Seaskako bigarren mailetako lizeo eta kolegioetako 200 irakaslek “Baldintza horietan Nik ez!” eta “Azterketak Euskaraz!” aldarrikapena plazatu dute gaur Baionan.
Brebetako azterketetan ikasleek euskaraz erantzuten ahalko dute, baina galderak frantsesez izatea inposatu nahi du lehen aldiz ministeritzak. Gertaera horrek, ikasle euskaldunak desabantaila egoera batean ezartzen ditu frantsesez erantzungo duten ikasleekin konparatuz, frantsesez erantzuten dutenek galderan eta dokumentuetan ageri diren erranaldiak baliatzen ahalko baitituzte, eta euskaraz erantzunen dutenek ez, ikasle euskaldunek beren baitarik itzulpena egin beharko baitute. Egoera horrek urduritasuna sortzen du ikasleengan, eta desabantaila egoera batean kokatzen ditu frantsesez erantzungo dutenen aitzinean.
Baxoan aldiz, urteetan euskaraz ikasi dutena frantsesez adierazi beharko dute ikasle euskaldunek eta horrek ere euskaldunak diskriminazio egoera batean kokatzen dituela salatu dute.
Oroit azken urteetan, dozenaka irakaslek desobedientzia egin dutela, azterketak zuzentzea ukatuz, ikasle euskaldunek ezin zutelako euskaraz erantzun.
Eta hainbat irakasle ekonomikoki zigortu izan dituzte horregatik.
Bestalde, aste honetan Iñaki Etxaniz eta Max Brisson parlamentarien galderei erantzunez, Belloubet ministroak aitzakia berri bat atzeman du, Brebetako azterketen galderak frantsesez inposatzeko. Galderak eta dokumentuak frantsesez ez diren beste hizkuntzetara itzultzeak, azterketaren konfidentzialtasuna arriskuan ezartzen omen du Ministroaren ustez. Zerataratua den ministeritza, bere funtzionario itzultzaileen profesionaltasuna dudan ezartzeraino… Onartezina. Desolagarria.
Ikus Ministroaren erantzuna 01:13 :00 :