
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioko ordezkaritza bat Lecornu jaunarekin bildu zen joan den irailaren 19an, Peio Dufau diputatuak EHBai alderdia ordezkatzen zuela. Ifop institutuak argitaratu inkestaren emaitza onartua zuen iduriz lehen ministro berriak; hots, jendeak Frantziako estatuaren zentralismoaren aurka duen iritzia.
EHBai alderdiaren ordezkariak azpimarratu zion (edo jakinarazi) lehen ministroari Ipar Euskal Herriko jendartearen parte batek aldarrikapenak bazituela, bilakaera instituzionalaren aldeko dinamika argia bazela eta euskararen aldeko kezka gorria hizkuntzaren egoera kontuan hartzerakoan.
Frantziako estatu osoan, gero eta ozenkiago entzuten dira jakobinismoaren kritikak, duela berrehun urte pasa plantan ezarri zuten sistemak arraildurak badituela. Nazioarteko mailan gero eta gutiago dira estatu zentralizatuak, Europan badu aspaldi eskualdea sistemaren oinarri gisa hartua dela. Azkenik, tokiko maila guzietan, jendea ohartzen da hurbiltasunak alde baikor anitz badituela.
Orain arte sistema deszentralizatuen ahuleziak kritikatzen ohi ziren Frantzian, frantses sistemaren kausitzeak goraipatzen zirela. Azken asteetan, hainbat gertakarik erakutsi dute zentralismoak urruntasunak eta urritasunak eragiten dituela.
Osasun sailean, hezkuntzan, administrazioan, hurbiltasun ezak, berantak, gaizki ulertzeak, kontraesanak eta azken finean injustiziak sortzen ditu. Ez gara sartuko eskuin muturreko komunikazio hedabide batzuek daramatzaten ahalmenetan, gertakari latzak erabiliz komunitate edo egitura batzuk zikintzeko baina prentsan agertu diren ixtorio batzuek argiki erakusten dute gaur egungo problematika.
Abertzaleek daramatzaten aldarrikapenak, autonomia, orokorki iparraldeari ahalmen gehiago ematea eta euskararen ofizialtasunari begira, entzunak eta ulertuak dira gero eta gehiago. Abertzaleek emaitza ederrak lortzen dituzte, urrats handiak badira oraindik egiteko.
Heldu diren herriko bozekin lotua, segitu behar da erakusten deszentralizazioa ez dela bakarrik nazio eraikuntzarekin lotua, ez dela bakarrik «goi mailako» aldarrikapen bat baina bai eguneroko bizian jasta daitekeen gozotasuna.
Jakobinismoaren hierarkia bertikalaren aitzinean, konbentzitu behar da deszentralizazioak ekartzen dituela elkartasun prozesu bat, lotura sare bat, hurbiltasuna, babesa eta konfiantza; abertzaleek gaitasun handiak dituzte hortan. Ipar Euskal Herriko elkargoan edo herriko etxeetan aplika daitekeena eta aitzinean ditugun desafioak gainditzeko aterabideak direnak.