EHZ FESTIBALA 30 URTEZ
Festibala hiru egunekoa zen, horri gehitzen genizkion muntaketa eta desmuntaketa asteak: 3 aste oso. Mikro jendarte autoeratu edo alternatiboa bertan praktikatuko genuen.
Den dena, engaiamendurik, lotsarik eta beldurrik gabe: den dena nahi genuen. Lekornen iragan ziren urte gehienek animalia hibrido bat sortu zuten. Naturarekin bat egiten zuen basa animalia erresistentea. Garazi Arrula Ruizen mezuak oihartzun egiten zion bizitako honi: “esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten” (2024ko Korrikaren mezuan).
2026tik begiratzen badiogu 20. urtemugan sortu zen “Hartz” figura honi zentzu egiten jarraitzen du. Zatiketatik harago, gure arteko solasek sortu zuten animalia hibrido hau. Gure euskararen antzera: hibridoak. Lekorneko urteak eztabaidatsuak izan ziren, besteak bezala, festibalaren funtzioa eta haren formatua ardatz harturik. Funtsean “norentzat eta norekin” ari ginen galdera pausatu zen. EHZ festibala izari handiko ekitaldi bezala irudikatzen genuelarik Arrosako lehen urteetan, beste fase batera pasatu ginen eta beste proposamen asko biderkatu ziren. Musika festibalen fenomenoak eta eskaintza ezberdinen zabaltzeak gogoeta sakona ekarri zuten gurera. Zerk egiten gaitu “gu” berezi?
Haste hastetik laguntzaileok egindako ekimenak militantzia eredua zuen. Euskal Herria Zuzenean-ek bizitzeko bihotz bat behar zuen eta hau zen: sortzen genituen taupadak. Beraz, gurea zen hau bilakatuko zen esperientziarako gune bat, sortzeko gune bat, Euskal Herrian eta Euskal Herritik. Publikoa “kontsumitzaile” baino aktore bilakarazteko asmoa zuen proiektuak. Gunea autonomian kudeatuz, eredu politiko, ekonomiko, sozial eta kultural ezberdin bat proposatuz nahi zen sistema kapitalistari buru egin. Horrendako, formatua aldatzeko martxan ezarri zen gogoeta frankoren ondotik, afixa buru batek ez zezan jendea bakarrik kontzertu batera erakarri. Festibala hiru egunekoa zen, horri gehitzen genizkion muntaketa eta desmuntaketa asteak: 3 aste oso. Mikro jendarte autoeratu edo alternatiboa bertan praktikatuko genuen.
Dinamika horrek gogoeta politiko, sozial, kultural eta batez ere ekonomikoari erantzuten zion. Urteetan diru galtze handia metatu baitzen, honekin bukatzea deliberatu zen. Hiru eguneko ekimenaren tamaina eta aurrekontua ttipitu baziren ere, urtean zeharreko proposamena indartu zen.. EHZinemaldiak antolatzen zituen zine-eztabaidak Ipar Euskal Herriko zinemetan, Brigada ubelak (feministak) beste batzordeen gisan sortu zen, Musikatapulta mundu hizkuntza minorizatuen musika lehiaketa plantan ezarri zen, bio eta tokiko mozkinak sartu ziren festibalaren eskaintzan, Donostiako piratekin eta Iruñakoekin harremanak sendotzeko auzolanak antolatu ziren.
Finantzen arazoak bi bisaia agerrarazi zituen: alde batetik gogoeta ekonomikoa eramateko beharra, baita beste gisan funtzionatzeko aukera ere. Horrek ekarri zituen urte horiek hain paradoxalak: diru kezkek taldea azkarki inarrosi zuten baina, funtsean, EHZri bide berritu bat marrazteko posibilitatea eta elkartasun handia ekarri ere. Festibala osoki ezeztatu zen lehen aldia bizi izan zen. Ekaitzak puntu finala eman zion Lekorneko esperientziari. Urte hartan “elkartasun erauntsi bat” jaso zuen elkarteak hainbat artistak eta kolektibok xutik ezarri zituztelako sostengu ekimen kulturalak Euskal Herri osoan zehar. Erein ziren hazien emaitza ere izan zen. “Gu” talde gisa, lurraren gisara pausatu ginen, bakoitzak bere maneran eta bere bizipenekin, hazi berriak erein ditzazuen lehengo lur ongarrituan.
Ospa ditzagun beraz 30 urte horiek, hibrido baino gehiago, erresistente, den dena bete nahian!

by