ELAren XVI. kongresua: Langileria antolatu, gizartea eraldatu (I)

2025eko EAEko Hezkuntza Publikoko 9. greba eguneko mobilizazioaren irudia.

Hego Euskal Herriko 4 probintzietan 104 mila afiliatu pasa dituen ELA sindikatuak, 9.568 ordezkari ditu, hots eremu hortako ordezkaritza osoaren % 35,80a. Elkarrizketa honetan, Mitxel Lakuntza ELAko Idazkari Nagusiak eta Amaia Muñoa haren albokoak ekainaren 2 eta 3an Bilbon iraganen den ELA sindikatuaren XVI. kongresuaren gako nagusienak azaltzen dizkigute.

Enbata: Datozen lau urteetarako lan ildo nagusiak definitzea du helburu kongresuak, baina zein testuingurutan kokatu behar dira kongresuko hausnarketa bera eta hurrengo urteak?

Mitxel Lakuntza: Testuinguru konplexua dugu, eta azken hilabeteetako gertakariek are gehiago korapilatu dute. Mundu mailako lehia eta tentsioa nabarmenak dira: AEBek hegemonia mantendu nahi dute, baina Txina eta BRICS herrialdeak indartzen ari dira. Kongoko, Gazako eta Ukrainako gatazkak lehengaien eta energiaren kontrolerako borroka neokolonialaren adierazle dira.
Murrizketa politiken mehatxua gainean dugu berriro. Ukrainako gerraren aitzakian, arma-industria eta inbertsio funtsak elikatzeko adostu diren 800 miliar euroen ondorioz murrizketa gogorrak inposatzen saiatuko dira.

Amaia Muñoa: Euskal Herrian, hamarkadetan inposatutako politika neoliberalek lan eta bizi baldintzak okertu eta pobrezia eta bazterkeria areagotu dituzte. Horren ondorio larrienak emakumeek, gazteek eta migratzaileek pairatzen dituzte. Konfrontazio sindikala ere gero eta sendoagoa da, transfeminismoa, ekologismoa eta anti-arrazismoa ere indartu dira azken urteetan, baina oraindik ez gara egoera iraultzeko gai.
Edonola ere, ezkerreko alternatiba sendoen faltak eskuin muturraren diskurtsoa indartzen du, botere ekonomikoen babesari eta gezurrezko informazioaren zabalkundeari esker, krisiaren biktimak erruduntzat aurkeztuz.
Testuinguru gogor honetan, gure ohiko borrokei eusteaz gain, sindikatuaren konpromisoa giza eskubideen eta demokraziaren defentsan irmoa da. Kapitalismoak ez du demokrazia behar, eta sarritan traba egiten dio; aldiz, sindikalismoak ezin du funtsezko eskubiderik eta demokraziarik gabe iraun.

Mitxel Lakuntza Vicario eta Amaia Muñoa Capron-Manieux.

Eta testuinguru horretan zeintzuk dira proposatzen diren lan ildo nagusiak?

A. M.: Duela lau urte, ildo estrategiko sendoak zehaztu genituen: prekaritatearen aurka borrokatzea, militantzia indartzea, lan zentroak sindikalizatzea, genero ekitaterako antolaketa eraldatzea eta lan planifikatua egituratzea. Lan handia eta helburu oso anbiziotsuak jarri genizkion gure buruari eta, aurrerapausoak eman ditugun arren, bidea amaitu gabe dugu. Norabide berean jarraitzea proposatzen dugu.

M. L.: ELA prekaritatea pairatzen duten langileentzako erreferente izan dadin, lan zentro bakoitzean diagnostikoak eta plan espezifikoak garatzea proposatzen dugu, baita negoziazio kolektiboan prekaritatearen lanketa txertatzea ere. Soldata baxuak, soldata arrakala, behin-behinekotasuna eta osasun arriskua jasaten dituzten langileek gure ekintza sindikalaren erdigunean egon behar dute. Egoera horiek, bereziki, emakumeei, sexu disidenteei, pertsona migratuei eta gazteei eragiten diete.
Sindikatuaren barruan zein kanpoan, sindikalismo feminista eraikitzen jarraitzeko urratsak proposatzen ditugu, emakumeen diskriminazioari aurre egiteko. Anti-arrazismoa sindikatuaren lan egiteko moduetan integratzeko lehen urratsak ere planteatzen ditugu.

A. M.: Lan zentroak antolatu gabe, ezin dugu esandakoan aurrera egin. Horregatik, langileak antolatu eta enpresaburuekin konfrontatzeko gaitasuna indartzeko plan oso bat abiatu dugu, eta hurrengo urteetan urrats esanguratsuak eman nahi ditugu.

M. L.: Datozen urteetako erronka nagusienetakoa ELAko ahalik eta ordezkari eta afiliatu gehien militante bihurtzea da, gure eredu sindikalaren muina baita militantzia. ELAkoa izatea ez da afiliazio hutsa, baizik eta printzipioekin bat egitea eta ekarpena egitea. Horretarako, parte hartze esparruak sendotu, pertsonak trebatu eta ahaldundu behar ditugu. Militantziaren eremua lan zentroetatik harago zabaldu behar dugu, lan esparru sozial eta politikoetara ere, militantzia integrala sustatzeko.

Azken lau urteak oso indartsuak izan dira negoziazio kolektiboari begira, zertan jarri nahi du sindikatuak azpimarra hurrengo urteetan?

