre eta min handia sortu du brigada ubeleko eta ondotik erasoen kontrako brigadako kide batzuen artean. Artikulu horretan aitzineko brigada kideok gure ardurak uztean, materiala eta protokoloa eraman genituela irakurri daiteke. Alta, guk egindakoa antolatzaile guziek partekatzen duten karpetan utzi genuen eta komisio ugarik zuten haien eskura. Beti partekatu dugu egindakoa, hori zelako helburua, denok ardura hartzea. Hutsetik hastetik urrun, bide luzea izan da EHZn erasoei erantzun bateratu eta oso bat emateko eginiko lana.
EHZk 30 urte bete dituen honetan, hainbat artikulu agertzen ari dira hedabide anitzetan. Hauetan, gazte belaunaldi berri batek Irisarrin festibala berriz hartu eta hats berri bat emateko egindako indarra azpimarratzen da. Arnas berri horretan parte hartu genuen guk ere.
Festibaleko laguntzaile zein antolatzaile anitzen artean festa giroan ematen ziren erasoen inguruan hitz egiten hasi ginen lehen aldiz. Erasotzaileak munstro ezezagun bat izatetik urrun, erasoak gure artean gertatzen zirela ohartu ginen eta egoera horrekin bukatzeko tresna batzuk sortzeko beharra identifikatu genuen.
EHZk izan zezakeen potentzialean sinesten bagenuen, genero zapalkuntzaren inguruan ere gogoetarako tresna izan behar zuela uste genuen eta pixkanaka festibaleko kide zein parte hartzaileen jarrera zein kontzientziak inarrosteko nahia sortu zen gure baitan.
Horretarako, gogoeta eta eztabaida luze bat hasi genuen talde ttipian eta pixkanaka barne protokolo bat eratu genuen,erasoak festibaleko kideen artean gertatuz gero kudeatzeko tresna bat izateko gisan. Garaiko koordinazio mahaiarekin eztabaidatu ondotik, Mizanbun laguntzaile guzien artean antolatu zen egun batean partekatu genuen.Bertan, rol joko eta eztabaiden bidez, laguntzaile guzien artean protokoloa adostu genuen.
Hori eginik, festibal denboran ere erantzun eraginkor eta oso bat emateko beharra bazen. 3 egun horietako parte hartzaile bakoitzak ardurak hartzeko unea zela uste genuen. Duda anitz izan genituen, anitz irakurri genuen, beste festibal eta ekitaldi batzuk deitu genituen eta haien modeloak ikusi genituen. Martxan jarri genuen lehen urtean momentu zailak bizi izan genituen, festibaleko antolatzaile, laguntzaile zein festibalarientzat aldaketa handia ekartzen zuen kanpo protokolo horrek eta denek ez zuten garrantzia berehalakoan ulertu. Mutiko taldeek polizia gisa identifikatzen gintuzten, batzuentzat proposatzen genituen erantzunak radikalegiak ziren, kontzertu bat geldiarazi behar izan genuen eta abar. Baina pixkanaka gauza batzuk errotzen joan ziren. Jendea ulertzen joan zen eta egiazko erreferentzia bat bihurtu ginen festibalean. Laguntzaile zein antolatzaileek protokoloa barneratu zuten eta ardurak hartu zituzten, festibalaren balore izan behar zuena egikarituz.
Bide luzea dugu oraindik egiteko, festak eta karrikak denontzako gune seguruak izan daitezen, zapalkuntza eta esplotaziorik gabeko mundu berri bat helburu. Horregatik, erraten eta idazten direnei kasu gehiago eman eta egunerokoan antolatzera deitzen dugu.

by