Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Joan den urtarrilaren 29an, Hind Rajab, sei urteko palestinar neska bat ahaide batzuekin auto batean zebilen Gaza hirian borroketatik ihes egin nahian. Karrika batean israeldar armadako tanke batzuen aitzinean gertatu ziren eta tirokatuak izan. Hind hastapenean bizirik ateratu zen, sokorritzaileei egindako telefono deiak frogatzen duenez, gainerako 6 bidaiari hilak ziren bitartean.
Hinden eta haren familiako hainbat kideren aztarnak aurkitu zituzten otsailaren 10ean, Tel al-Hawa auzotik joan zirelarik tanke israeldarrak. Hind salbatzera bidaliak izan ziren Palestinako Ilargi Gorriaren bi sokorritzaileen gorpuzkiak atzeman zituzten ere, anbulantzia Hinden autotik hurbil tirokatua izan zen. Geroztik, Hind Rajab-en telefono deia jaso zuen ospitaleko telefonozainak lekukotasun hunkigarria utzi du, hiru oren egon baitzen gaztearekin telefonoan, hiltzearen egunean.
Gertakaria aipatua izan da, Estatu Batuetako presidentea behartua izan da ere inkesta bat galdegitera afera argitzeko; mementoan ondoriorik ez israeldar agintarien aldetik. Hind bilakatuko da seguraz ere Israel-eko Estatuak daraman izariz kanpoko ofentsibaren sinbolo bat; azken orduetan beste masakre bat antolatzen ari dira Rafah eskualdean, Gazako biztanleriaren parte handi batentzat azken babes toki bihurtu den hirian.
Aipatzen da Israelek adimen artifiziala erabiltzen duela bere gerla eramateko, bereziki “Habsora” izengoitiz ezaguna den programa informatikoa. Sistema horrek datu andana biltzen du, ondotik helburu batzuk jomugatzat hartzeko. Adituek diote kalkulatzen duela aitzinetik “alboko kalteak” zenbatekoak izanen diren; erran nahi du zenbat zibil erahilak izanen diren. Adimen artifizialak ez du gaizkileen nortasuna zorrozki baieztatzen baina datu multzo bat kontuan hartuz (kokapena, ekipamendua, adina, sexua, etab.), jomugak proposatzen ditu, hori deitzen dute “gerla garbia“…
Algoritmoz betetako mundu horretan, ondorio beldurgarriak jasaten ari ditugu; zundaketa bat egin eta gero inguruan ditudan gazteen artean, konturatzekoa da erabiltzen dituzten sare sozialetan Hind-en kasua ez dutela baitezpada entzun. Egia da ohiko komunikabideetan gertakari latz hau aipatua izan dela, Hinden argazkia ere argitaratua hainbat egunkaritan, baina Tik tok bezalako sareetan guti agertu da. Iduri luke beraz algoritmoek hautuak egiten dituztela… Adimen artifiziala erabilia da gero eta gehiago gure bizian; duela guti, ikerketa batek ondorioztatu du pantailen erabilpen masiboak enpatia kentzen diola gizakiari. Baliagarri litzateke «homo numericus»-aren garaiaren ondorioak gogoetatzea. Adimen artifizialaren aitzinean eta orokorki pantailen inbasio masiboaren aitzinean, abertzaleek ere badute zer erran. Noski, inposatua zaigun mundu numerikoak baditu alde baikorrak, baina desafio handiak ere. Burujabetza aipatzen delarik, garatzen ari den mundu indibidualista eta bitariko horren aitzinean, euskal identitateak edo kulturak eskaintzen dituzten elkartze edo trukatze espazioak zubiak bilakatu behar dira.