M. L.: Horrela da. Azken urteetan greba maila altuena izan dugu, eta, horri esker, Hego Euskal Herriko langileek lan hitzarmenen estaldura handiena lortu dute, KPIaren gainetik soldata igoerekin, sektore feminizatuetan are handiagoekin eta lanaldi murrizketa esanguratsuekin. Hurrengo urteetan pultsuari eutsi eta prekaritatean dauden langileen eta emakumeen lan eta bizi baldintzak hobetzea izango da gure lehentasuna.

A. M.: Mitxelek aipatutako negoziazio kolektiboko eduki tradizionalez gain, trantsizio ekosoziala sustatzeko neurriak bultzatu nahi ditugu eta horretarako 400 enpresa aukeratu ditugu. Halaber, euskara, lan osasuna eta diskriminatutako kolektiboen eskubideak hitzarmenetan jasotzea dugu helburu.

Kongresuan onartzeko proposatuko diren Batzorde Eragile berrirako kideak:Mitxel Lakuntza Vicario (Iruña, 1976), Amaia Muñoa Capron-Manieux (Aix-En-Provence,1974). Ane Bilbao Alzelai (Gasteiz, 1993), Luis Fernández Centeno (Iruña, 1973), LeireGallego López de Goikoetxea (Gasteiz, 1989), Iván Giménez Gil (Iruña, 1976), Pello IgeregiSantamaría (Sopela, 1981), Alazne Mantxola Mintegi (Legazpi, 1988), Aitor Murgia Esteve(Berango, 1988), Unai Oñederra Egaña (Donostia, 1973), Leire Txakartegi Iramategi(Ondarru, 1973), Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Durango, 1989).

Datu ekonomiko orokorrek diote aberastasuna sortzen ari garela, baina horrek ez du islarik langileen eta herritar xumeen bizi baldintzetan. Zer proposatzen du sindikatuak egoera hori aldatzeko?

A. M.:
Horrela da, bai. Langile klaseak inoiz baino aberastasun handiagoa sortzen du, baina enpresek irabaziak handitzen diren heinean lan errentek pisua galtzen dute, desberdintasuna eta pobrezia areagotuz. Horregatik, KPIa gainditzen duten soldata igoerekin batera, Hego Euskal Herrirako 1.795 euroko gutxieneko soldata propioa proposatzen dugu, per capita BPGren % 65a, enpresa eta kapital irabaziak ere aberastasunaren banaketan kontuan hartzeko helburuarekin. Horrez gain, asteko lanaldia 35 ordura murriztea, 30 orduko astea helburu izanik, enpleguaren birbanaketa, langileen ongizatea eta zaintza lanen banaketa ekitatiboagoa sustatzeko.

M. L.: Aberatsenek eta enpresek gehiago ordain dezaten, zerga sistema bidezkoago baten alde egiten dugu, eta zerbitzu publikoak indartu eta politika sozialak sendotzeko proposamen zehatzak aurkezten ditugu. Horrez gain, lan erreforma eta pentsio erreforma atzera botatzeko mobilizatzen jarraituko dugu.
Erronka berriak ere baditugu. Krisi ekologikoaren aurrean, trantsizio ekosozialean aurrera egiteko proposamen zehatzak aurkezten ditugu, justizia soziala eta enplegua bermatuz. Ezinbestekoa da baliabide fosilen mendekotasuna murriztea, ekoizpena eta kontsumoa birlokalizatzea, eta ingurumen inpaktu txikia duten alternatibak sustatzea.

A. M.: Etxebizitza eskubidea, pertsona migratuen eskubideak eta gizarte feminista eraikitzea ere ardatz izatea nahi dugu. Etxebizitza ez da espekulazioaren menpe egon behar, eta gobernuei neurri zehatzak exijituko dizkiegu. Zaintza sistema publikoa, doakoa eta kalitatezkoa bermatzea eta arduren banaketa ekitatiboa sustatzea funtsezkoa da. Eta atzerritarrei buruzko Legea indargabetu, pertsona guztiak erregularizatu eta lan munduko diskriminazioak ezabatzeko lan egin nahi dugu.
[Datorren hilabetean elkarrizketaren 2. zatia]

ELA zifretan
104.159 2025eko otsailaren 28an ELAn afiliaturik zeuden pertsonen kopurua. Azken kongresutik % 3,2 hazi da.
49.722 ELAn afiliaturik dauden emakumeen kopurua. Aurreko kongresuan baino % 6,9 gehiago.
7.651 Euskal Herrira migratu eta bertan bizi diren ELAko afiliatuen kopurua. Azken kongresutik % 43,3 hazi da. Migraturiko emakumeak 4.053 dira, duela lau urte baino % 50.9 gehiago.
9.568 ELAko ordezkarien kopurua Hego Euskal Herrian (ordezkaritza osoaren % 35,80). Euskal Autonomia Erkidegoan 7.962 ordezkari (% 40,47) eta Nafarroako Foru Erkidegoan 1.606 ordezkari (% 22,77). 4.024 ordezkari emakumeak dira (% 42,16).

% 93,7 da ELAren autonomia ekonomikoa. Bere diru sarrera guztien % 92,25 afiliatuen kuotetatik jasotzen du.
27,10€ da hileko afiliazio kuota.
1.450,27€ da 3 egun baino gehiagoko grebetan, lanuztea egiten ari diren afiliatuek borrokan iraun ahal izan dezaten hilean jasotzen duten diru kopurua (edo greba egun bakoitzeko dagokien proportzioa).
Ia 100 dira urtero ELAk ekintza sindikalaren bidez lan zentro ezberdinetan lortzen dituen garaipen kolektiboak.
39.759 dira 2021-2024 epean lan eta bizi baldintzak defendatzeko ELAren Zerbitzu Juridikoetan irekitako espediente juridiko kopurua (urtean 10.000 espediente inguru).

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude