
Martxoaren 22an, igandearekin, herri hauteskundeen bigarren itzulia iragan da Ipar Euskal Herriko 11 herritan. Ezkerreko abertzaleek gidaturiko edo ezkerreko abertzaleak barne zituzten dinamikak guziak bigarren itzulirako sailkatuak ziren. EHBaik, arduran edo oposizioan izan, talde munizipal berri guziak zoriondu nahi ditu, baita bere militantzia osoa ere, egindako lan handiagatik.
Martxoaren 15eko eta 22ko herriko bozen ondotik, ondorio argi bat ateratzen dugu: aldaketa sozial eta demografikoaren testuinguruan, ezkerreko abertzaletasunaren proiektuak, ideiek eta bere aldeko sustengu zabalak aitzinamendu nabarmena ezagutu dute Ipar Euskal Herrian.
Errotze iraunkorra lurraldean
Gaurko honetan, Baionan asko zen jokoan. Maleruski, Lapurdiko hiriburua ez du ezkerreko auzapez abertzale batek gidatuko. Halere, urrats handia egin da: lehen itzulian, ezkerreko abertzale batek gidaturiko ezker batasuneko zerrenda bigarren lekuan gelditu zen eta hori historikoa da.
Joan den igandean azpimarratu genuen bezala, ezkerreko abertzaleek parte hartzen duten dinamikak BAB hirigunean errotzen ari dira. Ezkerreko eskaintzak Bokalen irabazi izana sekulako urratsa izan da. EHBaik azpimarratu nahi du Bokalen egindako kanpaina iraunkorrak permititu duela Vivons Boucau lehen indar bilakatzea. Biarritzen berriz, Biarritz Berrik emaitza biziki onak lortu ditu eta bere eragina handitzen du. Oro har, Angelu eta Baiona gehituz, hautetsi ezkertiar eta abertzaleak izanen dira lau hiri horietan. Zalantzarik gabe, aitzinamendu garrantzitsua.
Halaber, EHBaik goresmenak helarazi nahi dizkie Aitzina Maule, Biharko Arbona, Donibanen Bizi, Elgarrekin (Beskoitze), Azkaine Bai, Elgarrekin Urruña, Nahi Dugun Herria (Kanbo) eta Hendaia Biltzen zerrendei, kanpaina oso ederrak egin baitituzte, nahiz eta gaur, maleruski, garaipena lortu ez duten. Ezkerreko abertzaleek Urruñako herriko etxea galdu dute, non Filipe Aramendik eta bere taldeak lan biziki ona egin duten azken sei urteetan. Halere, Urruñan eta herri horietako gehienetan, herritarren eskutik jasotako boz kopurua nabarmen emendatu da 2020ko hauteskundeei konparatuz. Ondoko urteei begira, herrietan dinamika zabalak eraikitzen segitzeko eta herriko etxeetan eragiteko baldintzak ainitzez hobetu dira.
EHBaik, haatik, bere kezka adierazi nahi du eskuin muturrak Baionan atera dituen emaitzak direla eta: egiazki lorpen bat bada Ipar Euskal Herri osoan zerrenda bakarra izatea, Pascal Lesellierren zerrendak Baionan hautetsi bat eta Elkargoan beste bat atera izana biziki kezkagarria da. Inoiz baino gehiago, eskuin muturraren aitzinean, Euskal Herriak harresi izaten segitu behar du eta EHBaik abian duen kanpaina atxikiko du bai karrikan bai instituzioetan.
Ipar Euskal Herriko mapa politiko berria marraztua da
Arrats huntatik goiti, Ipar Euskal Herriko herri guziek badakite zein gehiengok gidatuko duen haien herriko etxea. 2020an, 15 auzapez abertzale ezkertiar ziren. Aurten, 2026an, 9 herriko etxe gehiago dira, guztira 24. Eta abertzaleek hainbat herritan gehiengoetan parte hartuko dute.
2020az geroztik, ezkerreko proiektu abertzale, feminista eta ekologistak gero eta sustengu eta konfiantza handiagoa jasotzen du herritarren aldetik. 2020an irabazitako herri gehienak atxiki eta lehen aldiz EHBaiko kide diren ezkerreko auzapez abertzaleak izanen baitira Baionan, Senperen, Donapaleun eta Lekuinen.
2026ko herri hauteskundeen ondotik, ezkerreko abertzaletasunak hautetsi gehiago izanen ditu herrietan, baita Euskal Hirigune Elkargoan ere. Justuki, ondoko asteetako erronka nagusia Elkargoaren osaketa izanen da. Abertzaleontzat helburua izanen da ondoko mandatuan Ipar Euskal Herrian estatus politikoaren aldaketan urratsak egitea eta lurralde proiektua sendotzea.
Euskal Herriaren eraldaketa sozial eta burujabetzarako proiektua instituzioetan ez ezik, jendartean eraikitzen da. Horregatik, inoiz baino gehiago, proiektu horrekin bat egiten duten herritar guziei dei egiten diegu apirilaren 5ean, igandearekin, Baionan 2026ko Aberri Eguna ospatzera hurbil daitezen, Euskal Herriaren aldeko proiektua elkarrekin biziarazteko!
Hemen bai, Euskal Herrian posible da!
EHBai
2026eko martxoaren 22a

by