Nor gira ?

Webgune hau aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsionea segitzen eta osatzen duena.

1960an sortua, Ipar Euskal Herriko borroka abertzalearen historiaren parte handi bat da Enbata. Harek ditu lehen ekintza antolatuak burutzen – batez ere 1962 eta 1963ko Itsasuko Aberri Egunak-, Estatu Frantsesean kokatua den Euskal Herriko zatian mugimendu abertzalea sortarazi du.   Enbata lehen garai batez kazeta eta mugimendu politikoa da aldi berean.

1974an barne ministroak Enbata debekatzen du “lurralde nazionalaren osotasunari erasotzea” leporatuz, iritzi delitu hutsa beraz.. Enbata Europa federal batean zazpi probintzien bateratzearen alde lan egiten ari delarik, paradoxikoki “separatista” izaiteagatik hetsia da.

1975etik goiti Enbata berriz argitaratzen da, kazeta gisa bakarrik, edozoin alderdi politikoren menpe izan gabe, nahiz eta ezker abertzalearen ildo editoriala segitu duen hastapenetik.

1968ko urritik goiti astekaria izan da, hastapenean bezala hilabetekari izaiterat itzultzen da 2013ko martxoaren 28az geroztik, bederen bere paperezko bertsionearentzat. Itsasuko Aberri Eguna sortzailearen 50garren urtebetetzea hurbiltzen zelarik, hausnarketa sakona egin ondotik, Enbata-k geroari buruzko parioa egin zuen eta numerikoaren bihurgunea hartzen du publiko berrien hunkitzeko helburuarekin, batez ere Ipar Euskal Herrian mende erdi bateko borroka abertzaletik datozen belaunaldi gazteak. Alabaina, Euskal gatazkaren milaka eta milaka militante, 1963an ziren hamar bat aintzindarien laguntzerat eta indartzerat etorri dira.

Interneteko bertsionea aldiz astekaria da. Astekari horren burutzea, 2006ko urtarrilaren lehenetik  landa Enbatan 4 orrialdeko kahierra animatzen duen Alda taldeak bere gain hartzen du, beti estrategia abertzalearen eztabaidaz eta produktibismoari eta kapitalismoari alternatiba sozial eta ekologikoetaz arizanez.

Zure urteko harpidetzak (hilabetekariari) proiektu editorial osoa diruztatzen du, hau da paperezko hilabeteko bertsionea eta interneteko astekaria.

Gisa hortan, belaunaldi guzien artean, heldu diren 50 urteetako bidea elgarrekin hartzen dugu gaur egun. Hitzodua finkatua da beraz 2063an, Euskal Herri euskaldunaren zerbitzuko, populu libre eta solidarioen Europa bateratuaren alde, bidezkoa, ekologikoki iraunkorra, bakezalea eta demokratikoa den jendartearen aldeko mende erdi bateko lanaren bilan kolektiboa egiteko.

Enbata.info